FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. TXAPELDUNEN LIGAKOA BERRIZ

Vila-real menderatu ostean, GAUR Betisen etxean ezustekoa eman eta Roazhaunera konfiantzaz gainezka abiatu nahi dute Osasunako jokalariek

2005eko irailaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lehen jardunaldian modako taldearen aurka jokatzea egokitu zitzaion Osasunari, eta Txapeldunen Ligan ari den Vila-real mendean hartu zuten gorritxoek. Bigarren jardunaldian ere Txapeldunen Ligan ariko den beste aurkari bat izango dute nafarrek: ekainean Espainiako Kopako finalean gorrien aurkari izan zen Betis futbol taldea. «Vila-real eta Betis oso antzeko taldeak dira, baloia dotore erabiltzen dute, kalitate handiko jokalariak dituzte, udan ondo fitxatu dute, eta biak ariko dira aurtengo Txapeldunen Ligan. Ez dugu neurketa erraza izango, eta Vila-realen aurka baino akats gutxiago egitea nahiko nuke», esan zuen atzo Javier Aguirrek. Amaierako emaitza Vila-realen aurkakoa bezalakoa baldin bada, sailkapenaren goiko muturrean jarriko dira mexikarrak zuzentzen dituen mutilak.

Aste honetan Betisek Txapeldunen Ligan aritu behar du, eta, hain zuzen ere, horregatik jokatuko dute gaur gauean. Lorenzo Serra Ferrerren taldeak asteartean ekingo dio Europako lehiaketa nagusiari, eta lehen aurkaria ez dute nolanahikoa, gainera: Rafa Benitezen Liverpool, azken txapelduna. «Astearteko lehian pentsatzen hasiak izango direla argi dago, baina fitxaketa onak egin dituzte udan, eta, jokatzen duenak jokatzen duelarik ere, maila ona emateko moduko taldea izango dugu aurrean», esan zuen atzo Aguirrek. Astearteko hitzorduak Betisi gaur begiak lainoztatuko dizkionik ez du uste mexikarrak. Ez dabil oker. Betisek galdu egin zuen lehen jardunaldian Valentziaren zelaian, eta etxeko lehen norgehiagokan sasoiko lehen hiru puntuak batzea izango dute helburu Betisekoek. Ez dute ezer oparituko.Osasunaren historiako final bakarrean nafarren borrero izan zen taldearen aurka jokatzeak ez du eraginik izango, ordea, gorritxoen entrenatzailearen ustez. «Finalaren oroitzapena oso gertu dugu oraindik, baina ez goaz gorrotoz beteta eta mendeku gosez», esan zuen atzo Aguirrek. Gainera, Osasunak finalean zelairatu zituen hamaikakoan zeuden gizonetatik askok ez dute jokatuko gaur Ruiz de Loperan. Mexikarrak atzo aurreratutakoaren arabera, finala hasi zuten jokalarietatik Puñal eta Delporte soilik izango dira gaur hasierako hamaikakoan. «24 jokalari ditut plantillan, eta edonork joka dezake; ezin da inor lasaitu, eta denak prest izan nahi ditut beti. Kopako finalarekin alderatuta, zortzi aldaketa izan ziren Vila-realen aurkako lehen jardunaldian, baina taldeak ondo funtzionatu zuen hala ere», adierazi zuen atzo gorritxoen entrenatzaileak. Nolanahi ere, mexikarrak ez du erabat argi zein izango den Betisen aurkako hasierako hamaikakoa. Zelai erditik aurrera, Vila-realen aurka aritutako gizon berberak aterako ditu gaur ere mexikarrak, baina atzealdean Ricardo edo Elia eta Cuellar edo Krutxagaren arteko zalantzak ditu Aguirrek.

UEFAn, 'Reyno de Navarra' leloa izango dute elastikoan

Bestalde, Patxi Izko presidentea ere agertu zen atzo goizean hedabideen aurrean, klubaren ekonomiari buruz eta UEFAko lehien inguruan mintzatzeko. Osasunako presidenteak argitu zuenez, «hilaren 27ko batzar orokorrean 1.788.000 euroko superabita aurkeztuko dugu». Pablo Garciaren salmentak, Espainiako Kopako finalean sailkatzeagatik lortutako telebista eskubideek eta Taxoareko lursail erosi berrien zati baten salmentak diru freskoa utzi dute nafarren diru kutxa behartsuetan, eta Izko presidente denez geroztik lehen aldiz sasoi bat irabaziekin amaitu ahal izan du Osasunak. Gainera, Izkoren esanetan, «orain urtebete baino ia 4 milioi euro txikiagoa da egun klubaren diru zorra». Izko presidentetzara iritsi zenean 20 milioi ingurukoa zen zorra, baina, iaz 32 milioi euro inguru zor zituztenez, 28 milioi euro inguruko zorra dauka gaur egun klubak.

Zorra murrizteko balioko duen beste egitasmo bat ere aurkeztu zuen Izkok: «Europan jokatuko ditugun partidetan Reyno de Navarra.Tierra de diversidad leloa eramango dute elastikoan jokalariek, Nafarroako Gobernuarekin akordioa lortu baitugu, gero Sadar estadioaren izena aldatu edo ez», ziurtatu zuen atzo presidenteak. Horrez gain, Stade Roazhaunen aurka jokatu beharreko kanporaketako bi norgehiagokak ia seguru Canal 6 telebistak emango dituela esan zuen, eta datorren ostegunean Roazhaunen 800 osasunazale inguru izango direla ere baieztatu zuen. Itzulerako lehian bazkideek ez dute sosik ordaindu beharko, eta bazkide ez direnek 10 eta 30 euro bitartean ordaindu beharko dute sarrera baten truke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.