FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. Zergatik ez gozatu?

Zaragozaren aurka emandako itxura kaskarraren ostean, Realak konfiantza behar duela entzuten da Zubietan. Gaur bera bezala, edo okerrago, dagoen aurkaria izango du aurrean, Mallorca

Xabier Lopetegi.
2004ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Konfiantza. Ahoz aho ibili da hitz hori Zubietan azken hiru asteetan. Denek nabarmendu dute horren garrantzia. Egia da Realak bere indarrean fedea behar duela aurrera ateratzeko, eta egia da, neurri batean, emaitza onak lagungarri direla konfiantza hartzeko. Baina neurri batean bakarrik; Atletico Madrili irabazi ostean, adibidez, etengabe esan zuten taldeak konfiantza gehiagorekin egingo ziola aurre Zaragozako partidari, baina Romaredan ere Liga hasiera honetan ikusi dugun talde ahul bera ikusi genuen, hasieran behintzat. Izan ere, konfiantza hartzeko, emaitzak onak dira, baina horiek ez dira etortzen ongi jokatu gabe; eta horixe behar du Realak, ongi jokatu, horrek ekarriko dizkio-eta emaitzak eta konfiantza. Realak ez du orain arte partida biribilik egin, ez du jokoan gozatu, eta ez du jakin neurketa hasi eta buka ongi eramaten. Aukera ezin hobea dauka horretarako gaur, etxean, krisialdi betean dagoen talde baten kontra, Mallorcaren kontra.

Amorrortuk, gainera, erasoko jokalari guztiak zelairatu ahal izango ditu, Liga hasi zenetik lehenengo aldiz, De Paula eta Xabi Prieto jokatzeko moduan izango dira eta. Aurrelari durangarrak partida bat baino ez du jokatu Ligan, lehenengo jardunaldian (bigarren zatian sartu zen). Ordutik, deialdietatik kanpo geratu da. Hura itzultzeak mesede handia egingo dio taldeari, golak sartzea asko kostatzen ari baitzaio, eta De Paula, zerbait izatekotan, golegilea da: bera da Realean Kovacevic ordezkatzeko ezaugarriak dituen bakarra. Arazo fisikoak gainditu dituela ziurtatu du durangarrak, eta prest azaldu da taldeari «golak sartzen» laguntzeko.De Paulak ez du hasieratik jokatuko, eta Xabi Prietok ere ez, entrenamenduetan ikusitakoari erreparatzen badiogu, behintzat. Dena den, Amorrortuk ez du baztertu hamaikakoan aldaketak egitea, eta ez litzateke harritzekoa izango erdilari gazteak Karpinen tokia hartzea, errusiarra ez dabil-eta oso fin erasoan. Racingen kontra egin bezala, baliteke entrenatzaileak Prietoren abiadura eta freskotasuna baliatu nahi izatea. Besaburuan zuen lesioa ondo sendatu zaio, eta jokatzeko irrikan dago: «Taldea gauzak erraz egiten saiatzen da, baina batzuetan ondo dator inprobisatzea, arerioak espero ez dituen gauzak egitea», azaldu zuen duela gutxi.Defentsan, berriz, aldaketak egitera derrigortuta dago Amorrortu. Jauregiri ez zaio osatu iskiotibaletan zuen gainkarga, eta Mikel Labakak ordezkatuko du defentsaren erdian. Lehen Mailan estreinakoz jokatuko du azpeitiarrak, Luiz Albertorekin. Iaz Murtzia Hirian jokatu zuen, utzita, eta maila polita erakutsi zuen. Amorrorturen zerrendan azken zentrala da, baina Brecheten eta Jauregiren lesioek hasierako hamaikakoan sartzeko aukera emango diote gaur. Mikel Azparren ere, bigarren taldeko zentral ezkerra, deialdian sartu da; ez da lehenengo aldia, iaz ere eseri zen-eta aulkian, Real Madrilen kontrako partidan. Fisikoki indar handiko jokalaria da, eta baloia atzetik kontrolatuta ateratzea omen du gustuko.Gainerakoan, azken lau partidetako jokalariak zelairatuko ditu Amorrortuk, orain arteko eskema berarekin. Izerdia bota beharko dute Alonsok eta Aranburuk, Benito Florok bost gizoneko erdilari lerroa sartuko duelako. Realeko euskarrien jokoa itotzen saiatuko da Mallorca.

Realeko entrenatzaileak denbora asko eman du aste honetako saioetan taldearen mugimendu taktikoak lantzen eta zuzentzen. «Oraindik hutsak egiten ditugu partidetan. Zenbait arlotan hobera egin behar dugu, talde fidagarria izaten ahalegindu behardugu», esan zuen herenegun. «Orain arte garrantzi handia eman diogu baloirik gabe jokatzeari, baina, agian horregatik, jokatzeari uko egin diogu baloia eskuratu dugunean». Gaurko partidak garrantzi handia duela ohartarazi zuen: «Ez dut final bat bezala hartzen, baina asko dago jokoan. Kale egiteak egoera larrian sartuko gintuzke».

Taldearen egoerak ez ezik, jokalari batzuei buruz esan direnek ere kezkatzen dute Amorrortu, Rekartek jaso dituen kritikek, adibidez: «Ez dugu jarri behar arreta guztia jokalari jakin batek egiten duenean, are gutxiago gure klubean eredu diren jokalariek egiten dutenean».Mallorcak ere, Realaren gaurko aurkariak, badu zertaz kezkatu. Realaren antzera dabil, sailkapenean ere beheko aldean dago, bost punturekin, eta, Reala bezala, golak ezin sarturik ari da, defentsan hobeto erasoan baino. Mallorca aldean, ordea, giroa Donostian baino aldrebestuagoa dago. Aho batez eskatu dute Benito Flororen dimisioa hiriko alkateak ere bai, baina Alemany presidenteak konfiantza osoa azaldu dio.Flororen erabakiek bainoago, Eto'o Bartzelonara joateak egin dio min Mallorcari. Klubeko izar eta ikurra galdu du, desorekatzeko ardura zuen jokalaria. Ibagaza argentinarraren falta ere sumatzen dute Son Moixen. Haatik, fitxaketa onak egin ditu uda honetan Jorge Lopez eta Farinos erdilariak eta Muller atzelari suitzarra, besteak beste, eta dirudien baino talde arriskutsuagoa da. Beraz, erne ibili beharko du Realak, batez ere Jorge Lopez eta Luis Garcia defenditzerakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.