Futbola ez da jokalariena bakarrik

Aitor Manterola Garate.
2010eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Entrenatzaileen beharra. Futbola jokalariena omen. Hala esaten dute batzuek. Jokalariek jokatzen dute, eta, alde horretatik begiratuta, ondo esana dago. Baina entrenatzaileon lana gutxiesten dela ere ematen du aditzera. Alferrik bageunde bezala. Baina entrenatzaileak beharrezkoak dira. Oso beharrezkoak. Berak erabakitzen du zelaian zer ikusiko den. Eta, gero, jokalariek erabakitzen dute zer gertatuko den. Aginduak gauzatzea dagokie jokalariei, baina agindua norbaitek eman behar izaten du. Eta egundoko garrantzia du agindua zuzena izateak. Okerra bada, akabo. Duela bi egun, bete-betean asmatu zuten Caparrosek eta Lasartek. Camachok ere garbi utzi du bera beharrezkoa dela taldearen ibilian.



Emaitzaren araberakoa. San Mamesen, bi Athletic ikusi zituzten zaleek. Lehen zatikoa eta bigarrenekoa ez ziren berdin-berdinak izan. Bizi-bizi ekin zion lehiari etxeko taldeak. Baloia galtzen zuenean, Getaferen atzelariei presio handia egiten zien. Baloia azkar batean berreskuratzen zuen, eta, bide batez, erritmoa bizitzeko funtsezkoa izan zitzaion presioa. Bi gol sartu zituen, eta bietan, jokaldiaren muinean, presioa dago. Presioa, eta ondorioz, baloia lapurtzea. Ia-ia, espainiarren area handiaren gainean. 2-0. Bigarren zatian, beste eredu bat hautatu zuen Caparrosek baloirik gabeko lana egiteko. Ez zuen goian presio egin taldeak. Atzerago joan zen. Bere zelaian sartu zen. Helburua hauxe: kontraerasoa. Jakinik Getafek joko ez zuzena egiten duela, baloiaren jabetzan oinarrituz, oso erabaki ona hartu zuen entrenatzaileak. Emaitzaren arabera jokatzea da hori. Pragmatikoa izatea.



Baloia eta presioa. Bolada luzeegia zeraman Realak etxetik kanpo irabazi gabe. Nahiz eta etxetik kanpo irabaztea batere erraza ez izan, bide batez esanda. Taldeak gauza batzuk ez zituen ondo egiten Anoetatik urrun. Partidak joan eta partidak etorri. Halakoetan, entrenatzaileok zerbait aldatu beharra izaten dugu. Hausnartu, pentsatu, erabaki eta aldatu. Lasartek hori dena egin zuen. Kendu zituen Rivas eta Aranburu, eta jarri Markel Bergara eta Elustondo. Baloia galtzen zuenean, taldeari beti atzera ez joateko agindua eman zion. Malagaren euskarriei presioa egiteko. Baina hori lortzeko, ezinbestekoa da baloia leku horretara eramatea, eta Realak eraman zuen. Hortaz, bi gauza aldatu ziren etxetik kanpoko beste partidekin alderatuz: baloiaren jabe eginez, gorago kokatu zen taldea, eta baloia galtzen zuenean, goi samar presionatzeko aukera izan zuen.



Entrenatzaile eta motibatzaile. Camachoren ustez ere entrenatzaileak oso beharrezkoak dira futbolean. Halaxe eman zuen aditzera herenegun iluntzean, Santanderren astindua jaso ondoren. «Nire ardura da jokalariak motibatzea, eta ez dut ondo asmatu horretan», aitortu zuen. Agian, jokalariei ardura eta zama kentzeko esan zituen hitzok, presio osoa bere gain hartzeko asmoz. Baina entrenatzaileon beste lan baten berri eman zuen Osasunako entrenatzaileak. Jokalariak motibatzea ere guri dagokigu. Hala da, baina ez al da gogor samarra jokalari profesional bat beste pertsona batek motibatu behar izatea? Futbolean jokatzeak behar luke izan aski motibagarri. Izan profesionala edo ez izan. Baina ez da horrela, eta entrenatzaileon beharra izaten dute jokalariek. Itxuraz, denak ez dira beren kasa motibatzeko gai. Eta entrenatzaileok lagundu behar izaten diegu. Arlo horretan bai izan beharko litzatekeela futbola jokalariena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.