FUTBOLA. Lehertzeko prest daude

Athleticek eta Bartzelonak Espainiako Kopako finala jokatuko dute gaur, Valentziako Mestalla futbol zelaian

Unai Zubeldia. Berriemaile berezia. Valentzia
2009ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
«Finala irabazi egingo dugu». Fernando Llorenteren adierazpenak dira horiek, herenegun La Calderona hotelean egindakoak. «Oso berezia eta harrigarria da egoera hau». Horregatik sortu da hainbesteko ikusmina, oso partida berezia delako Athleticentzat. Baina, berezia dela barneratuta ere, normala da jokalariak ere harrituta egotea, izugarrizko babesa jasotzen ari baitira. Athletic-Bartzelona, Espainiako Kopako finala jokatuko da gaur Valentziako Mestalla estadioan (Herrialde Katalanak). Azken hilabeteotan sortu den sentimendu zuri-gorria lehertzeko garaia heldu da. Zaleek erakustaldia eman dute Bilbon zeinValentzian, eta jokalarien ordua da orain. Jende gehiegi dago euren zain. Ezin dute huts egin.

25 urte igaro dira jada Athleticek azkeneko aldiz Espainiako Kopa irabazi zuenetik. Bartzelonak, berriz, denboraldi honetan zale guztiak txunditu dituen talde ikusgarri horrek, 1998an irabazi zuen azkenekoz Kopa. Denbora gehiegi da hori den-dena irabazi nahi izaten duen talde handi batentzat. Horregatik eman dio Pep Guardiola Bartzelonako entrnatzaileak berebiziko garrantzia txapelketa horri. Espainiako Liga irabazi izana ospatzen hasi zen Bartzelona joan den igandean, Vila-realen aurka 3-1 irabazten ari zenean, baina, gauzak nola diren, Athleticek fitxatu nahi izan zuen jokalari batek zapuztu zuen kataluniarren ametsa. Joseba Llorentek gol ederra sartu zuen luzapenean -aurretik beste bat ere sartu zuen-, eta beste astebetez bizirik mantendu zuen Liga.

Baina partida hura ez irabaztea izan zen gutxienekoa kataluniarrentzat. Thierry Henry eta Rafa Marquez min hartuta daude -Gabi Milito eta Albert Jorquera ere bai-, Eric Abidali txartel gorria atera zion epaileak Vila-realen aurkako partidan, eta Andres Iniesta ere lesionatu egin zen. Hasierako hamaikakoan aritzen diren lau jokalari garrantzitsu harmailetan geratuko dira gaur, eta Athleticen inguruan ilusio berezia sortu du Iniestaren lesioak. Bartzelonak, gainera, liga irabazi nahiko du igandean, Mallorcaren etxean -Real Madrilek larunbatean Vila-realen etxean irabazten ez badu, euren partida hasi baino lehen txapeldun izango dira kataluniarrak-. Eta hilaren 27an, berriz, Txapeldunen Ligako finala jokatuko du Erroman Manchester Uniteden aurka. Hainbeste final eta garaikurrekin, Espainiako Kopa alde batera utziko ote duten itxaropena daukate zale zuri-gorriek.

Argi dago Bartzelonak denboraldiko lehen titulu garrantzitsua irabazteko helburu argia izango duela gaur. Baliteke Messi aulkian geratzea, baina Xavi eta Eto'o, esaterako, hasieratik ariko dira. Hala ere, konfiantza handia nabari da Athleticeko jokalarien hitzetan eta ekintzetan. Aste osoan behar bezala lan egin dute La Calderona Valentzia kanpoaldean dagoen luxuzko gunean, eta ez daukate koparekin etxera itzuli arteko onik. Ligan etxeko lanak eginda, bete-betean ariko da Athletic gaur. Guardiolak ere onartu du hiru hilabetez aritu dela Athletic finala prestatzen, eta eurek ez dutela pentsatzeko denborarik izan. Baina Bartzelona da faborito argia. Datuak hor daude: sei aldiz jokatu dute elkarren aurka Kopako finala; 1932an eta 1984an Athleticek irabazi zuen, eta 1920an, 1942an eta 1953an Bartzelonak.

Partida «fisikoa»

Ezker-eskuin hegaletan nor zelairatu, zalantza hori edukiko du Joaquin Caparrosek azken unera arte, baina hamaikako indartsua izango da, hala ere, zelaian. Iraizoz atepean, Iraola, Ocio, Amorebieta eta Koikili atzean, Javi Martinez eta Orbaiz euskarri postuan, Yeste eskuinetik, David Lopez ezkerretik, eta aurrean Llorente eta Toquero. Nestor Susaetak, hala ere, badu ere aukera jokatzeko David Lopezen postuan.

«Fisikoki indartsuagoak gara. Oso partida fisikoa egin behar dugu». Fran Yestek argi dauka nola jokatu behar duten gaur. Bartzelonak neke handia pilatu du azken asteotan, Kopako eta ligako partidez gain, Txapeldunen Ligakoak ere jokatu behar izan baititu. Oso kanporaketa gogorra izan da, gainera, Chelsearen aurkakoa, eta pilatutako neke horren ondorioak nabaritzen hasi da une honetan. Edonori errespetu handia sortzeko gai dira, ordea, Messi, Eto'o, Xavi eta gainerakoak.

Baina arerioaren izena ahaztuta, eta partida bakarrean inor baino gutxiago ez direla sinetsita, Fernando Llorentek izango duen garrantzia azpimarratu, eta orain 25 urteko balentria berdindu nahi du gaur Athleticek. Lehertzeko prest daude zaleak. Jokalarien azken ahalegina falta da.



Partidako giltzak

1. Zelai erdiko presioa. Athleticek goi-goian hasi beharko du presioa, bi aurrelariekin, Bartzelonaren sormen lana eta zelai erdiko jokoa itotzeko.

2. Llorenteren jokoa. Athleticek zuzen jokatuko du, eta erabakigarria izango da Llorenteren lana, golak sartzeko eta aukera argiak sortzeko.

3. Pilatutako nekea. Bartzelonak neke handia pilatu du, eta Athleticek horretara bideratu beharko du jokoa.

4. Zaleen babesa. Bi taldeek babes handia izango dute harmailetan, baina Bartzelonarentzat titulu txikia da Kopa, eta Athleticentzat izugarria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.