Futbola matematika bihurtzen denean, zenbaki oro da aldrebesa; Thalesen teoremak ez du balio eta Pitagorasen formulak ez dira baleko. Hamazazpi partida jokatu ostean, Reala zenbakiez izu da eta ilusioa atzerako kontaketa bihurtu da.
Futbola, finean, arerioak baino gol gehiago sartzea da. Realak 16 gol erdietsi ditu hamazazpi partidatan, eta 26 jaso. Futbola, finean, partidak irabaztea da. Realak ligako azken bederatzi partidetan ez du bat bera ere irabazi. Liga txapelketa, finean, ahalik eta puntu gehien batzea da. Realak hamazazpi partidetan 15 besterik ez ditu lortu.
Zenbaki orok etsipena eragiten du aurtengo Realean. Iazko denboraldiaren aurrekoetan ere realzaleek majo sufritu zuten, baina aurtengoaren pareko makalaldirik aspaldian ez da izan Donostiako taldean. 1967-68 ligara so jarri behar gara 17 partidaren ostean hain puntu gutxi dituen Realarekin topatzeko. 14 zituen liga hartan, baina garaipenak bi puntu balio zituen, 19 puntu, beraz, oraingo kontatzeko moduarekin. 1961-62 denboraldian gaurkoaren pareko egoera bizi zuten. Hamaika puntu zituen Realak (14 garaipenak hiru puntu kontatuta) eta liga amaieran lehen mailari agur esan behar izan zion bost urterako.
Ezer ez da berdin
Aurten halakorik gerta ez dadin garaiz da oraindik Denoueixen taldea. Iazko denboraldiaren aurretik izandako hiru denboraldietan gertatutakoari erreparatuz gero, behintzat. Hiru denboraldi horietan gaurko antzeko egoeran zen Donostiako taldea. Orduan, hamazazpigarrenetik liga amaiera arte zazpi partida besterik ez zituen galdu Realak eta lehen mailari eustea lortu zuen. Denbora ere matematika da, ordea, eta atzo Roberto Olabek ohartarazi zuen denbora ere amaitzen ari zaiola Realari.
Iazko Reala gogoan dugu denok, Olabek ahazteko gomendioa egin zuen, ordea: «Izan ginena ahaztu behar dugu, errealitate bakarra garena baita». Izan ere, iaz haur jolasa zirudiena aurten ezinezko ariketa da. Realeko jokalarien izena eta zenbakia bera da, baina ezer ez da berdin. Nihatek gerri buelta guztiak txikitu zituen iaz, eta aurten bereari eusten nahikoa lan badu. Darkok baloia usaindu orduko atera bidaltzen zuen, eta aurten suturra itxita du. Karpin baloia jaso orduko korner inguruan zen erdiratzeko prest, eta aurten, Aitor da gora hegaletik iristen den bakarra. Eta matematikek iazkoaren eta aurtengoaren arteko aldea azaltzen dute. 33 gol sartu zituzten iazko Realeko jokalariek eta 20 jaso. Iaz alde zena aurten aurka da. Urtea hastearekin bat, jokalari berriak erosteko aukera irekiko da. Udan ekarri zituztenek ez dute bestelako indarrik ekarri. Lee-k iazko Nihatek adina korrika egin behar zuen, baina ez du egiten. Potillon ere ekarri, ekarri zuten. Urtarrilerako beste atzelari baten beharraz mintzo dira asko, eta agian beharko da. Baina, fitxaketak ez dira matematika. Fitxatzea ez da zientzia zehatza eta sailkapena bai. Eta liga txapelketako sailkapenaren matematikak ekainean azken hiru postuetan daudenak bigarren mailara doazela dio. Eta ligako ekaineko matematika azterketa bakarra da, Realak ez du iraileko bigarren aukerarik.
REALA. FUTBOLA
Futbola matematika denean
Atzerako kontaketa bihurtu da hasierako ilusioa zena. Gabonetako oporretara jaitsierako postuetatik urruntzeko kalkuluak eginez iritsi da reala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu