FUTBOLA. TXAPELDUNEN LIGA. Galaxia berriaren mehatxua

Gaur hasiko da Txapeldunen Ligako ligaxka. Finala Santiago Bernabeu estadioan jokatuko dela kontuan hartuta, begi guztiak Real Madril eta Bartzelonaren inguruan pausatuko dira.

2009ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Real Madrilek aspaldiko hierarkia berreskuratu nahi du, eta horretarako itzuli da Florentino Perez baloiaren planetara. Merkatuaren muga guztiak hautsi ditu boterea berreskuratzeko ahaleginean. Maiatzaren 22an Santiago Bernabeu estadioan jokatuko den finala -larunbatean, aurrenekoz- begiz jota dauka. Bartzelonak irinetan zuritu zuen Real Madril joan zen denboraldian. Inoiz baino tristeago geratu ziren espainiarrak:titulu eta jokorik gabe.

Bartzelonaren nagusitasuna zapuzteko, goitik jo dute. Florentino Perez ahalguztiduna itzuli da, eta harentzat, dirua ez da arazo. Krisi garaian bankuetako ateak zabalik dituen bakanetakoa da. Real Madril boterearen paradigma da. Eskura izan dituen munduko jokalaririk onenak eraman ditu, lekuz kanpoko dirutza ordainduta. Taldea izarrez bete eta aurkari zuzenak ahuldu ditu. Galaxia berriaren sorrerak futbolaren ordena alda dezake.

Dotorezia berreskuratze aldera, Kaka eta Xabi Alonsorenak izan dira fitxaketarik onenak. Gainera, hamar urterako golegilea eskuratu dute Karim Benzemarekin, eta zurikerietan ez ibiltzeko, munduko futbolaririk entzutetsuena kendu diote Manchester Unitedi: Cristiano Ronaldo.

Real Madrilek ez du aitzakiarik. Manuel Pellegrinik eta haren jokalariek ez dute barkamenik izango beste urtebete esku hutsik geratzen badira.

Odol freskoa behar zuen Bartzelonak erronka berriei gose handiagoz ekiteko. Pep Guardiolak arrisku handia hartu du Samuel Eto'o Interrera bidali eta Zlatan Ibrahimovic fitxatuta. Real Madrilen iraultzari erantzuteko modu bat da, goi mailako aldagai ezberdin bat taldean sartuta. Eto'ok izugarrizko eragina izan du Bartzelonaren bilakaeran. Talde jokalaria izan da, ororen gainetik. Ibrahimovic bide horretan sartzea da entrenatzailearen aurtengo lehen erronka. Hori lortzen badu, ez da suediarrari itzala egingo dion aurrelaririk izango, dituen eragingarritasuna eta dotorezia kontuan hartuta.

Zozketaren emaitza bitxia izan da. Udan fitxatutako jokalari nagusietako batzuk euren talde ohiekin gurutzatuko dira. Interrek ez du tratu makala egin Bartzelonarekin, Ibrahimovicen truke Eto'o eta 40 milioi euro eskuratu baititu. Kamerundarra dagoeneko hasi da bere zorroztasuna erakusten San Siron. Mendeku gosez da lehoi menderaezina.

Real Madrilek, berriz, Kaka bere altzora ekarrita sekulako mina egin dio Milani, zeina multzo berean izango duen. Rossoneri-ak nostalgiaz bete ditu. Milani herdoila dario aspaldi, eta Leonardo entrenatzaile berriak Alexandre Pato aurrelari bikainari eutsi beharko dio, abenduan Europako Liga delakora erori nahi ez badu behintzat. Didier Deschampsen Olympique Marseilla Italiako taldea estu hartzen saiatuko da.

Ingalaterrako klasikoak

Premier League-ko ohiko laukotea izango da lehian. Chelseak eta Manchester Unitedek dute itxurarik onena. Londresko taldea ate joka izan da azken urteetan, eta Espainiako Ligako bi boteretsuen aurkaririk zitalena izango dela ematen du. Betiko azpiegitura zurrun eta zorrotzari eutsi dio Stamford Bridgeko taldeak, entrenatzailea aldatu badu ere. Carlo Ancelotti, Milaneko entrenatzaile ohia, fitxatu du Roman Abramovitxek. Italiarrak gerra irabazteko moduko arma astunak ditu. Nicolas Anelkak eta Didier Drogbak aurrealdean osatu duten bikotea paregabea da. Begiak itxita ulertzen dute elkar. John Terryk, Michael Essienek, Frank Lampardek, Drogbak eta enparauek aspaldi egin dituzte merituak Txapeldunen Liga irabazteko. Atletico Madril eta Portoren gainetik erraz ibili behar dute euren multzoan.

Manchester United talde garailea da berez: duela bi sasoiko txapelduna eta iazko txapeldunordea; Premier League-ko jaun eta jabe azken boladan. Cristiano Ronaldo eta Carlos Tevez galdu ditu bidean. Baina Alex Fergusonek ez du patxada galdu. Kutxa diruz gainezka dago, benetako beharrak iristen direnerako. Ordura arte, euren metodoari eutsiko diote Old Trafforden. Sasoi honetan Wayne Rooney inoiz baino protagonistagoa izango da, eta erantzukizuna hartu du dagoeneko. Nihat Kavehciren Besiktasi aurre egingo diote lehen partidan. Juande Ramosen talde berria multzo berean da: Moskuko CSKA -Mark Gonzalez txiletarrarekin-. Wagner Love aurrelari brasildarra utzi dute aurten errusiarrek. Bigarren tokirako lehia estua izango da Besiktas, CSKA eta iragan denboraldian Bundesliga ustekabean irabazi duen Wolfsburgoren artean.

Liverpool estu dabil. Xabi Alonsok hutsune handia utzi du zelai erdian. Alberto Aquilani eraman dute Erromatik tolosarra ordezkatzeko, baina aldea dago bi horien artean. Nolanahi ere, Anfieldeko taldeak eskarmentu handia du txapelketa honetan, eta Premier Leaguen baino hobeto moldatzen da.

Olympique Lyon du aurkaririk gaiztoena lehen ligaxka honetan Liverpoolek. Frantziarrek oso ondo erabili dute Benzemaren salmentatik jasotako dirua. Michel Bastos erdilari brasildarra oso gertutik jarraitu behar da, Bafetimbi Gomis aurrelari bortitza bezala. Eta Lisandro Lopez aurrelariarekin bete-betean asmatu dute. Fiorentinaren gainetik beharko lukete Liverpoolek eta Lyonek, baina erne italiarren eskarmentuarekin.

Arsenalek betiko naturaltasunari eusten dio. Arsene Wenger aulkian izanda ez da harritzekoa. Jokalariak galtzen ditu bidean, beste taldeek eramanda edo min hartuta. Baina taldeak bere bidea finkatuta dauka, eta aurrera jarraitzen du. Gazteak dira protagonista Arsenalen. Cesc Fabregas kapitainaren aginduetara, futbola jolas gisa hartzen dute. Han ez da buruhausterik. Aurrelaria galtzen badute -Emmanuel Adebayor, kasu- , harrobira begira jartzen dira, munduko edozein lekutatik ekarritako gazteei ateak zabalduta. Tomas Rosicky txekiarra berreskuratu dute, lesioen sufrikarioa gaindituta, eta hori oso albiste ona da Arsenalen joko dinamikarako. Andrei Arxavin errusiarra da aurtengo berritasun nagusia Europan, eta Manuel Almunia nafarrak jarraitzen du gunners-en atea zaintzen. AZ Alkmaar, Standard Lieja eta Olympiakosekin, joko ikuspegitik, multzo erakargarria osatzen dute ingelesek.

Klasiko boteretsuak

Bayern Munichek, Juventusek, Girondins Bordelek eta Maccabi Haifak lehia estua izango dute. Bavariakoek gaizki ekin zioten sasoiari. Louis Van Gaal dute entrenatzaile. Franck Ribery kili-kolo ibili da orain arte. Entrenatzailearekin gorabeherak izan ditu, baina larunbateko irudia benetakoa bada, adiskidetu direla ematen du, taldearen mesederako. Gainera, Arjen Robben fitxatu berri du Bayern Munichek, jokoari zorroztasuna emateko. Allianz Arenara iritsi, Riberyrekin elkartu, eta sekulakoak egiten hasi dira zelaian.

Juventus indarberrituta dator. Oso bi fitxaketa interesgarri egin ditu zelai erdirako. Biak ala biak brasildarrak, baina arras ezberdinak. Diego erasoko erdilariak bianconeri-en maila teknikoa igoko du. Bikaina da Werder Bremenetik eraman duten jokalaria. Bestea Espainiako Ligan aritu zen, Racingen eta Almerian, Fiorentinara joan aurretik. Orain Brasilgo selekzioaren euskarria da: Felipe Melo. Aurrealdean Amauri-Iaquinta bikotea gailentzen ari da, eta zelai erdian Claudio Marchisio gaztea ederki dabil. Ciro Ferrara jokalari ohiak zuzentzen du denboraldi honetan Juventus.

Girondinsek lanak eman beharko lituzke. Laurent Blancen eskutik Frantziako Liga irabazi zuten azken txanpa ikaragarria eginda. Aurten ere lepo beretik du burua Bordeleko taldeak. Europan koska bat igotzea falta zaio. Bada garaia. Yoann Gourcuff finak gidatuko du taldea erasoan, Fernando Cavenaghi eta Marouane Chamakh bikainaren mugikortasunari etekina ateratzeko asmoarekin. Maccabi Haifak zalaparta sortu nahi du multzoan. Beste hiru horiei puntuak kentzen ahaleginduko dira israeldarrak.

Sevillaren multzoa da denetan irekiena. Espainiarrek lehen tokian beharko lukete, Stuttgartekin borrokan. Alemaniako taldea, Markus Babbelen eskutik, hezur gogorra da. Berez, Glasgow Rangers baino gehiago da, eta Unirea Urzicenik Errumaniako futbolean garai hobeak izan direla erakutsiko du.

Galaxia txiki asko daude boteretsuei erronka jotzeko prest. Finalerako bidea luzea eta gogorra izango da. Zorionez, hainbat proposamen daude lehiarako.



Lehen jardunaldia

GAURKO PARTIDAK

A multzoa

Juventus-Girondins Bordele

Maccabi Haifa-Bayern Munich

B multzoa

Wolfsburgo-CSKA Mosku

Besiktas-Manchester United

C multzoa

Zurich-Real Madril

Olympique Marseilla-Milan

D multzoa

Chelsea-Porto

Atletico Madril-Apoel

BIHARKO PARTIDAK

E multzoa

Liverpool-Debreceni

Olympique Lyon-Fiorentina

F multzoa

Inter Milan-Bartzelona

Dinamo Kiev-Rubin Kazan

G multzoa

Stuttgart-Glasgow Rangers

Sevilla-Unirea Urziceni

H multzoa

Olympiakos-AZ Alkmaar

Standard Lieja-Arsenal
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.