Izan ere, Alavesek puntuak behar ditu. Eta Mestalla ez da horretarako zelairik egokiena. Valentziak etxean jokatu dituen azkeneko bi partidetan bederatzi gol sartu ditu. Baina aurkariek lanak dituzte Alavesi gola egiteko. Halere, egia esan behar baldin bada, azken partidetan Alavesen kontra aritu direnak, askoz ere gehiago arduratu dira bere atea zaintzeaz, aurkariarena bilatzeaz baino. Dmitri Pitermanen taldeak gauza bera egin du, eta hor daude emaitzak. Valentziari aurre egiteko, baina, aldaketak egingo ditu ahalguztidunak; batik bat zelai erditik aurrera. Bi aurrelarirekin beharrean, bakarrarekin jokatuko du. Hori Nene izango dela dirudi. Bere atzetik, berriz, Georgievek, De Lucasek eta Menak jokatuko dute. San Mamesen eta beste partida batzuetan egin bezala, Nene puntan kokatuko du Pitermanek. Atzealdean, dena den, Gaspar kili-kolo dabil. Quique Floresek, baina, zalantza gutxi ditu. Albelda zigortuta dagoenez, Albiol ariko da euskarrian. Aimar osatuta dago eta hasieratik jokatuko du.
David Coromina -Alaveseko atzelaria
«Pitermanengatik izango ez balitz, ez nuke jokatuko sekula lehen mailan»
I. SUSAETA - GASTEIZ
Kataluniar peto-petoa da David Coromina (Santa Pau, Katalunia, 1974). Elkarrizketa hasi eta berehala emazteak deitu dio. Katalanez hitz egin du harekin. Kataluniarra denez, bere umetako ametsa Bartzelonan jokatzea zen. Hartara, haren harrobian aritu zen, baina ezin izan zuen Camp Nouen jokatu. Ondoren Palamosera (1998-2003), etxetik gertu. Hirugarren eta Bigarren B Mailan ari zen, ez atzera ez aurrera. Harik eta, Dmitri Pitermanek talde hori erosi zuen arte. Gerora, Lehen Mailako Racing ere erosi zuen ahalguztidunak. Coromina ere harekin eraman zuen (2003-2004), goi mailara; baita ondoren Alavesera ere. «Pitermani esker», 28 urterekin hasi zen Lehen Mailan. Zorionekoa dela dio. 2007ko ekainean amaituko zaio Alavesekin duen kontratua.
Hiru denboralditan 53 partida (23 sasoi honetan) jokatu dituzu Espainiako Ligako Lehen Mailan. Jada Lehen Mailako jokalaria zarela uste al duzu?
Oraintxe bertan bai, Lehen Mailan gaudelako. Horretan jokatzen baldin baduzu, Lehen Mailakoa zara. Besterik gabe.
Atzera begira jar zaitez. 2002ko abenduan zaude, Palamosekin (Katalunia) Bigarren B Mailan jokatzen, 28 urterekin. Inoiz Lehen Mailan jokatuko zenuela pentsatzen al zenuen une horretan?
Egia esan, banekien oso zaila izango zela. Halere, itxaropena eduki behar da beti. Hartara, aukera bat eduki nuen eta hura baliatzen saiatu nintzen.
Noiz heldu zen Dmitri Piterman Palamosera?
Joño! Ez dakit... Nire bigarren denboraldian izan zela uste dut, 1999-2000 sasoian. Orduan Hirugarren Mailan geunden.
Bere lan egiteko moduak edo bere jarrerak harritu egin al zintuen?
Beno, bere aurreneko denboraldian ez zuen entrenatzen, ez zen aulkitxoan esertzen. Ezer gutxi nekien berari buruz. Geroago ezagutu nuen eta klubarentzat onena nahi zuen pertsona zela iruditu zitzaidan.
Noiz hasi zen Palamoseko aulkitxoan esertzen?
Bere bigarren denboraldian izan zela uste dut. Gainera, sasoi hartan lortu genuen Bigarren B Mailara igotzea.
Berari esker jokatzen duzu Lehen Mailan?
Bai, bai. Beragatik ez balitz, nik ez nuke jokatuko sekula Lehen Mailan. Ziur.
Geroago, 2003ko urtarrilean, Pitermanek Racing erosi zuen. Une horretan Racingera joan zinen zeu ere. Santanderren (Espainia) Pitermanekin lotzen al zintuen jendeak?
Bai, bai. Jokatzen ari nintzenean denetarik entzuten nuen: 'Palamos, Dmitri, ez dakit zer, hura eta bestea...' Zaila izan zen egoera horri aurre egitea, baina ni ahal nuena egiten saiatzen nintzen. Gainera, 2003ko ekainean taldea uztea erabaki zuen berak. Nik, ordea, bertan jarraitu nuen eta partida dezentetan aritu nintzen hurrengo denboraldian. Horregatik, Dmitrirekin edo Dmitri gabe, goi mailan jokatu nezakeela erakutsi nuen.
Orain bezala, pertsona xelebreetan xelebreena zen Piterman, Racing erosi zuenean. Mundu guztia harritu zuen. Racingeko zure taldekideek zer pentsatzen zuten?
Hasiera batean zalantza asko zituzten. Baina gerora, gustura egon zirela esango nuke. Halere, Dmitrik gauza xelebreak egiten dituenez... Berak Amerikako Estatu Batuetako (AEB) kultura edo duenez, mundu guztia zur eta lur gelditu zen hasiera batean. Egiten zuen guztia anormala zela uste zuen jendeak. Halere, gauzak ahalik eta ondoen egitea da bere nahia.
Zurekin batera, Sarabia izeneko jokalari bat eraman zuen Pitermanek Palamosetik. Fitxa kontua zela-eta, baina, harentzako tokirik ez zegoen. Non dago orain?
Bai. Blanesen jokatzen du, Kataluniako Preferente mailan.
Inoiz pentsatu al duzu, fitxa hura berak hartu izan balu, beharbada zuk ez zenukeela jokatuko sekula Lehen Mailan?
Bai, bai, noski. Halakoxea da futbola.
Kontu horretaz hitz egin al duzu Sarabiarekin?
Bai, baina anekdota hutsa da.
Hori gogoratzean, zer sentitzen duzu?
Beno, lan asko egin behar izan dudala honaino heltzeko.
Zorionekoa al zara?
Bai, bai, oso.
Bartzelonaren bigarren taldean jokatu zenuen orain 10 urte. Egoera horretan zaudenean, zer pentsatzen da?
Ilusioa handia da, baina jokalari guztiek ondotxo dakite oso zaila dela lehen taldera iristea.
Honela definitzen zintuen 1996-1997 denboraldiko Don Balon aldizkariaren ale batek: «Hegaletik erraz igotzen den eskuin alboko atzelaria. Buruz ondo moldatzen da. Etorkizun oparoa du». Azken hori bete al da?
Nire ustez bai. Nahi nuena lortu dut; Lehen Mailan jokatzea, alegia. Pozik nago.
Pitermanek, ordea, honela definitu zintuen orain hiru urte: «Indartsua, azkarra, eta gora eta behera ibiltzen dena».
Beno, gutxi gorabehera. Egia esan, gora ez dut gehiegi egiten.
Ezkerretik beharrean eskuinetik jokatuko bazenu, gehiagotan egingo al zenuke gorantz?
Bai, bai, ziur. Zaila da gaizki moldatzen zaren hankarekin jokatzea. Paseak egiterako orduan, esaterako, sarritan denbora asko galtzen da. Normalean eskuinetik arituko banintz, gehiago lagunduko nuke erasoko jokoan.