Hutsune garrantzitsua da Adurizek taldean utziko duena. Eguberrietan Athleticera iritsi zenetik sei gol sartu ditu, eta hiru hilabete hauetan taldeko goleatzaile onena bilakatu da. Baliteke, gainera, osatzeko hilabete bat baino gehiago behar izatea. Jokalariak atzo esan zuenez Athletic Bn zegoela lesio bera izan zuen, eta orduan hilabete bat ez zen nahikoa izan berriz ere jokatzen hasteko. «Badakit zer den, eta zer arazo ekar diezadakeen. Taldeak orain arte bezala jarraitu ahal izatea espero dut, behar ditugun puntuak biltzeko; pertsonalki, lehenbailehen osatzea nahi dut».
Fernando Llorenteren txanda da orain
18. jardunaldian jokatu zuen lehen aldiz Ligan Adurizek Athleticekin hasi duen bigarren aroan. Harrezkero ohikoa izan da Clementeren hamaikakoetan, eta ia partida guztietan hasieratik aritu da; baita Kopan ere. Soilik Bartzelonaren aurka, urtarrilaren 15ean, izan zen ordezko, eta orduko hartan 63. minutuan zelairatu zen. Hasiera batean, bere hutsunea orain Urzaizek eta Llorentek bete beharko dute. Orain arte entrenatzaileak beteranoaren aldeko apustua egin du, eta gazteak oso minutu gutxi jokatu ditu.
Horregatik, ordea, aukera ona izan daiteke hau Llorenteri jokatzeko aukera gehiago emateko, iaz sortu zuen ilusioak funtsik bazuela erakusteko beharra duelako. Berea emateko unea du hau. Clementek esku artean duen hirugarren aukera Dañobeitia zelairatzea da, baina orain arte zelai erdian ezkerrean kokatu du eta apenas aritu da erdiko aurrelari postuan.
Adurizek sartutako sei golak
Bi gol
Reala 3-3 Athletic: Athleticek fitxatu zuenetik jokatzen zuen bosgarren partida zen derbia. Bereak izan ziren Athleticen lehen bi golak, partidari buelta emateko balio izan zutenak, 47. eta 67. minutuetan.
Gol bana
Malaga 2-1 Athletic: 40. minutuan bana berdindu zuen partida Adurizek, baina Malagak gero beste gol bat sartu eta punturik irabazteko ez zuen balio izan.
Athletic 1-1 Vila-real: Atsedena baino pixka bat lehenago sartu zuen gola, 41. minutuan. Forlanek, ordea, hiru minutu geroago berdindu zuen.
Sevilla 2-1 Athletic: Malagan bezala sartutako golak ez zuen balio izan punturik urratzeko. 21. minutuan sartu zuen, eta bost minutu lehenago Marescak penaltiz sartu zuen berdindu.
Celta 0-1 Athletic: Hiru puntu balio izan dituen lehen gola sartu zuen Adurizek. 7. minutuan sartu zuen, eta zuri-gorriek sufrituta eutsi zioten emaitzari.