FUTBOLA. Weborekin, une zailenean

Kamerundarrak bere selekzioaren baimena jaso du azkenean, eta Valentzian da jada Osasunako taldekideekin

2006ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Bi hilabete eta erdi daramatza Osasunak Ligan norgehiagoka bakar bat galdu gabe. Gorritxoen azken porrota urriaren 23an izan zen, Nou Campen. Bartzelonak 3-0 hartu zuen mendean. Harrezkero, 10 norgehiagokatan 24 puntu lortu dituzte nafarrek. 10 partidatan, zazpi garaipen eta hiru berdinketa. Ibilbidea ikusgarria izanagatik, ezkortasuna zabaldu da Taxoaren azken egunetan. Milosevic, Valdo, Webo, Moha eta Delporte jokalari garrantzitsuak dira egungo taldean, eta Javier Aguirrek ezingo ditu zelairatu hurrengo asteetan. Entrenatzaileak atzo onartu zuenez, sasoiko unerik zailenean da Osasuna: hutsune garrantzitsuekin, Kopatik at eta bi irteera zailen atarian (gaur Mestallan eta El Madrigalen astebete barru). Gutxienez, Webok Mestallan jokatu ahal izango du. Kamerungo selekzioak baimena eman dio, Osasunaren eskariak aintzat hartu ostean. Albiste ona da; aurrelariarekin baikorrago izango dira osasunazaleak. Romeoren ondoan Morenok jokatu behar zuela zirudien arren, Webo arituko da azkenean.

Denboraldiko unearen zailtasuna azpimarratu arren «Osasunak berea defendatu behar duela» ere gogoratu zuen Javier Aguirrek. Une honetan Valentziak baino sei puntu gehiago ditu Osasunak. Eta bigarren postua da defendatu beharrekoa. Ligako bigarrena eta hirugarrena izango dira gaur gauean aurrez aurre Mestallan, eta jardunaldi honen amaieran ere Quique Sanchez Floresen taldea gutxienez sei puntura izatea da gorritxoen asmoa. «Egun Osasunak duen postua eskuratzea da gure helburua», onartu zuen Sanchez Floresek atzo. Hori galarazten saiatuko dira gorritxoak. Bi hilabete eta erdiko boladari jarraipena eman, eta Mestallan ez galtzea da helburua.«Liga irabazteko egindako taldea du Valentziak. Ziurrenik, Ligako plantilarik onena daukate. 12 milioi euro ordaindu zituzten Villa erosteko, eta horrez gain Mista, Angulo eta Kluivert ere badituzte. Di Vaiok oraintxe aldegin du. Ayalaren hutsunea duten arren, atzean ere oso talde sendoa dauka Valentziak: Marchena, Fabio Aurelio, Miguel, Albelda... jokalari onak dira denak», ohartarazi zuen Aguirrek.Gorritxoen hamaikakoan Ortiz ikustea ez da oso ohikoa. Atletico Madriletik iritsi zen jokalaria ez du kasik aintzat hartu Aguirrek sasoi honetan, eta oraingoz Ligan ordu laurden besterik ez du jokatu. Kopako bi norgehiagoketan hasieratik jokatu zuen, baina gaur gauean Ligan lehen aukera izango du. Gainera, ez da bere ohiko tokian ariko: eskuin hegalean jokatu ohi du zelai erdian eta ezker hegaletik ariko da gaur, Moha eta Delporteren hutsuneak tarteko.«Ezkerrean ala eskuinean berdin zait, jokatzea nahi dut nik», esan zuen Ortizek atzo. «Valentziako Miguel atzelariak asko egiten du hegalean gora, eta Ortizek defentsako lan ona egin dezake. Hegaleko gizona da, fisikoki indartsua da eta hegalean gora eta behera ibili beharko du», esan zuen Javier Aguirrek gero. Lan zaila dauka, baina gogotsu dago Ortiz.

JAVIER AGUIRRE



Zigorra entrenatzailearentzat eta oharra Osasunarentzat



Javier Aguirre ez da gaur Osasunaren aulkian eseriko. Lehiaketa Batzordeak bi partidako zigorra jarri dio, Kopan epaileak bota egin zuelako. Gainera, Osasunari 3.000 euroko isuna jarri dio, eta Kopan gertatutakoak errepikatzen badira Nafarroako Erresuma futbol zelaia itxiko dutela ohartarazi dute kluba.

Aguirre ez da, ordea, atzoko albistean bakarrik protagonista. Espainiako As kirol egunkariak atzo ziurtatzen zuenez, bera izango da Atletico Madrilen hurrengo entrenatzailea. Albistean zioenez, datorren urterako akordioa sinatuta dute jada. Carlos Bianchi herenegun bota zutela aintzat hartuta ez zen erraza albistea sinestea: «Lau urte egin ditut hemen, eta gezurra dirudi kazetariok ni hain gutxi ezagutzea. Urtarrilean gaude eta gauza horietaz hitz egiteko goizegi dela uste dut. Arreta guztia Osasunan jarrita daukat eta orain ezin dut desbideratu. Kontu horietaz hitz egitea denbora alferrik galtzea da».Urtea joan eta urtea etorri, Atletico Madrilekin lotzen jarraitzen dute Aguirreren etorkizuna, baina mexikarrak ez du oraingoz horretan pentsatzen. Gertueneko etorkizunari begiratzea nahiago du: Osasunaren urtarrileko aldaparekin nahikoa lan badauka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.