Futbolaz ahaztuta, jokalariak grebara

Gaur egingo dute bilera, baina nekez lortuko dute akordiorik Jokalarien Elkarteak eta Liga Profesionalak

Athletic eta Reala, San Mamesen iragan sasoian jokatutako derbian. Aurten, martxoaren 4ko asteburuan elkar ikusiko dute Katedralean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Uda amaitu da, batez ere futbolarentzat. Jadanik lehen txapelketa eskuratu du Bartzelonak, Espainiako Superkopa, Real Madrilen aurka. Baina, Espainiako Liga, bihar hasi beharko lukeena, jokalarien greba deialdi batengatik atzeratu egingo da. Arazo ekonomikoengatik, AFE jokalarien elkarteak greba deialdi bat egin du lehen bi jardunaldietarako. Horregatik, liga ez da bihar hasiko.

Kirol alorrean, urtero bezala bi talde dira txapelketa irabazteko faborito nagusiak: Bartzelona eta Real Madril. Dirudienez, bi horiek beste liga batean jokatzen dute, eta, horrenbestez, gainontzeko taldeen gainetik daude. Iragan sasoian, esaterako, Real Madrilek, ligako bigarren sailkatuak, 21 puntu atera zizkion Valentzia hirugarren sailkatuari. Inoiz izan den alderik handiena da. Hor ikusten da bi taldeek gainontzekoekin duten aldea. Indar ekonomikoaren ondorio da; dirua baliatuz eta jokalari onak fitxatzearen poderioz, talde indartsuak osatzen dituzte.

Bi taldeek ez dute jokalari askorik fitxatu, lehendik zuten taldeari hainbat ukitu eman baizik. Bartzelonak Alexis Sanchez eta Cesc Fabregas fitxatu ditu, ia 80 milioi euro gastatuz. Bi horiez gain, lehen taldea osatzeko bigarren taldeko hainbat jokalari igo ditu Pep Guardiolak. Denboraldi honetako helburua, iragan sasoian bezala, ahalik eta garaikur gehien lortzea da. Real Madrilek, berriz, jokalari gehiago fitxatu ditu, behingoagatik Bartzelonari aurre hartzeko asmoz. Coentrao, Sahin, Altintop, Callejon eta Varane fitxatu ditu, 55 milioi euro gastatuta. Biek diru inbertsio handia egin dute, gainontzeko taldeetatik urrun.

Halere, aurten merkatua gehien mugitu duen taldea Malaga izan da. Ingalaterrako hainbat talderen moduan, Arabiako xeke baten kontrolpean dago —Al Thani—, eta ia 56 milioi euro inbertitu ditu. Joaquin, Toulalan, Buonnanotte, Van Nistelrooy, Cazorla eta Monreal izan dira, besteak beste, fitxatu dituen jokalariak. Al Thaniren helburua Malaga talde nagusien pare kokatzea da. Horrela, beheko postuetatik lehiatzetik, goiko postuetara pasatzea espero da. Manuel Pellegriniren esanetara, taldeak zeresan handia eman dezake hastear den sasoian. Harekin batera aritu beharko lukete Valentziak, Sevillak eta Vila-realek. Lau taldeek, dirua izatearen poderioz, talde indartsuak osatu dituzte, eta, horregatik, lau horien artean egon beharko lukete Txapeldunen Ligan sartzeko geratzen diren bi postuek.

Gainontzeko taldeen artean izango dira bai Europako Liga atarirako sailkatuko direnak eta baita mailaz jaitsiko direnak ere. Beti izaten dira sorpresak, eta, beraz, zail izaten da jakitea sailkapeneko zazpigarren postutik atzera zein egongo den. Hasiera batean, Athletic, Atletico Madril eta Espanyol izango dira goiko postuen lehian egongo diren taldeak. Besteak mailaz ez jaisteko lehian ariko dira. Hastear den sasoian, lehia oso parekatua izatea espero da; izan ere, merkatuan ez da mugimendu handirik egon, diru arazoak direla eta. Horregatik, ez da alde handirik talde horien artean.

Arazo ekonomikoak nagusi

Egun, sei talde daude Konkurtso Legean —zorraren erdia ordaindu behar dute epe luzera, eta beste erdia barkatu egiten zaie—, eta beste lau irten egin dira. Arazo hori 2004. urtean sortu zen, Estatu Erreforma baten ondorioz. Horretan, legea Kirol Legearen gainetik jarri zen, ordura arte ez bezala. Horrenbestez, taldeak Konkurtso Legera joan zitezkeen kirol arloan ondoriorik jasan gabe. Talde asko baliatu dira legearen aldaketa horretaz, diru arazoak konpontzeko asmoz.

Asteburu honetan greba egingo dute, eta, beraz, lehen jardunaldia abuztuaren 28an jokatuko da, LFP Espainiako Futbol Ligak atzo zehaztu zuen bezala. Bigarren jardunaldirako greba mehatxua egina dago, baina hurrengo egunetan egingo dituzten bilkuretan zehaztuko dute egingo den ala ez. Gaur, 11:15ean elkartuko dira LFPren egoitzan, etabihar eta astelehenean, berriz, 10:15ean. Gainontzeko jardunaldiak ez dira mugituko, eta bigarrenean ere greba eginez gero, aste barruan jokatuko da, egutegia aldatu gabe.

Taldeek 4.000 milioiko zorra duten arren fitxatzen jarraitzen dutela salatu du AFEk. «Hori ezin da; ez dute dirurik soldatak ordaintzeko, baina bai jokalariak fitxatzeko», esan du Luis Rubiales AFEko presidenteak, aste honetako prentsaurreko batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.