Mikel Oiartzabal. Realeko jokalaria

«Futbolean, bizitzan bezala, ez gara linealak. Garai onak aprobetxatu egin behar dira»

Realak «ondo eta konfiantzaz» abiatu du sasoiaren bigarren zatia, Mikel Oiartzabal jokalariaren ustez. Eibartarrak dio egindakoei ez zaiela erreparatu behar, eta lehia estua aurreikusi du ligan goialdean bukatzeko: «Partida denak dira garrantzitsuak».

MANIX DIAZ DE RADA / REALA.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Sasoia bideratuko duen garaiarenatarian, Mikel Oiartzabalek (Eibar, Gipuzkoa, 1997) «ondo eta gogotsu» nabari du talde txuri-urdina. Espainiako Kopan Atletico Madril kanporatu eta Betisen zain dauden bitartean, ligako partidetan euren onena emateko «prest» daudela adierazi du Realaren ikurrik nagusietako batek. Gaur dute horretarako lehendabiziko aukera, Getaferen aurka, Anoetan, 18:30ean hasita (Movistar La Liga).

Datozen asteek finkatuko dute sasoia. Nola dago taldea?

Gogotsu. Aurreko astean partidarik ez genuen izan, eta lehiatzeko gogoz geunden. Are gehiago horrenbeste txapelketetan aukerak zabalik edukita. Haietan guztietan denboraldi ona egiteko gogoz dago taldea; sasoi amaieran ikusiko dugu noraino heltzen garen haietako bakoitzean, baina gauzak ondo egiteko asmoz gaude.

Urte amaiera eskasa egin ondotik, urtarrilean ez duzue galdu. Indarberrituta al zaudete?

Bolada txarra izan genuen, hori argi dago. Ez genituen partidarik onenak jokatu, baina azken bi partidak irabazteak beste indar bat ematen du. Badakigu futbola horrelakoa dela; boladak garrantzitsuak izaten dira, eta espero dugu oraingoari segida ematea.

Abenduan, oker atera zitekeen guztia kalterako suertatu zen. Zerk huts egin zuen?

Askotan ez genituen partida txar-txarrak egiten, galtzeko modukoak, baina galdu egiten genuen. Futbolak hori du: nahiz eta aukerak guk sortu, ez badugu golik sartzen, eta aurkariak gutxi sortuta ere aprobetxatu egiten baditu, ezer gutxi dago egiteko. Hori da futbolaren gakoa; erraza ematen du, baina zailena da askotan.

Berriz ere bide onean zarete. Datozen partidak gako al dira?

Denboraldia nolakoa izango den jakiteko, orain datorren guztia izango da gako. Kopan, oraindik partida batera ariko garelako, eta guztia aukera bakarrera jokatuko dugulako. Europan ere antzekoa gertatzen da, baina baita Espainiako Ligan ere. Hiru puntuk postu askotako gorabeherak sor ditzake. Partida guztiak dira garrantzitsuak, beti dagoelako zerbait jokoan.

Nola egiten diozue aurre sasoiaren bigarren zatiari?

Ondo gaude, konfiantzaz. Taldeak sinesten du egiten duen gauzetan. Entrenatzaileen konfiantza ere badugu, eta uste dut gai garela denboraldi ona osatzeko. Aurreko biak ere hala izan ziren. Denok elkar lagunduta, ziur ondo joango zaigula.

Behin Kopa eskuratuta eta aurkari zailak kanporatu eta gero, jada berretsi duzue Kopa irabazteko taldea duzuela. Grina berezia al duzue?

Argi eduki behar dugu aurrez lortutakoa ez dela erraza, edozein aurkarik gauzak zail jar ditzakeela. Garrantzia eman behar zaio behin lortutakoari, baina jakinda ez dela batere erraza berriz lortzea[garaikur bat eskuratzea]. Badugu berriz lortzeko gogoa, baina esandakoa: gauza horiek ez dira kasualitatez lortzen.

Gaur Getafe izango duzue kontrario. Makurretik hasi zuen sasoia, baina hobera egin du.

Bai, uste dut sasoi honetan bi Getafe ikusi ditugula. Entrenatzaile berria jarri zutenetik beste talde bat dirudi. Uste dut aldaketa egin zutenetik onenetan seigarren edo zazpigarren izan direla sailkapenean, eta lan ona egiten ari dira. Kontzeptuak oso argi dituzte; sistema berri batekin jokatzen dute.

Talde asko zaudete puntu gutxiren barruan. Lehia handia dago goiko postuetarako.

Agian, aurten laugarren postua lortzeko aukera handiagoa dago, baina seigarrena edo zazpigarrena lortzeko aukera gutxiago. Uste dut gero eta lehia handiagoa dagoela; talde gehiago gaude borroka berean. Esandako moduan, Txapeldunen Ligarako sailkatzeko sasoi ona izan daiteke, baina lortzen ez bada, ez da merke egongo Europa ligarako sailkatzea.

Zer egin beharko duzue sasoi amaieran helburu hori lortu ahal izateko?

Orain arteko bidean jarraitu behar dugu. Detaile txikiak zaindu eta hobetu behar ditugu, baina orain artekoari segida eman behar diogu. Gure jokoa egin behar dugu, gure gauza onetan konfiantza eduki. Eta orain artean bezala, batez ere atzeko lerroan aurkariei aukera gutxi eman; guk aurrean golak sartzeko aukerak izaten ditugu, eta ziur aprobetxatuko ditugula.

Garai honetan, zer mezu helarazi dizue Imanol Alguacilek?

Hurrengo partidaz hitz egin digu. Futbola horrela da gaur egun, beti hurrengo neurketan pentsatzen dugu. Datorren partida da garrantzitsuena, beti. Horrela lortu ditugu gauzak.

Astean bitan jokatzen duzue sarritan. Horrek ematen al duegindakoetan pentsatzeko astirik?

Hiru egunean behin lehiatuta, denbora gutxi ematen dizu burua geratzeko. Egia da gure inguruan badugula jendea horretan laguntzeko: gauzak aztertzen, gaizki egin duguna erakusten... Gu saiatzen gara gauzei buelta askorik ez ematen; egindakoak ikusi, ikasi, eta aurrera segitzen.

Koronabirusaren oldarraldiak protokoloa ezarrarazi du berriz ere. Egunerokoa zaildu al zaizue?

Zaildu baino gehiago, aldatu egin zaigu. Badakigu nolako egoeran gauden, eta horrekin bizi behar dugula. Saiatu behar dugu ahalik eta modurik onenean egokitzen. Denok ari gara egoera hori bizitzen.

Min hartuta egon zinen zenbait jardunaldiz. Jada erabat osatuta al zaude?

Bai. Ondo ikusten dut neure burua, ahaztua dut hori. Berriz [lesioan] ez jaustea espero dut, baina hori ere futbolaren parte da, eta askotan ezin dira halakoak kontrolpean izan. Prebentzio aldetik ahalik eta ondoena egiten saiatu behar dugu, berriz ez gertatzeko, baina, hala bada, normaltasunez hartu behar dugu.

Normal bai, baina esanahi handiko partidak galdu zenituen. Nola bizi izan zenituen?

Askotan esaten dugu: kanpotik okerrago bizitzen da zelai barrutik baino. Jokoan beti duzu gauzak egiteko aukera. Kanpotik ikusi besterik ezin duzu egin, eta sentipen hori ez da batere ona. Zorionez, nire kirol ibilbidea hasi nuenetik oso gutxitan lesionatu naiz.

Denboraldi honetan lesio dezente izan dituzue taldean, eta lehen prebentzioa aipatu duzu. Zer hausnarketa egin duzue?

Lesioak futbolaren parte dira, eta haiek erabat saihestu ahalko balira, talde guztiek edukiko zuten hori lantzeko modu bereziren bat. Baina inor ez dago horretatik salbu; nahi edo nahi ez, beti egongo dira lesioak. Ahal dugun neurrian egin behar dugu prebentzioa, bakoitzak bere alorrean, baina min hartzeko arriskua beti egongo dela jakinda.

Neguko merkatuan Rafael Alcantara ailegatu da taldera. Zer moduz iritsi da?

Oso ondo. Pertsona normala da, oso jatorra. Futbolari moduan, badakigu nolako kirol ibilbidea egin duen, eta edukitako lesioak edukita ere, zein taldeetan aritu den. Non jokatu duen ikusteak agerian uzten du zein maila duen. Pertsona gisa ere ona da; egunerokoan oso lasaia da, eta eskertzen da halako bat alboan edukitzea.

Paris Saint-Germainek utzita heldu da Donostiara. Bere ukitu berezia nabaritu al duzue zelaian eta entrenamenduetan?

Bai. Hori ikusi egiten da. Kalitate handia du, eta erraz egiten ditu eskatutako gauzak. Normala da. Ezagutzen genuen aurretik, eta espero dezagun orain guri laguntzea.

Harrobikoen eta kanpotIk etorritakoen artean multzo egonkorra osatu duzue, zelaian eta aldagelan. Zer sentipen sortzen dizkizu?

Oso argi dugu: multzo honen zatirik handiena etxekoa da, eta horrek garrantzia du. Kanpotik datozenek lagundu egiten digute, eta hori beharrezkoa dugu. Inportantea da etxeko jende asko egotea, eta polita da txikitatik lagun izandako asko orain alboan edukitzea.

Batasun horrek zenbateraino laguntzen du abendukoaren moduko bolada txarretan aurrera egiten?

Bakoitzaren ezaugarriak jakinda, hemen dagoen taldea oso leku gutxitan dago. Talde bat baino gehiago, lagun talde bat gara, oso gertukoak gara, eta hori islatu egiten da gero zelaian.

Elkarrekin lortzeko helburu handiak al ditu talde honek?

Beti esan izan dugu anbizio handiko taldea dela. Beti gauza gehiago egin nahi ditugu, eta hobeto. Gero, gauzak hobeto edo okerrago atera daitezke, baina guk duguna baino gehiago emango dugu beti, saiatzen garen horretan guztian lortzeko.

Realaren ikurretako bat zara: 25 urte bete gabe dituzu, eta jada kapitainetako bat zara, garaikur bat lortzeko gola sartu duzu, partida asko jokatu dituzu... Zer hausnarketa egiten duzu orain arte egin duzun ibilbideaz?

Reala nire etxea bezalakoa da. Lehen egunetik oso ondo zaindu naute, edozertan, eta hori oso garrantzitsua da. Eskertzen da. Gehiago nahi dut; hobetzeko asko dut , eta bide horretatik segitu nahi dut.

Luzaroan irudikatzen al zara Realean?

Oraingoz, bai. Futbolean ez dakigu zer gerta daitekeen, egun batetik bestera gauzak aldatzen direlako. Oraintxe bertan, neure burua hemen dut, ez beste inon. Ni oso lasai eta oso pozik nago hemen.

Kirol arloan, 2021. urtea oso ona izan da zuretzat, ezta?

Urte berezia izan da, bai Realean, baita [Espainiako] selekzioan ere. Momentu bereziak bizi ahal izan ditut. Iraganak ez du ezertarako balio; aurrera begiratu behar da, eta espero dut hurrengo urteakberdinak edo hobeak izatea.

Zure ibilbideko urterik onena izan al zen?

Momentu berezi horiei dagokienez, bai. Baina egia da azken hilabete eta erdian ez nintzela guztiz ondo egon, baina futbolean, bizitzan bezala, ez gara linealak. Garai onak aprobetxatu behar dira, eta txarretan, ahalik eta gehien laguntzen saiatu.

Zer lortu du nahi duzu urte honetan?

Aurreko bi urteetan egindakoa egonkortzea, beste urte on bat egitea, eta aukera baldin badago, Kopa berriro irabaztea, nahiz eta zaila izan. Talde ona dugu, eta orain artekoari eutsi nahi diot.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.