Herenegun egin zuten denboraldi amaierako afaria Realeko jokalariek, eta dagoeneko oporretan daude; ez, ordea, Ane Etxezarreta (Beasain, Gipuzkoa, 1995). Atzo hiruzpalau elkarrizketa eman zituen. Hamar urte eta gero, datorren denboraldian ez du talde txuri-urdinean jarraituko. Emakumeen futbola izaten ari den bilakaera kontuan hartuta, ondo kokatuta ikusten du Reala. «Harrobiko hiru talde ditu, eraikin berri bat...».
Amaitu da denboraldia, eta hamar egun igaro dira Zubietan Realari agur esan zenionetik. Zer sentipen duzu orain?
Oraindik ez dut guztiz barneratu. Urte asko izan dira hemen, hamar, bizipen asko, eta denbora behar da horretarako. Datozen egunetan, oporrak hartzean, hasiko naiz horretaz jabetzen. Orain arte egunerokoan murgilduta egon naiz: partidak, entrenamenduak, errendimendua.... Horretan izan dut burua. Baina oso gustura eta pozik nago izandako agurra ikusita. Urte oso politak izan dira, eta, une txarrak egon diren arren, oso zoriontsu izan naiz. Urte hauek hala biribiltzea eta amaitzea ederra da.
Egun hartaz zerekin geratzen zara?
Nik beti esan dut zaleak direla une polit bat berezi egiten dutenak. Esker hitzak baino ez ditut haientzat. Onenak dira. Horrekin geratzen naiz; eta, noski, bertan izan ziren gertukoekin: etxekoak, lagunak... Berotasun eta maitasun hori sentitzea haien begiradetan, keinuetan, eta nik ere haiei berotasun, maitasun eta miresmen hori transmititzea zoragarria da, oso polita.
Noiztik zenekien hau izango zela zure azken denboraldia Realean?
Hilabete dezente dira. Ni sinetsita nengoen hemen jarraitzeko maila nuela, baina gutxi gorabehera badakizu klubak nola funtzionatzen duen kontratuak luzatzean. Susmoa hartuta nengoen. Ez zen ezustekoa izan. Nire ordezkariarekin harremanetan jarri zen kluba, eta esan zioten ez zutela kontratua luzatzeko asmorik.
Futbolean jokatzen jarraitzeko asmoa duzu?
Bai, argi daukat. Esan bezala, neure burua maila onean ikusten dut, eta gogoz eta energiaz nago segitzeko. Gutxi gorabehera badakit non izango den, eta datozen egunetan argituko da.
Hamar urte izan dira Realean...
Hala da. Gaztetxoa nintzenean, adin horretan izan ohi den ilusioaz eta inozentziaz, Realean jokatzearekin amesten nuen. Baina ez nuen espero hainbeste urte izango zirenik, lortu dudan guztia lortuko nituenik, hain urruti iritsiko nintzenik eta naizen Ane izango nintzenik. Zer aurreikuspen nituen kontuan hartuta, amets guztiak beteta noa.
«Zoriontsu izan naiz hamar urte hauetan. Ez dut penarik. Pozik, harro eta lasai noa egindako ibilbidea ikusita»
Zer oroitzapen duzu Zubietara iritsi zinen lehen egunaz?
Gogoan dut zer-nolako ilusioa eta ikasteko gogoa neuzkan. Momentu bakoitza bete-betean bizi nahi nuen. Baldintzak ez ziren gaur egungoak bezalakoak. Baina alde batetik eskertu dut, pertsona eta kirolari moduan beste modu batera hezteko aukera izan dudalako.
Eta debuta ere gogoan izango duzu. Zer sentitu zenuen?
Collerenseren kontra izan zen, etxetik kanpo. Akorduan dut zer pozik era harro zeuden gurasoak etxera iristean. Hori ez dut sekula ahaztuko.
203 partida jokatu dituzu Realarekin, eta 200.ean zenioen Espainiako Kopako bi finalak direla zuretzat oroitzapen politenak —batean txapeldun izan zen Reala, eta bestean txapeldunorde—. Besteren bat aukeratu beharko bazenu, zein izango litzateke?
Bi final horietara iristeko finalerdiak Anoetan jokatu genituen, eta oroitzapen politak ditut horietaz ere. Lehenengoan, gol bat sartu nuen, eta gainera lehen aldia zen final baterako sailkatu ginela. Zaleen artean zegoen ilusioa ikaragarria izan zen. Txapeldunen Ligarako sailkatu ginen urtean ere asko gozatu genuen. Liga irabaztearen parekoa izan zen. Bayernen aurkako kanporaketa ere, nahiz eta galdu, handia izan zen.
Granadan irabazi zenuten titulua, ezustean, Atletico Madrilen kontra. Zein da bizi izandakotik iltzatuta geratu zaizun oroitzapena?
Egia da finala irabaztea ezustea izan zela. Baina niretzat ezusterik handiena Granadara hainbeste zale etortzea izan zen. Ezin genuen sinetsi. 30 urte geroago Realeko zaleak titulu bat ospatzeko irrikaz zeuden, eta guk eman genien horretarako aukera. Gainontzean ezingo nuke oroitzapen bat aukeratu, denak izan baitziren ederrak: aurreko egunetan zegoen ilusioa, Granadan egin genuen ospakizuna, hona itzultzean herriz herri hemen egin ziguten harrera...
Gauzak asko aldatu dira urte hauetan, bai Realean bai emakumeen futbolean. Zer iritzi duzu izandako aldaketez?
Oro har, positiboak izan dira. Ikusgarritasun handiagoa daukagu, baita baldintza eta baliabide gehiago ere. Baina, bestalde, interes asko sartu dira, eta pertsona, futbolaria, ez da hainbeste zaintzen.
«Egun kritika gehiago jasotzen ditugu. Ni sare sozialetatik aldendu naiz. Etxekoak eta lagunak izan dira nire babes nagusia»
Ikusgarritasuna handitu den heinean, zuen gaineko presioa ere aldatu egin da. Sentipen hori izan duzu zuk ere?
Bai, ez da berdina. Gaur egun jende gehiagok jarraitzen gaitu, eta kritika gehiago jasotzen ditugu, batez ere sare sozialetan. Gakoa presio edo kritika horiek kudeatzeko modua da. Nik nahiko ondo eraman ditut. Oso argi izan dut nor naizen, eta zer eman dezakedan. Arreta eguneroko lanean jarri dut, horri esker lortu baitut nire onena ematea. Sare sozialetatik aldentzen saiatu naiz, ez baitute mesederik egiten. Min handia eman dezakete. Oso azalekoak dira, eta ez dute laguntzen. Nire kasuan, babes nagusia gurasoak, bikotekidea eta gertuko lagunak izan dira. Ezinbestekoak dira, eta izan ditut alboan.
Uste duzu hori izan dela gakoa iritsi zaren tokira iristeko? Izan ere, nahiz eta denboraldi hasieretan kosta egin zaizun entrenatzaileen konfiantza izatea, denboraldi bakoitzean partida dezente jokatu dituzu.
Dudarik gabe. Arantza hori iltzatuta geratu zait apur bat, denboraldiro kostatu egin baitzait entrenatzaileen konfiantza izatea. Baina harro nago partidak aurrera joan ahala lortu dudalako, eta nire ibilbidean gehien baloratu dudan gauzetako bat hori izan da.
Gazte askok jokatu dute azken bi denboraldietan lehen taldean. Zer gomendio ematen diezu?
Batez ere gomendatzen diet oso argi izan dezatela nor diren. Umiltasunez lan egiteko ere esaten diet, eta hankak lurrean izateko.