Iraupena. 38 minutu.
Pilotakadak. 273.
Saketik. Olaizola II.ak lau, eta Arretxe II.ak alerik ez.
Markagailua. 0-1, 3-1, 3-2, 13-2, 13-3, 14-3, 14-4, 15-4, 15-5 eta 22-5.
Bestelakoak. Jende ugari Tolosako Beotibar pilotalekuan; 800 ikusle inguru. Partida hasieran dirua gorrien alde irten zen alde handiarekin (100-40ri).
Hasi eta buka. Zirt eta zart. Beroizek astindu, eta Olaizola II.ak bukatu. Esperotako gidoia bete zen atzo Tolosako Beotibarren, eta Asegarceko bikote indartsuenak eroso hartu zuen mendean Arretxe II.ak eta Beginok osaturikoa (22-5). Emaitzari erreparatuta, badirudi zer gozatu handirik ez zuela izan pilotalekura joandako jende andanak. Baina ez. Gorrien joko bikaina ikusteagatik soilik merezi izan zuen sarrera ordaintzea. Bikote perfektua osatu zuten, eta dena egin zuten ongi. Beroizek nabarmen erakutsi zion bizkarra Beginori, eta soilik pilota bakarra galdu zuen. Olaizola II.ak, berriz, hamazazpi tanto egin zituen aurrean.
«Faborito ginen, baina ez genuen espero halako aldeaz irabazterik. Egun biribila izan dugu biok, eta halakoetan gozatu egiten da», esan zuen Olaizola II.ak partida amaitu berritan, oraindik ere ezpainetan irribarrea zuela. Lehen tantoa jokoan jarri orduko ikusi zen irabazleak indartsu zeudela. Inolako errukirik gabe jokatu zuten, eta hamabost minuturen buruan hamar tantoko errenta lortu zuten (13-3). Konfiantzaz gainezka ari ziren gorriak; ez, ordea, Arretxe II.a eta Begino. Aurkarien erakustaldiaren aurrean ez zuten ezer egiterik izan.
Neurketa galduta ikustean, Luzaideko aurrelari gaztea saiatu zen Olaizola II.ari aurrean kontra egiten, baina egun alde handia dago bien artean. 14-3koa izan zen partidako tantorik onena. Arretxe II.ak ongi mugitu zuen pilota, baina tantoa ia eginda zeukanean, Goizuetakoak zabalean dejada egin eta ezustean harrapatu zuen; zutik ipini ziren zaleak. Hortik aurrera ez zen saiatu ere egin Arretxe, eta Olaizolak bere horretan jarraitu zuen 22raino.
Hala, sailkapenaren lehen postuan daude Olaizola II.a eta Beroiz; eta azkenekoan Arretxe II.a eta Begino. Hori baino garrantzitsuagoa da, ordea, bikote bakoitzaren sasoi puntua, eta atzoko irabazleena zinez ona da. Bikote ona osatzen dute berez, baina hala jokatzen badute, gainera...
Beginoren kontratua, airean
Beginori hilaren 31n amaituko zaio Asegarcerekin daukan lan hitzarmena, eta oraindik ezer sinatu gabe dauka. Kantxan bainoago, burua bulegoetan daukala dirudi Autzako atzelariak, eta horrela ez da erraza maila ona ematea. Iazko txapelduna hura da, baina orduko joko puntutik oso urrun dago. Binakako txapelketa luzea da, bai, baina hari eta Arretxeri azkar esnatzea komeni zaie. Ostiralean Irujo eta Barriolaren kontra jokatuko dute. Ez dira aurkaririk aproposenak bolada txarrari amaiera emateko.
Olaizola II.a-Beroiz 22. Arretxe II.a-Begino 5
Gainera, hala jokatzen badute...
Beroizek nabarmen erakutsi dio bizkarra Beginori, eta Olaizolak ezin hobeto baliatu ditu aukerak, 17 tanto eginda
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu