Inaxio Perurena. Harri-jasotzailea

«Gainkarga handia zeukan harriak»

Ahotsean ere nabari zaio Inaxio Perurenari 300 kilo bizkarreratuta lasaitu ederra hartu duela. Aspaldiko erronka beteta, estutzen segitu, eta baliatu egin nahiko du sasoi on hori.

BERRIA.
unai zubeldia
Donostia
2013ko otsailaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Astetik astera kilo erdi bat pisutsuagoa zen 300 kiloko harria. 2009ko otsailaren 24an berdindu zuen Inaxio Perurenak (Leitza, Nafarroa, 1984) 295 kilokoa, Azpeitian (Gipuzkoa), eta ordutik plazan bi ahalegin eginda zegoen 300ekoarekin. «Etxean, ez bost eta ez sei; altxaldi asko eman dizkiot harri horri, baina...». 2009ko abenduaren 31n, Asteasun (Gipuzkoa), ezin; eta 2012ko azaroaren 25ean ere kale Leitzan. Etxeko lana ezin plazara eraman. «Konfiantza galtzen eta beldurtzen hasita nengoen. Zer gehiago egin behar nuen!». Burua baretuta, etxean saiatzea erabaki zuen berriz ere. Herenegun. Herritarren babesean. Hirugarrenean, bai. 300 kilokoen multzoan sartu da jada Inaxio Perurena, Iñaki Otaegi Gibitegi, Iñaki Perurena eta Mieltxo Saralegirekin batera. Pisu ederra kendu du gainetik, eta laster itzuli nahiko luke plazara, beste koska txiki bat igotzeko.

Giro hotzarekin, baina aspaldiko gozoena izango zen astelehena, ezta?

Zalantzarik gabe. Baserrian pare bat arazo izan genituen, eta denak atzeratzen aritu nintzen, marka ahaleginera bete-betean iritsi nahi nuelako, katarrorik eta ezer gabe. Bazkari eder batekin ospatu genuen marka, baina 300 kiloko harria jaso berritan ez naiz gai tabernan zutik denbora askoan egoteko. Gerria gogortu egiten zait berehala. Gauean amaren masajea jaso, hanketatik zintzilik jarri, ohera joan, eta goizean goiz jaiki naiz, baserriko kontuak konpontzen hasteko. Hori bai, sekula baino gusturago aritu naiz lanean.

Gerri aldeak nahikoa egurtuta dauzkazu dagoeneko, tentsioaren ondorengo lasaitasunak ere jota uzten du gorputza... Zer moduz jaiki zara?

Dagoeneko badakit 300 kiloko harriarekin entrenamendua egiten dudanetan gau txarra pasatzen dudala gero. Ohean buelta ematen hasitakoan ziztadak sentitzen ditut; hernia txiki bat daukat eta nerbioa harrapatzen dit. Mina daukat, baina min ezaguna.

Aurrera begira zer dago buru horretan? Harrapatutako sasoia baliatu nahiko zenuke, edo atsedena behar duzu?

Lanean jarraituko dut nik. Baserriko buelta eginda, gimnasiora noa oraintxe. Entrenamendu sisteman ezin dut egin aldaketa handirik, gerriak ez didalako uzten. Aste hasieran entrenamendu gogorrak egiten ditut pisuekin, eta errekuperazio lana egiten dut gero, asteburuan harriekin lanean aritu ahal izateko. Formula horri segituko diot aurrerantzean ere. Asteburu honetan berriz helduko diot harriari, kilo gehixeago gehituta, eta sentsazioen arabera, ikusiko dugu zer egin. Badakit berriz ere urduri joango naizela plazara, baina konfiantza eman dit altxaldi honek, eta uste dut ari naizela pixkanaka sentsazioak kontrolatzen.

Ahal den neurrian, beraz, kiloka-kiloka goraka joatea da helburua.

Bai, bai. Jasoaldiro-jasoaldiro mina sentitzen dut gerrian, eta pare bat astean geldi egon beharreko momentua iritsiko da laster. Kilo gutxiko harriekin, behe-behetik hasi beharko dut, orduan, lanean; baina, ahal den neurrian, luzatzen ari naiz momentu on hau.

Momentuko beroaldia ahaztuta, aztertu al duzu jasoaldia?

Harria gerriraino eraman, jiratu... Bete-betean indarrean aritu beharreko momentua izaten da hori, eta harria behetik gora oso poliki joan den sentsazioa izaten du norberak. Dagoeneko gainkarga handia zeukan, gainera, harri horrek. Telebistako kamerekin ere izan zen arazoren bat, eta alde bateko irudiak bakarrik ikusi ahal izan ditut.

Harria berdintzeko garaian, batzuek izan zuten zalantzaren bat, altxaldia garbi-garbia ez ote zen izan edo... Nola bizi izan zenuen zuk barrutik?

Harria jaso ondoren, anaiak besarkatu egin ninduen, eta epaileak berehala esan zion harri-jasotzailea ezin dela ukitu bost minutuko txanda amaitu arte. Jendea horrekin hasi zen zalantzan. Harmailak gorago egonez gero, gainera, sarritan ez du ematen harri-jasotzaileak harria erabat berdindu duenik. Baina argazki batzuetan argi ikusten da altxaldia balekoa izan zela. Harria lurrarekiko paraleloan berdindu behar izaten da jasoaldia balekoa izan dadin, nahiz eta ohituta gauden harria atzeraino eramaten, sobera berdintzen.

Anaia inguratzearekin batera, «beste bat, beste bat» esan zenion berehala. Hiru urte luzeko amorrua, lasaitasuna... zer zegoen «beste bat» horren atzean?

Betikoa zegoen esaldi horren atzean. Etxean inoiz ez dut utzi entrenamendua jasoaldi bakarra eginda. Ohitura kontua da. Balekoa atera zen lehenengo saioa, baina ahaztu egin nahi nuen jasoaldi hori, etxean bezala beste ahalegin bat egiteko. Azaroaren 25ean ere antzekoa egin nuen [Leitzan, bigarren marka ahaleginean]. Bigarren altxaldian ere kolpeak eman nizkion harriari, eta jendeak sentitu zuen gertu neukala helburua. Hori sentiarazi nahi nion ikusleari, merezi zuelako. Gerriko minez, 200 kiloko harria ere jaso ezinik ibili nintzen udan, eta momentu horietan herri guztiaren babesa sentitu dut. Zegoen giroarekin, emandako babesa eskertu nahi nien bigarren jasoaldi horrekin.

Iñaki Otaegi Gibitegi, Iñaki Perurena eta Mieltxo Saralegi. Hiru izen handi horien ondoan ageri da jada zurea ere. Zenbateko garrantzia ematen diozu kontu horri?

Nik nire bidea egin nahi dudala esan izan dut beti, eta horri eusten diot orain ere. Oraindik ez naiz jabetu egindakoaz, edo nahita ez dut jabetu nahi, horrek, azkenean, areagotu egiten duelako lehendik ere handia den urduritasuna. Baina, tira, etorkizunean, ehun edo berrehun urte barru, nire izena ere hor agertuko da 300 kiloko harria jaso dutenen artean; historiaren parte izango naiz.

Aita ere harmailetan zen, goiko izkinan jarrita, erdi ezkutuan. Ez zuen momentu ona pasatu hark ere. Zer esan zizun etxerakoan?

Argazkiei begira altxaldiari buruz hizketan aritu gara biok, eta, tira, normala da segundo gutxiko lan horretan begira dagoena ere urduri egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.