Gaintzako igoera epaile dela, Ordiziako klasikoa jokatuko da gaur

unai zubeldia
2015eko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Arazo asko izan dute antolatzaileek, eta ahal izan duten moduan itxuratu dute tropela, baina, beste urtebetez, ikusgarria izateko traza guztia dauka gaur Ordiziako klasikoak. 09:30ean hasiko da proba, eta 13:45 ingururako iritsiko dira lehenengo txirrindulariak helmugara. Hamahiru talde zeuden izena emanda, baina Marseille 13 KTMk eta Bike AIDk ezezkoa eman behar izan dute azken unean. Horregatik, gainerako 11 taldeei, ahal duten neurrian, hamar txirrindularirekin parte hartzeko eskatu diete, eta hala egingo dute gehienek.

Ordizia, Amezketa, Abaltzisketa, Gaintza eta Ordizia. Ohi den moduan, txirrindulariek bost itzuli emango dizkiote zirkuitu gogor horri —170 kilometro denera—, baina, iazko berritasunari helduta, azken itzulian alderik gogorrenetik igoko dute Gaintza, Larraitz barrena Zaldibiara jaitsi, eta eskuinera hartuta. Ordiziako klasikoan bertan eta Euskal Herriko Itzulian nabarmen geratu zen dezenteko aldeak sortzeko moduko igoera dela —2,6 kilometro dauzka, eta %17ko batez besteko aldapa dago tartean—. Zaldibira jaitsiera azkarra, eta Ordizira arteko zuzengunean geratuko zaie Gaintzako mendiko pankartapetik helmugara iritsi arte.

Gorka Izagirreri (Movistar) lekukoa hartuta —2010, 2012 eta 2014an irabazle izan zen—, Ion anaia ageri da gaur faboritoen artean, Beñat Intxaustirekin batera. Ikusi egin beharko da, hori bai, atsedenaren ondoren sasoiz nola dauden. Irteeran izango dira Movistar, Caja Rural eta Murias.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.