Espaniako estatuko futbolean azken urteetan erakutsitako hegemoniaren adierazle izango da gaur Real Madrilek eta Bartzelonak jokatuko duten partida, baina beste zentzu bat izango du gaur gauean (21:30, TVE) bi taldeek jokatuko duten Espainiako Kopako finalak.
Gaiztotuta dago giroa Bartzelona aldean. Hiru egunean, Atletico Madrilek Txapeldunen Ligatik kanporatu eta Granadak ia aukerarik gabe utzi du Ligan —bost jardunaldiren faltan, lau puntuko aldea du Atletico Madril liderrak Bartzelonarekiko—. Jomugan dago entrenatzailea, eta kopa da sasoian txapelketaren bat irabazteko ia aukera bakarra. Gerardo Martino Tata-k berak aitortu du kopa irabazteak ez lukeela denboraldia on egingo.
Egoera hobean dago Real Madril Bartzelonarekin alderatuz gero. Carlo Ancelotti entrenatzailearen lana ez dago Martinorena bezain auzitan, bigarren dago Ligan eta Txapeldunen Ligako finalaurrera igaro da. Hala ere, ozta-ozta igaro zituen final laurdenak —2-0 irabazi zion Borussia Dortmundek—, Bayern Munich egungo txapelduna izango du arerio finalaurrean, eta Ligan, hiru puntuko aldea du liderrak Real madrilekiko.
Bartzelonak badu baikor izateko arrazoirik, nolanahi ere. Ligan jokatutako bi partidetan kataluniarrak nagusitu dira —2-0 Camp Noun eta 3-4 Bernabeun—, eta Cristiano Ronaldo talde espainiarraren izarra ez da garaiz osatu. Gaitz erdiaren bila joango dira bi taldeak, gaitz osoak itzal luzea utz baitezake galtzailearengan.