Espainiako Kopak finkatzen du muga, denboraldiaren erdia. Garaile izan dena, pozik, eta beste talde indartsu guztiak, galderak egin eta egin. Kopa atzean utzita, akabo txantxak, probak egiteko garaiak. Ez dago hutsik egiteko tarterik, hutsaren ondorio zuzena porrota eta kanporatzea delako. Top 16a fase erabakigarrian sartuko da, eta ondoren, finalerdiak, Lauko Finala eta ACB ligako titulua lortzeko kanporaketak datoz. Dena hiru hilabete eskasetan.
Josean Kerejeta Baskoniako presidenteak esan zuen Madrilen, Bartzelonaren aurka galdu ostean: «Balantzeak sasoi bukaeran, oraindik otsailean gaude». Joan den denboraldikoa zuen gogoan Kerejetak. Kopan txapelik ez, Lauko Finalik ez, eta ACB ligako final handian Bartzelona handiaren aurka txotxongilo jarduna betetzera deitua zegoen Baskonia. Baina finala irabazi zuen Gasteizko taldeak. Aitzakia ezin hobea berriz balantzea ekain arte atzeratzea eskatzeko. Atzerapenak atzerapen, galdera han eta hemen dabil bili-bolo: Baskonia gai al da joan den sasoiko balentria errepikatzeko, edo, gauzak dauden bezala egonda, ezinezkoa da?
Baskoniak, gaitzak mila dituelako, eta haiei erremedioa, sendabidea bilatzea, ez da batere erraza, zaila baizik. Denboraldi erdia geratzen bada ere, zabaldua dago zuzendaritzak udan egindako plangintza ustela izan dela. Ustela, taldeak joko antolatzaile peto bakarra daukalako, eskolta postuan jokalari gehiegi, pibot petoen arloan bezala, eta ordezko fidagarririk ez 3 eta 4 postuetan hasieratik jokatzen duten jokalarientzat.
Joko antolatzaile bikote baten hutsunea da gaitzik larrienetakoa. Marcelinho Huertas bikain ari da, baina haren erregaia mugatua da, ezinezkoa delako 70 partida ondo jokatzea, partida guztietan 30 minutu baino gehiago jokatuz gero. Huertasi atsedena emango dion ordezko eraginkorrik ez dauka Baskoniak, Pau Ribas eta David Logan ez baitira joko antolatzaileak. Ribas eskolta da. Eskolta postuan hazi eta hezi zen, Ricky Rubioren erruz, eta jaurtiketan eta defentsan erakutsi duen eraginkortasuna gabezia bilakatu da gidaritzan. Logan ere saskiratzaile petoa da, AEBetan shooting-guard deitzen duten jokalaria: joko antolatzailea bai, baina jaurtitzailea, ez jokoa sortzen duena.
Pape Sowren jarraipena
Piboten kontuak ere zer esana eta zer hitz egina eman du. Esteban Batistaren etorrerak arazo oro konponduko zituela zirudien, baina oraingoz ez da hala gertatu. Batista bera, Stanko Barac eta Pape Sow dira gaur-gaurkoz Baskoniako pibotak. Senegaldarrari atzo bukatu zitzaion kontratua, eta, libre geratzea espero bazen ere, taldeak kontratua sasoia bukatu arte luzatzea erabaki du. Barac ondo aritu zen Kopan, baina gaizki Kopa aurreko partida guztietan. Batista, berriz, nahiko txukun aritu zen Kopa atariko norgehiagoketan, eta oso eskas Kopan. Biek antzeko proportzioan laguntzea litzateke onena, biak batera gutxitan jokatuko badute ere.
Gaitzik larriena, dena den, taldeko bi piezarik onenetakoen bakardadean dago. Fernando San Emeterio da Baskoniako 3 bakarra, hegaleko peto bakarra, eta ez dauka ordezkorik. Antzera gertatzen da Mirza Teletovicekin. Garaieraz eta gorpuzkeraz 4 bat da bosniarra, hegal-pibota, baina 3 postuan jokatu zalea da, urruneko jaurtiketa ona baitu. Iazko sasoian osagai bikaina bihurtu zen liga bukaeran Lior Eliyahu, eta sasoi bukaera honetan ere antzera ibiltzea espero dute zaleek Nemanja Bjelicarekin. Serbiarraren aldeko apustua, ordea, oso arriskutsua da, taldeak orain arte 35 partida jokatu baditu, Bjelica desagertuta egon delako ia denetan.
Sow Gasteizen geratuko dela jakinda, Baskoniak jokalari espainiar bat bakarrik fitxa dezake taldea indartzeko. Teorian Sowek libre utzi behar zuen fitxa betetzeko Mustafa Shakur eta Milton Palacio ziren hautagairik sendoenak, baina atzerritar plaza hori 3 edo 4 postuetan aritzen den jokalari atzerritar bat fitxatzeko erabiltzea ere aztertzen ari zen taldea. Orain zaila da mugimendu handirik egotea, Baskoniaren kutxako soberakina ez baita handia, eta jakina, Espainiako merkatua mundu osokoa baino txikiagoa delako.
Eta mugimendurik gabe, zer? Etorritako zenbait jokalarik ez dute lanerako grinarik. «Irabazteko sufritu egin behar da, eta sufritzea gustatu behar zaizu». Asko esan zuen esaldi horretan Dusko Ivanovicek. Mezua norentzat zen, ez, noski, baina jasotzaileek izen eta abizenak dituzte, eta denbora gutxi daramate Gasteizen.
Gaitzak mila, erremedioa zaila
Denboraldi erdia joan da, eta Baskonia gorabeheratsu dabil oraindik. Joko antolatzaile peto bakarra du taldeak, Huertas, eta 3 eta 4 postuetan ere urri dabil baliabidez: San Emeterio eta Teletovic bakarrik ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu