SEVILLA 2. OSASUNA 0

Gaizki aukeratu du mozorroa

Osasunak irudi oso kaskarra eman du lehen zatian eta garesti ordaindu du, ezin izan baitio buelta eman Sevillaren golariBigarrenean ausart eta oldarkorrago aritu da, baina Palopek zapuztu ditu aukerak

Imanol Magro Eizmendi.
2012ko otsailaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gola: 1-0: Medelek (15. min.); 2-0: Trochowskik (93. min.)Epailea: Velasco Carballo. Txartel horia Sevillako Faziori, Spahici eta Palopi; eta Osasunako Raitala, Nino eta Lolori. Bestelakoak: 45.000 ikusle zaratatsu Sanchez Pizjuan estadioan.

Osasunak bi mozorro eraman zituen atzo Sevillako inauteri girora. Bata ilun eta zozoa; bestea, aldiz, ausart eta koloretsua. Biak jantzi zituen, bana zati bakoitzean. Grisa hasteko, eta bizia atsedenaldian. Joko sistemak asko eragin zuen, Mendilibarrek uzkur eta defentsa jokalariekin ekin baitzion partidari. Atsedenaldian, berriz, aldaketak egin eta oldarkorrago zelairatu zen. Iragan astean Bartzelonaren aurka jantzitako mozorroaren antza handia zuen, baina zentzua eta eraginkortasuna falta zitzaizkion. Eta zergatik ez? Raul Garcia ere falta zitzaion. Metamorfosia beranduegi iritsi zen, ordea, Sevillak lehen zatian lortu baitzuen gola, eta bigarrenean ondo eutsi zion errentari, kontraerasoa bilatuz eta Palopen laguntzaz.

Osasunazaleak gaua Txapeldunen Ligan pasatzearekin egin zuen amets herenegun. Hori zen Sevillan krisian dagoen talde baten aurka irabaztearen saria. Baina Iruñeko taldea asko aldatzen da etxetik kanpo. Egiten ari da sasoia ez da inondik kaskarra, baina nonbait orbaina egotekotan autobusa hartzen duen aldiro azaleratzen da. Orain sailkapeneko erdi aldean dago, eta kanpoko uzta hobetzean dago amets egiteko eskubidearen gakoa.

Lehen minutuetan ikusi zen bi taldeek abiadura ezberdinetan jokatzeko zelairatu zirela. Sevillaren hankak gehiegizko motibazioak elikatu zituen, eta oso estu hartu zuen Osasuna. Joko landurik egin gabe, baina hegaletatik ziztu bizian sartuta. Itsu aurrerantz. Osasuna bere arean giltzapetu zuen, etxekoak albotik nola pasatzen ziren ikustera zigortuta balego bezala. Nortasunik gabe aritu ziren nafarrak, iragan asteko adorearen printzik gabe.

Kanoute beteranoa zen itsasargia, eta Sergio eta Flaño erotu zituen bere kontrol dotoreekin. Arriskua, baina, hegaletatik zetorren.Oso argigarria da Osasunako hiru jokalarik txartel horia ikusi zutela lehen ordu erdian. Gainezka egiten zuen katiluak. Gola laster iritsi zen (15. min), jokaldi nahasi batean Negredok atzera pasea eman eta Medelek, bakar bakarrik area ertzean, jaurtiketa bortitz eta lau batekin baloia sareetara bidali zuenean.

Golak ez zuen Osasuna esnatu. Ohiko presioa ez zen inondik ageri, eta baloia Sevillak zuen bakarrik. Jose Luis Mendilibar, bitartean, eztarria urratu zuen garrasika. Hainbat jokalarik egin zituzten beroketa ariketak lehen zatian. Ohar sotila, halere, ez zen akuilu izan, Sevillak aukera hobeak izan baitzituen. Osasunak bakarra izan zuen, etxekoen atzeko lerroak gaizki defendaturiko falta batean. Entzutekoa izango zen entrenatzaileak atsedenaldian jokalariei egingo zien errieta.

Mendilibarrek bi aldaketa egin zituen atsedenaldian. Ibra eta Lamah zelairatu zituen, hasierako sistema uzkurra desegin eta abiadura eta eromen puntu bat bilatzeko. Askoz hobera egin zuen taldeak, beste aurpegi bat zen. Cejudok areaz kanpotik (51. min) eta batez ere Lamhak (78. min) izan zituzten aukera onenak. Erdilari belgikarrarena izan zen argiena, jokaldi bizi baten ondoren area barruan bakarrik errematatu zuenean. Bietan, baina, Palop atezain beteranoak Osasunaren asmoak zapuztu zituen. Gorritxoek gol bat sartu eta berdinketa mereziteko adina meritu egin zituzten, baina gaizki aukeratu zuten mozorroa. Sevillak kontraerasoa bilatu zuen bigarren zatian eta Trochowskik ondo bideraturiko sartu zuen bigarren gola (93. min.), luzapenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.