David Doblas. Lagun Aro GBC taldeko jokalaria

«Gakoak: bakoitzak dakiena egitea eta zaintzan estutzea»

David Doblas, saskira gogotsu sartzen, Bilbo Basketen aurka etxean jokaturiko partidan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Taldean urte gehien daraman jokalariarengana jo du BERRIAk, Lagun Arok azken bi asteetan erakutsi duen hobekuntza benetakoa den edo ez jakiteko. Betiko moduan, adeitsu erantzun du Doblasek (Pedreña, Kantabria, 1981).

CAIren aurka irabazi, Real Madrilen aurka tarteka ondo... Zein giro dago taldeko sukaldean, zer esaten diozue elkarri?

Esango nuke Real Madrilen aurka gutxieneko hori bete genuela. Ez zen izan partida osoan, eta, jakina, Real Madrilen aurka hutsak garesti ordaintzen dira. Defentsan egurra ematen ez baduzu, jai daukazu. Egurra, ondo uler dadila. Eman, baina epaileek faltarik ez adierazteko moduan. Saiatu behar dugu aurkariari esaten gure zonan inor ez dela sartuko; puntuak egin behar badituzte, hirukoen bitartez izan dadila, baina ez saskipean min egin digutelako.

Epaileek ere ez zuten askorik lagundu, ezta?

Hori galdu egin genuelako esaten da. Irabazi izan bagenu, inork ez zuen ezer esango epaileen inguruan. Intentsitaterik gabe jokatu genuelako galdu genuen, Llulli sei hiruko bakar-bakarrik jaurtitzen utzi geniolako.

Baikortasunerako tarterik bai, eta zergatik?

Erabateko baikortasuna. Bidea zein den ikusi dugu. CAI zortzi onenen artean sartuko den taldea da, eta irabazi egin diogu. Nola? Defentsan gogor jokatuz. Taldekideek ikusi dute aukera badugula bakoitzak bere lana fin egiten badu: batzuk errebotean, bestea txapelak jartzen, hurrena asistentziak ematen edo hirukoak sartzen, baina bakoitza berea egiten. Oinarrizko arauak bete behar ditugu denok, ondo egiten dakiguna egiten saiatu, eta ez egiten ez dakiguna egin. Oinarrizko arau batzuk daude, eta horiek betetzea da lehen lana. Ez da analisi sakon-sakonik egin behar.

Adibidez?

Nik hirukoak jaurti behar ditut edo ez? Ez, ezta? Noski, jaurti dezaket, baina beste gauza batzuk egiten askoz hobeto moldatzen banaiz, horiek egiten saiatu beharko dut, ez? Eta nik bezala, beste kide guztiek. Bakoitzak ondoena dakiena egin behar du.

Batzuk beren kasa ari direla dirudi, zenbaki onak lortzeko baino ez.

Ez, ez, kontuz. Ni denei buruz ari naiz, ez bat edo bestearengatik. Nik beste inork baino erantzukizun handiagoa dut hemen daramadan denboragatik, agian, eta ez naiz neurria ematen ari.

Baina atzerritarrak taldeko makulu izaten dira normalean, eta Lagun Arokoak aurten ez dira ondo ari.

Ez nago ados. Agian soldatarik onena dugunok hartu behar dugu erantzukizuna. Atzerritarrak laguntzen saiatzen ari dira, denak bezala. Norbaitek espero badu nik esatea errudunak atzerritarrak direla, oker dago.

Nola atera zulotik?

Defentsarekin. Partida askotan pattal hasi gara; kontrako alde handia pilatu, eta akabo. Estutzen badugu, irabazi egiten dugu eta kito. Madrilen aurka 20 puntuz galtzen ari ginela, bederatzira hurbildu ginen, eta haiek bi puntu sartu zituzten. Zure saskia itxi behar duzu. Ez gaude saskiratze trukean sartzeko moduan, 80-85 puntura jokatzeko moduan, baina bai defentsan sufritzeko prest.

Nahiko ondo aritu zara defentsan azken bi partidetan.

Bueno, norberak bere lana du, eta nik defentsan estutu behar dut, blokeo zuzenetan indarra egin...

Etorkizunik ba al da, lehen itzulia 3 edo 4 garaipenekin bukatzen bada?

Estatistikak begiratu. Ez gara halako egoerari buelta eman dion lehen taldea izango. Asmoa Obradoiro, Valentzia eta Bartzelona menderatzea da. Gero gerokoak.

Jokalari aldaketek zerbait konpontzen al dute?

Ni pibota naiz, ez entrenatzailea. Galdetu blokeo zuzenen inguruan, bizkarreko jokoaz, baina ez jokalari aldaketen inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.