Zoro dabil Espainiako Liga. Puntu bakoitzak garrantzi handia du sailkapenari begira, aitaren batean helburuetara urrundu edo gerturatzeko ahalmena baitu, eta urre gorriaren pare ordaintzen dira hiru puntuak. Urte hasiera onari eutsi eta aurtengo hirugarren garaipena eskuratu nahi du Realak Huescaren aurka. Sailkapenaren zuloan daude espainiarrak, 11 punturekin, eta zazpi ateratzen dizkio Vila-real azken-aurrekoak. Donostiarrak, aldiz, goiko postuei begira jarriak daude, eta haien bila joateko abagune ezin hobea da gaurko neurketa. Alabaina, tentuz ibiltzeko ohartarazi zuen Imanol Alguacil txuri-urdinen entrenatzaileak: herenegungo prentsa agerraldian: «Ahaztu egin behar dugu azken sailkatuaz. Partida garrantzitsu bat gehiago da, gauza asko ondo egiten dituen talde baten aurka».
Alguacilek bost partida daramatza txuri-urdinen aulkian, eta oraindik ez du partidarik galdu: «Balio handia ematen diot bolada on horri. Talde bat sortzeko denbora behar da, eta horretan gabiltza. Beti da hobea irabaziz hazten joatea, eta aldagela eskuzabala aurkitu dut. Gauza asko ditugu hobetzeko, baina hautsi dugu bolada txarra».
Prestatzaile oriotarrak ezingo du Miguel Angel Moya atean kokatu, min hartu baitzuen atzoko entrenamenduan. Alabaina, David Zurutuza osatu da, eta deialdian sartu du Alguacilek. Erdilariak asteak zeramatzan zelaietatik kanpo. Halaber, Mikel Merinok ere taldeari laguntzeko aukera izango du, zigorra bete ostean.
REALA-HUESCA
Reala. Rulli; Zaldua, Navas, H. Moreno, Aihen Muñoz; Illarramendi, Merino, Zubeldia; Oiartzabal, Januzaj eta Willian Jose.
Huesca. Santamaria; Miramon, Insua, Etxeita, Pulido; Herrera, Rivera, Moi Gomez; Cucho, Enric Gallego, eta Ferreiro.
Epailea. Prieto Iglesias.
Lekua. Anoeta (29.000 ikusle).
Ordua. 18:30ean (Bein La Liga).
Galdu ezinezko abagune bat
Realak Huesca azken sailkatua jasoko du gaur, Anoetan. Moyak min hartu du, eta deialditik kanpo geratu da; zerrendara itzuli da Zurutuza

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu