Arrauna. Kontxako Bandera

Galizia beste garailerik ez du ezagutzen Kontxak

Laugarren aldiz jarraian lortu dute bandera galiziarrek, herenegun bigarren luzean nagusi izanda

Galiziako arraunlariak, Donostiako kaira iristen, Kontxako bandera eskuetan dutela. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Beti Galiziak. Aurkariak inoiz baino hobeak izan arren, Galizia berriz ere garaile. Lau aldiz jokatu dute emakumezkoen Kontxako Bandera, eta lauretan irabazle bakarra ezagutu du. Neurria hartu dio lehia horri, eta berdin dio besteek zer egiten duten. Datorren urtera arte itxaron beharko da joera hori hautsiko den ez ikusteko.

Aurtengoak egin ditu egin beharrekoak, eta aurreko urteetakoa gertatu da. Zumaiak lehen igandean lau segundo atera zizkiola? Berdin da. Herenegun, hamabost sartu zizkion Galiziak. Aurreko igandean Getaria-Tolosa segundo eskasera geratu zitzaiola? Hor konpon. Beste hiru sartu zizkion herenegun. Denborak begiratuta, ematen du galiziarren traineru gorria erabat nagusi izan zela, baina lehen luzean bestelakoak izan ziren kontuak. Laugarren kaletik joan zen garailea, hirugarrenetik Zumaia, eta bigarrenetik Galizia. Elkarren ondoan hiru faboritoak. Ziabogara arteko bidea ere antzera egin zuten. Hasieran, Zumaiak erakutsi zuen muturra, eta gero, Galiziak eta Getaria-Tolosak. Borroka estua zihoan.

Baina ziabogan, asko aldatu ziren gauzak. Batez ere, zumaiarrentzat. Luze joan zitzaien trainerua, eta, gainera, ontziari buelta emateko orduan, olatu artean geratu ziren, zuloan, ez aurrera, ez atzera. Hantxe galdu zuen lehen igandeko altxorra, eta han joan zitzaizkion bandera irabazteko aukera guztiak. Getaria-Tolosa ere baldar ibili zen ziabogan; zabal hartu zuen, baina, behintzat, ontzia biratzerakoan ez zuen ezusteko aurkaririk eduki. Galizia jarri zen buruan ziaboga eman berritan, baina Getaria-Tolosak harrapatu ere egin zuen. Bien arteko kontua zen banderarena. Hiru hautagaietatik bi besterik ez ziren geratzen. Baina segituan murriztu zen bakarrera. Laugarren kalearen aldeak ondo baliatuz, eta hirugarrena ere libre zeukala kontuan hartuz, nahierara egin zuen bigarren luzea. Getaria-Tolosa, aldiz, nahi eta ezinean zetorren. Gogorra behar du izan aurkariak ihes egiten dizula ikusteak. Halaxe gertatu zen, eta Galiziak atea itxi zien gainerakoei irabazleen zerrendan sartzeko ahalegin horretan.

Galiziarrekin, polemika

Uretako lehiak horixe eman zuen, baina lehorrekoa hasita zegoen lehenago. Ordezkarien bileran, hain zuzen. Getaria-Tolosak eta Zumaiak jakin zuten Galiziak epez kanpo sartu zituela bi arraunlariren fitxak eta beste batek ez daukala fitxarik Galiziako Federazioan. Horren berri eman zioten bileran antolakuntzari, baina horretan geratu zen kexua. Donostiako Udalak erantzun zien edonongoa izan daitekeela fitxa, eta arraunlari horrek ez zuela arazorik arraun egiteko.

Beste bien kasuan, erantzunak ez zuen helduleku sendorik izan. Araudia gizonezkoena bezain zorrotza ez dela erantzun zieten Zumaiari eta Getaria-Tolosari, eta hor bukatu zen eztabaida. Ez ziren konforme geratu Gipuzkoako bi klubak, eta araudia aldatzeko proposamenak egitea aztertzen ari dira. Haien hitzetan, «Galizia Espainiako selekzioa delako araudi horri esker, eta gu, berriz, herrietako klubak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.