Arrauna

Galizia maite dute Zierbenan

Zierbenak irabazi du Eusko Label Ligako hamahirugarren bandera Dani Perez entrenatzailearen herrian, Moañan. Hondarribia Urdaibairen aurretik iritsi da, eta bost punturena da aldea, orain

Zierbenako eskifaia aurten, artxiboko irudi batean ARITZ LOIOLA / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Galiziako uretan aritu nahiko luke Zierbenak asteburuero. Ez da gutxiagorako. Eusko Label ligako bigarren bandera astindu zuten atzo Jalipoek, Moañan (Galizia). Lehenengo garaipena ere Galizian lortu zuten, aurreneko jardunaldietan. Hondarribia aurretik izan zuten lehen hiru luzeetan, baina azken ziaboga on baten ostean, hegan etorri ziren bizkaitarrak. Hondarribia izan zen bigarren, eta puntu bat murriztu zuen Urdaibairekin zeukan aldea sailkapen nagusian. Gaur ere Galizian arituko dira, Boiron.

Ohorezko txanda berdindua joan zen, eta azken luzean erabaki zen dena. Hondarribiak eskuratu zuen lehenengo abantailatxoa, baina lau ontziak segundo bakarrean iritsi ziren lehen ziabogara. Hala ere, laurek Orio baina motelago egin zuten lehen luzea. Jon Salsamendiren taldeak baino bi segundo gehiago behar izan zituen Hondarribiak, ohorezko txandako azkarrena zenak. Esperantza izpi bat izan zuten oriotarrek une batez, baina bigarren luzetik aurrera, berehala galdu behar izan zuten. Hondarribiak eta Zierbenak hartu zuten aginte makila, eta elkarren ondoan aritu ziren, bigarren eta hirugarren kalean. Hala ere, Donostiarra eta Urdaibai ez zeuden urruti, bost segundora biak.

Donostiarra atzean gelditu zen pixkanaka, eta hirugarren ziabogan zortzi segundo galdu zituen. Hondarribia Zierbena baino segundo bat bizkorrago irisi zen ziabogara, Urdaibaik Orioren denbora egin zuen. Altxorra zen hori Hondarribiarentzat, baina azken luzean dena aldatu zen. Urdaibaik Orioren denbora nabarmen hobetu zuen, eta Zierbenak aurre hartu zion Ama Guadalupekoa-ri. Oso berdindua izan zen azken luzea, baina azken metroetan Zierbenak estropada hautsi zuen, eta airean iritsi ziren helmugara. Dani Perez prestatzailea pozik agertu zen, etxean irabazita: «Hainbat estropadatan gertu izan dugu garaipena, eta oso berezia da nire etxean iritsi izana».

Bigarren txandak kolore bakarra izan zuen: Horia. Salsamendiren taldea bolada gozoan dago, eta azken bi asteburuetan bere benetako mailatik gertuago aritu dira Mirotzak. Hasiera-hasieratik aurreratu ziren, eta luze bakar batean sei segundo atera zizkion bigarrenari. Alde hori handituzjoan zen, eta, iragan larunbatean bezala, bakar-bakarrik egin zuten bide osoa. Txandako beste hiru ontziak elkarrengandik hurbilago aritu ziren. Isuntza eta Getaria estu aritu ziren txandako bigarren postua lortzeko lehian. Elkarren ondoan egin zuten ia estropada guztia, baina azken luzean, Cabok aurrea hartu zien biei, atzetik aurrerakoa eginda.

Aurreneko txandan zegoen eguneko bigarren saltsa. Azken postu hori libratu nahian daude Santurtzi eta Meira, eta galiziarrek Santurtziren bolada txarra baliatu nahi zuten etxean, are gehiago hurbiltzeko. Baina ezin. Ondarroak aurreratu zuen branka lehen metroetan, eta Meirak asko sufritu zuen hasieratik. Zaleen aupadarik ez zitzaien falta izan, baina lehen ziabogara iristerako bost segundo galdu zituzten etxekoek. Bigarren luzean, gainera, aldea handitu egin zen, eta hamahiru segundo galduta iritsi zen etxeko taldea bertara. Santurtzi, aldiz, ez zen tematu. Moreek bazekiten garrantzi handia zeukala Meira atzean uzteak, eta hori egin zuten. Azken hilabetean denetarik gertatu zaio Soterari, eta denak txarrak. Egun lasai bat behar zuten, estropada arazorik gabe amaitzea; eta hori, behintzat, lortu zuten.

Txandako garaipenaren lehia Ondarroaren eta Kaikuren artekoa izan da. Lehen bi luzeetan Iñaki Errastiren eskifaia hobeto aritu zen, baina bigarren ziabogatik aurrera nagusi izan zen Kaiku. Azken metroetan, gainera, Santurtzik estu hartu zuen Ondarroa, baina segundo bakarragatik bada ere,Ondarroa gailendu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.