Galiziako arraunlariak, etorri bai, baina joan ez

Hogeita bat arraunlari galiziar dabiltza San Miguel, Euskotren eta Gipuzkoako ligetan lehian, hango taldeetatik at. Euskal Herrira etorri direnen kopurua handitu egin da aurten, Zierbenak fitxatutakoekin.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2016ko uztailaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Arraun munduan, Galiziako arraunlaria joan-etorriekin lotzen da askotan; hango klubek San Miguel eta Euskotren ligetan asteburuero lehiatzeko egin behar izaten duten errepideko ordu mordoarekin. Baina badira 21 arraunlari joan gabe dabiltzanak; etorri egin ziren Kantabria (Espainia) eta Euskal Herriko taldeetan arraun egitera, eta denboraldia amaitzen denean joango dira etxera.

Ohikoa izan da joera hori urteetan, batez ere Kantabriako taldeetan, baina, orain, Euskal Herrian ere galiziar arraunlari asko dabiltza. Urdaibain beti egon izan dira entrenatzaile galiziarrak izan zituzten garaitik —Fran Gonzalez eta Jose Manuel Francisco—, eta, orain, Jon Salsamendirekin ere hiru dauzkate. Kopurua handitu duena Zierbena izan da, sei baitauzka, Juan Zunzunegi entrenatzailea barne. Emakumezkoetan, hiru taldetan daude galiziarrak: San Juan, Hibaika eta Hernanin. Kontu berria da hori. Zunzunegi eta Salsamendirekin hitz egin du BERRIAk, eta baita San Miguel ligako Galiziako bi klubetako zuzendaritzako kideekin ere: Suso Nuñez (Tiran) eta Mario Vidalekin (Cabo da Cruz).

Zunzunegi 2007an hasi zen Galiziatik kanpo mugitzen: «Astillerora joan nintzen, eta 2012ra arte egon nintzen han. Gero, 2013an, Portugaleten egin nuen arraun, eta, orain, Zierbenako arraunlari eta entrenatzaile naiz». Galiziatik kanpo dagoen arraun mundua ezagutzeko asmoz abiatu zen kanpora: «Probatu egin nahi nuen zer zegoen, eta, Astillerok aukera ematen zidanez aulki mugikorra egiteko ere, erabakia hartu nuen». Astillero eta Castro entzun, eta izutu egiten da Nuñez, Tirango ordezkaria, garai txarrak ekartzen dizkiolako gogora: «Traineruen Kluben Elkartea hasi zenean, 2003an, oso talde ona geneukan, baina Astillerok eta Castrok taldea hautsi ziguten, fitxaketen bidez. Orduan, diru asko zegoen Kantabrian».

Nuñezen ustez, oraingo etorria ez da ordukoa bezain kaltegarria Galiziako klubentzat, eta iritzi berekoa da Vidal, Caboko presidentea: «Egia da aurkariak indartu egiten direla galiziarrekin, baina guk, harrobiko taldea izanik, etxetik hartzen ditugu arraunlariak, eta ez digu eragiten».

Zunzunegi izan da Euskal Herrira aurten Galiziako arraunlari gehiago etortzearen erantzulea, nolabait esateko, Zierbenan arraun egiteko ekarri baititu batzuk: «Taldeak aldaketak egin behar zituen, eta aukera ikusi nuen batzuk ekartzeko. Bat ekarri, bat horrek beste bati esan etortzeko, eta horrela izan da galiziarrena gurean». Gehixeago sakondu du azalpen honetan: «Klub bakoitzaren egoerak eta Galiziako arraunlari bakoitzarenak baldintzatzen du kopurua». Bizkaian arraunlari gehiago daude Gipuzkoan baino, eta horri ere heldu dio: «Gipuzkoan arraunlariak badaude, Bizkaian gutxiago, eta zulo horiek estali egin behar dira».

Galiziatik Euskal Herrira etortzeko beste faktore bat ere aipatu du: «Hango taldeetan arraun eginda, asteburuero bidaia egin behar da, eta astuna izaten da. Horregatik, hemen arraunean egiteko aukera egin dute batzuek».

«Onak eta gosetuak»

Ba al dago Galiziako arraunlariaren eredu edo prototiporik? Salsamendi ezezkoan da: «Hemen bezala, han ere denetik dago, eta ez daukate ezaugarri zehatzik». Etortzen direnen ezaugarriak, ordea, bai, zehaztu ditu: «Garbi dago onak etortzen direla, hemendik hara joandakoak izango liratekeen bezala. Taldeak indartzera datoz azkenean, eta, gainera, zeregin garrantzitsuak ematen zaizkie taldeetan».

Behin Euskal Herrira etorrita, testuinguru jakin batean kokatzen direla uste du Urdaibaiko entrenatzaileak: «Baliteke Galizian baino errekonozimendu handiagoa jasotzea hemen, eta, ondo dakitenez zertara datozen, sekulako gosea azaltzen dute, irabazteko eta lanerako».

Iritzia eskatu zaien laurek bat egin dute hausnarketa batean, hala ere: «Ez da joera bilakatuko galiziarrak Euskal Herriko arraun taldeetara etortzea. Unean-uneko zerbait da hau».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.