Horrelako aurkezpen txartelarekin, ez da harritzekoa Frantzia izatea faborito nagusia gaurtik hilaren 31ra Austrian jokatuko den Europako Txapelketa irabazteko. Lehiak jarriko du bakoitza bere tokian, baina txapelketaren atarian Frantzia ageri da beste hamabost selekzioen gainetik.
Frantziarrei ez zaie falta akuilurik. Txapela lortuz gero, lehen aldiz irabaziko luke selekzio batek errenkadan urrezko domina hiru txapelketa handienetan, Olinpiar Jokoetan eta Europako eta munduko txapelketetan. Beste hiru selekziok izan dute aurretik eskura balentria hori, hirurak selekzio historikoak: Lavrov, Duixebaev, Atavin eta Kisseleven Errusia; Olsson, Lovgren, Andersson eta Wislanderren Suedia; eta Sola, Balic, Lackovic eta Dzombaren Kroazia. Guztiak erdibidean geratu ziren. Guztiei hirukoaren ale bat falta izan zitzaien, batzuei Olinpiar Jokoak, besteei Munduko Txapelketa eta beste batzuei Europako Txapelketa.
Frantziak ez du geratu nahi erdibidean, atarian. Barruraino sartu nahi du. Eta, horretarako, azken urteetako bizkarrezurraren alde egin du berriro Claude Onesta hautatzaileak: Thierry Omeyer, Nikola Karabatic, Bertrand Gille, Michael Guigou, Jerome Fernandez, Daniel Narcisse, Luc Abalo, Didier Dinart... Horiei guztiei etorkizunean zeresan handia emango duen jokalaria gehitu behar zaie, Xavier Barachet 21 urteko eskuin albokoa, hain zuzen ere. Ciudad Real ahalguztidunak jadanik fitxatu badu, kontuan hartzeko jokalaria den seinale.
Hutsak aprobetxatzeko prest
Eta Frantziak huts egiten badu? Hamaika talde daude prest hori aprobetxatzeko. Izen arrotz gutxi dago horien artean, betikoak ageri dira. Azkenaldian lortutako emaitzak kontuan hartuta, Danimarka da Frantziaren nagusitasuna hausteko baliabide gehien duena. Orain bi urte pisu ederra kendu zuten gainetik lehen aldiz Europako Txapelketa irabazita. Urteak zeramatzaten garaipenaren usainean. Jokatu ederki egiten zuten, bizi-bizi, eta ikuskizuna emanez, baina lana errematatzea falta zitzaien. Norvegian lortu zuten azkenean helburua. Egia da ondoren jokatu diren bi txapelketetan ezin izan dutela maila horretara iritsi -zazpigarren izan ziren Pekinen, eta laugarren Kroaziako Munduko Txapelketan-, bainaUlrik Wilbek hautatzaileak Austriara eraman duen jokalari zerrenda ikusi besterik ez dago txapela lortzeko hautagai sendoa dela ikusteko: Kasper Hvidt, Michael Knudsen, Thomas Mogesen, Mikkel Hansen, Lars Christiansen...Danimarkarren artean ere badago harribitxirik: Niklas Landin Jacobsen 21 urteko atezaina.
Ez dira egongo urruti Kroazia, Alemania, Espainia, Suedia, Polonia, Errusia eta Islandia. Kroaziarrek arantza dute barruraino sartuta, iaz Frantziak eurena izan behar zuen txapela kendu baitzien, non eta etxean, milaka zaleren aurrean. Ivano Balic izango da beste behin taldeko iparra, eta hura ez dagoenean Domagoj Duvnjak 21 urteko erdiko bikainak hartuko du lema.
Alemanian, berriz, Pascal Hensen hutsunea da berririk aipagarriena. Hura gabe, Michael Kraus erdikoak eta Holger Glandorf albokoak izango dute ardura erasoko jokoan. Espainian, ordea, atean eta aulkian daude berrikuntza nagusiak: atean Arpad Sterbik serbiarrak jokatuko du-Espainiako herritartasuna du iaztik-, eta aulkian, Valero Rivero Bartzelonako entrenatzaile izandakoa eseriko da. Azkenik, Suedian, Polonian, Errusian eta Islandian ez dago aldaketa aipagarririk. Aurrekoak, selekzio guztiak bezala, ustekabekoa ematen saiatuko dira. Izan ere, txapelketa honek faborito argi bat du: Frantzia. Oilarrak tente du gandorra, eta horrela eutsi nahi dio.
Azken ekitaldiak
2000 (Kroazia)1. Suedia. 2. Errusia. 3. Espainia
2002 (Suedia)
1. Suedia. 2. Alemania. 3. Danimarka
2004 (Eslovenia)
1. Alemania. 2. Eslovenia. 3. Danimarka
2006 (Suitza)
1. Frantzia. 2. Espainia. 3. Danimarka
2008 (Norvegia)
1. Danimarka 2. Kroazia. 3. Frantzia