Garai bateko atezainen moldekoa

Xabi Iruretagoiena da Eibarko atezaina, eta bigarren aldia ari da betetzen Bigarren Mailan. Orduan hasiberria zen, eta orain, esperientzia handiagoarekin, taldearen oinarrietako bat da.

Aitor Manterola Garate.
Eibar
2013ko azaroaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Oso aspaldi ez dela, futboleko atezainen moldean ezaugarri bat egoten zen beste askoren aurretik: ausardia. Ausartak ziren ate barrutik kanpo ateratzeko, batez ere. Gaur egungoen ezaugarri nagusia ez da atetik kanpora ateratzea goitik dihoazkien baloien bila. Futbolean jokatzeko modua ere aldatu egin da, eta horrek ere izan du eraginik atezainen ezaugarrietan, baina aldaketa nabarmena da.

Ipuruako atearen azpian, gazte bat azaldu zen duela denboraldi batzuk. Zaleek bazekiten bigarren taldekoa zela, Eibar B-koa. Xabi Iruretagoiena zen (Berriatua, 1986), eta lau partida jokatu zituen Bigarren Mailako denboraldi hartan. Bere ezaugarriek ahoa bete hortz utzi zuten zalea: ez zen orduko eta gaur egungo atezainen moldekoa; beste garai batekoa zirudien; oso ausarta zen goiko baloietara ateratzeko, oso garaia izan ez arren.

Sasoi hura joan zen, eta hurrengoak Bigarren B mailan egin zituen Eibarrek, joan zen denboraldian igo zen arte. Tarte horretan guztian eta orain ere berdin, Xabi Irureta da armaginen atezaina. Zaleak harrituta laga zituen hura bidea ari da egiten, eta berriz egokitu zaio Bigarren Mailan aritzeko aukera. Oraingoan, berezitasun batekin, lehen ez bezala: atezain titularra da. «Partida asko jarraian jokatzeari esker, konfiantza gehiago hartu dut, eta lasaitasuna irabazi ere bai», aitortu du. Lasaitasun hori ematen die berak taldekideei: «Ez naiz atearen azpian geratzen goitik datozen baloietan, eta nire bertuteetako bat da hori. Taldearen mesedetan jarri behar dira gauza onak, eta txarrak ezkutatu. Ikusten dut ondo ateratzen naizela goiko baloietara, nahiz eta batzuetan hutsegiteak egin, baina ez naiz atearen azpian geratuko hutsegite batzuk egiteagatik».

Talde osoaren lana aztertzen hasita, oraintxe bertan bolada onean da Eibar, azken bi partidak jarraian irabazita: «Ondo gaude, eta bi partida horietan hiru gol sartu ditugu. Ea golek gurekin segitzen duten». Gogoan dauka, nola ez, duela hilabete inguruko egoera: «Ondo jokatzen genuen, baina golik ezin sartu, eta puntu batzuk galdu genituen». Emaitza ez onen bolada hartan, ordea, taldeak ez zituen gol asko jasotzen, eta orain ere bide berean da: «Horrela segitu behar dugu. Lau partida jarraian ez digute golik sartu. Talde osoaren lana da, atezaina ageri arren halakoetan eta kontrako egoera txarretan ere».

Bolada onarekin segitzeko, aurkari zitala dute gaur Ipuruan: Zaragoza. Xabi Iruretak gogoeta hau egin du: «Polita izango da partida. Berez, goian ibiltzeko taldea da Zaragoza, baina guk etxean jokatzen dugu, eta etxean geratu behar dute puntuek». Helburua gauzatzeko pausoen berri eman du: «Golik jaso ez, eta aukera apurren bat izan eta sartu. Hori egiten ahalegindu behar da Bigarren Mailan».

Atezain baino lehen, jokalari

Horiek ditu gaurkorako asmotzat atezainak, baina gero auskalo zer gertatuko den, futbola oso aldakorra izanik, aurreikusita dagoena berehala aldatzen baita. Iruretagoienak ere bizi izan zuen aldaketa horietako bat duela urte batzuk. «Kadetea nintzela izan zen, 14-15 urterekin. Jokalari aritzen nintzen Berriatuko taldean, eta neguko egun batean, atezainak ikusi nituen entrenatzen, jauzi batera, jauzi bestera. Nik ere atezain izan behar nuela erabaki nuen», oroitu du bere aldaketa. Esan zion entrenatzaileari, eta hark onartu proposamena. Batek daki zer gertatuko zen jokalari jarraitu izan balu, baina atezain bihurtzeak eliteko ateak ireki dizkio gerora

«19 urte nituela fitxatu ninduen Eibarrek, bigarren taldean aritzeko, Hirugarren Mailan». Harrobian txertatu zen, eta pauso azkarrak eman zituen lehen taldera igo arte. Ez dira jokalari asko Eibarko harrobitik lehen taldean geratu direnak: «Hala da, baina nik beti sentitu izan nuen klubaren konfiantza ni goraino igotzeko». Ez da apustu okerra izan klubarena. Bere erreferentziak Oliver Kahn eta Gianlugi Buffon dituen atezaina erantzun ona ematen ari da erronkari.

Eliteko mundu horretan, bide batez, bere herria ezagun egiten ari den beste bat gehiago da: «Bolada onean gaudela ematen du berriatuarrak. Hor daude Anso [Jon Ansotegi] eta Jagoba [Arrasate] ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.