Iker Zabala. Santurtziko entrenatzailea

«Garai gogorra pasatzen ari naiz»

Zabalak ez du uste klubeko zuzendaritzak garai egokian erabaki duenik dimisioa ematea. «Ardura handiz jokatu behar da». Egoera «zail» horri aurre egiteko taldean dagoen «batasuna» nabarmendu du.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2021eko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Iazko Eusko Label Ligako txapeldunak izan berritan, Iker Zabala Sotera-ko entrenatzailea (Bermeo, Bizkaia, 1979) kezkaz mintzatu zen Santurtziri zetorkionari begira. Bada, oraingoan ere aldarte ilunean hasi du solasaldia. Arrazoiak baditu.

Aurreko ostiralean, klubak ohar bat argitaratu zuen esanez egungo zuzendaritzako gehiengoak dimisioa eman zuela: besteak beste, Julio Artetxe presidenteak. Zer sentitu zenuen albistea jakin berritan?

Ez naiz inor inori lezioak emateko, baina Liga hasteko hilabete gutxiren faltan ezin dira horrelako erabakiak hartu. Zeregin horiek denboraldia amaitu berritan egin behar dira. Behin sasoia hasita dagoela, ez dago atzera bueltarik, eta uste dut ardura handiz jokatu behar dela, arraunlariek eta entrenatzaileok beste urtebetez jarraitzeko konpromisoa hartu dugulako. Aurreko zuzendaritzarekin bidea ez zen erraza izan, eta orain ere ez da erraza izango.

Ezustean harrapatu zintuen berriak?

Nik barru-barrutik ikusi dut klubean zer gertatu den. Horrelako gertaerak ez dira egun batetik bestera suertatzen. Elkartean gero eta presio handiagoa zegoen, baina ezin duzu alde egin eta beste aldera begiratu. Beste jarrera batekin lan egin behar da, alde guztietako iritziak aintzat hartuta. Nik badakit zer egin dudan, zer egiten ari naizen eta noraino joango naizen.

Pandemiak gogor jo ditu klubak, batik bat arlo ekonomikoan. Santurtzik ere gerrikoa estutu behar izan al du?

Denok ditugu arazoak, eta inork ez du ihes egin egoera honetatik. Arraun munduan zenbaitek dioteSanturtzin gabiltzanok diru mordoa irabazten dugula. Hori ez da egia. Santurtzik ere arazo ekonomikoak ditu, eta gerrikoa estutu beharrean dago.

Arlo ekonomikoa izan da zuzendaritzak kargua uzteko arrazoietako bat?

Arlo ekonomikoa izan liteke arrazoietako bat, baina beste arrazoi batzuk ere egon dira tartean. Horrelako momentuetan nahiago dut arazoak gure etxean konpontzea, gaia delikatua baita.

Krisi honek nola eragin dizu zuri?

Entrenatzaileari bakardadean lan egitearen eta arazoak bere kasa barneratu behar dituenaren etiketa jarri ohi zaio. Garai gogorra pasatzen ari naiz. Halere, zezenari adarretatik gogor heldu behar zaio. Nik kirol arloan ahalik eta hobekien egingo dut lan. Badakit dena ez dela nire gustukoa, baina urte guztietan pasatzen da hori; aurtengoa ere urte gogorra izango da.

Egoera honi aurre egiteko, taldearen batasuna funtsezkoa izango da, ezta?

Iazko urtea ez zen erraza izan, arlo guztietan, eta aurten ere taldean batasuna egotea gakoa da egoera hori gainditzeko. Talde zentzuduna dut, eta ez daukat inongo aitzakiarik. Gure konpromisoa zera da, hemendik irailera arte batuta egon behar dugula.

Aurreko denboraldia amaitu berritan, BERRIAri esan zenion diru sarrerak bermatzeko arazoak zenituztela. Arazo horiek konpondu dira?

Arazoa konpontzeko ahaleginak egin dira, eta jendea horretan ari da lanean. Esan dezakedana da aurreikuspenak onak direla, baina oraindik asko dago egiteko. Helburu horietara ez bagara heltzen, hitz egingo dugu.

Iaztik, lau arraunlarik utzi dute taldea: Adrian Gonzalezek, Iker Pascualek, Miguel Angel Ruizek, eta Asier Zurinagak [patroia]. Santurtziko etapa ondo amaitu zuten?

Onerako edo txarrerako, nik gauzak oso garbi esaten ditut. Taldea utzi duten lauekin ez dut inongo arazorik izan. Gure konpromisoa urtetik urtera doa, eta, behin denboraldia amaitzen denean, bakoitzak erabaki behar du bere bidea zein den. Haiek Santurtzirekin zuten konpromisoa bete egin zuten, baita nik haiekin ere.

Iritsi direnak, berriz, lau izan dira; besteak beste, sona handiko patroi bat: Gorka Aranberri. Zer-nolako ekarpena egin diezaioke Soterari?

Gorka denon ahotan dabilen patroia da. Beti ibili izan naiz haren atzetik, eta aurten, zorionez, gurekin dago. Santurtzin egiten ari den lana ez da ezustekoa izan niretzat, Urdaibain urte luzez aritu baikinen elkarrekin. Arraunlariak zoratuta eta harrituta daude Gorkarekin, trainerua eramaten duen eragatik eta duen izaeragatik. Uste dut Gorkak eta biok asmatu egin dugula.

Zer moduz doakizue denboraldi-aurrea?

Denboraldi-aurre gogor eta isilari izurriak jarritako oztopoak gehitu behar zaizkio. Esaterako, duela hilabete bi kasu egon ziren taldean, eta etxean bakartuta egon ginen astebetez. Egoera horrek beldurra eta zalantza sortzen dit. Oraingoz, arazorik gabe ari gara lanean, bai klubean bai uretan.

Berehalakoan, zer hobetu beharko zenukete?

Nahiz eta azken denboraldian nahiko txukun aritu garen eta aurten ere talde bertsua daukagun, horrek ez digu bermatzen berriz ere onenekin egongo garenik. Arraunean ordu asko sartu behar ditugu, eta zorte apur bat eduki, iaz ez baikenuen eduki. Egin beharrekoa ondo egiten badugu, berriz ere punta-puntan ibiliko da Sotera.

Egon diren jaitsiera apurretan oraindik ez zarete lehian aritu. Zer dela eta?

Nire erabakia izan da. Urtarrilean egitekoa zen Portugaleteko jaitsieran parte hartzeko asmoa genuen, baina atzeratu egin zuten. Orain dela gutxi egin diren jaitsierak, berriz, ez dira egokiak gure prestakuntzarako. Jaitsiera gehiegi egiten dira, eta horri udako estropadak gehitzen badizkiozu, pentsa; arraunlariek erretzeko arriskua dute. Neguan, traineruarekin ibili beharrean, trainerillekin eta batelekin ibiltzearen aldekoa naiz.

Deustuko jaitsieran ariko zarete gaur; igandean, Oriokoan. Hamalauko onena aterako duzu?

Bi estropadak irabaztea izango da asmoa, baina badakigu besteak ere asmo berarekin joango direla. Beraz, tripulazio indartsua atera beharko dugu lehen postuetan ibili nahi badugu.

Denboraldiari begira, jaitsieretako emaitzek erakuts dezakete ontzi bakoitza non dagoen eta zertarako gai den?

Orioko jaitsierako emaitzen papera gorde, eta udan ateratzen baduzu, ikusiko duzu ez dela alde handirik egongo. Azken urteetan, gainera, joera hori nabarmena izan da, eta garbi dagoena da udan trainerua azkar ibiltzea nahi baduzu, otsailean punta-puntan egon behar duzula. Garai honetan ondo ez bazabiltza, berri txarra izango da.

Eusko Label Ligako egungo txapeldunak zarete. Zeuen burua gai ikusten duzue bigarrenez jarraian titulua eskuratzeko?

Potentzial aldetik gaitasuna badugu. Nortzuk joan eta nortzuk etorri diren ikusita, uste dut iaz bezala goiko postuetan ibiliko garela. Hori bai, horretarako, denboraldia oso ondo hasi beharko dugu, eta buru-belarri joango gara bandera guztien bila. Hori bai, aurkariak gu baino azkarrago ibiltzen badira, egin behar dugun gauza bakarra da haiek zoriontzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.