Carlos Martinez. Realeko jokalaria

«Garai txarrak igaro behar izan ditut, baina orain jokalari gogorragoa naiz»

Gorabehera ugari izan ondoren, denboraldiko «unerik onenean» dago nafarra; Vila-reali gaur irabazita, lasai igaro nahi ditu oporrak.

«Garai txarrak igaro behar izan ditut, baina orain jokalari gogorragoa naiz».
jon eskudero
Donostia
2014ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Profesional ibilbideko denboraldirik «gogorrena eta arraroena» amaitzeko gogoz dago Carlos Martinez (Lodosa, Nafarroa, 1986). Txapeldunen Ligako atarikoan, Lyonen, min hartu zuen. Erabat osatu gabe itzuli, eta asteko bi partida jokatu behar izan zituen luzaroan. Gero, aulkian esertzea ez ezik, deialdietatik kanpo geratzea ere tokatu zitzaion, «ezustean». Eta, orain, hamaikakoan tokia berreskuratu duenean, denboraldia amaituko zaio. «Oporrak lasai igarotzeko bosgarren postuan sailkatu nahi dugu». Horretarako, txuri-urdinek Vila-real gainditu beharko dute gaur, Anoetan, eta, horrez gain, Sevillak ezingo dio irabazi Elxi (21:00).

Bistan denez, bosgarren sailkatzea bikaina litzateke; baina, zazpigarren izatea, negatiboa al litzateke?

Inondik ere ez. Denboraldia bere osotasunean aztertu behar dugu, eta, nire ustez, lan ona egin dugu. Sasoi hasieran sinatuko genukeen halako emaitzak lortzea. Gorabehera dezente izan ditugu, baina nota onarekin gainditu dugu denboraldia. Hori bai, nota jaitsi ez dadin Vila-reali irabaztera derrigortuta gaude.

Joanekoan baino hobeto jokatu beharko duzue.

Egia da. Sasoiko partidarik txarrena jokatu genuen El Madrigal zelaian, eta 5-1 galdu genuen. Oraingoa ezberdina izango da. Jokalariok fresko gaude, konfiantzaz, eta badakigu irabazi egingo dugula. Vila-real indartsu dago, baina gu indartsuago.

Indar kontuetan, akaso, Sevilla dago ahulen. Balia zenezakete.

Alde horretatik, bi analisi egin daitezke. Batetik, nekatuta egongo dira, eta nekea igarri egingo dute zelaian; baina, bestetik, Europako Liga irabazi izanagatik festa egingo dute, eta partida irabazi nahiko dute festa biribiltzeko. Gu gurera, eta kito.

Nekea aipatuta, zuek ere nekatuta heldu al zarete sasoi amaierara?

Bai, psikologikoki, batez ere. Hiru lehiaketatan parte hartzea gogorra da, baina gustura aritu gara. Orain, dena den, momentu onean gaude, orain dela hilabete baino hobeto. Joan den asteburuan Athleticen aurka ongi jokatu genuen.

Zer iruditu San Mames?

Izugarrizko estadioa. Pena da astero halako zelaietan ezin jokatzea. Anoeta berria ere ikusgarria izango da, ziur. Paper gainean, behintzat, itxura ona du.

Taldea ez ezik, zu ere duin aritu zinen San Mamesen. Halere, ez zaituguikusi iragan sasoian bezala.

Maila hartara ez naiz hurbildu ere egin. Lesioek eta bestelako kontuek ez didate utzi. Iragan sasoia bikaina izan zen niretzat.

Brasilgo Munduko Txapelketa joan den urtean izan balitz...

Zergatik ez! Akaso izango nuen joateko aukerarik! Ez, ez, izan gaitezen errealistak. Aurten taldekide batzuk joango dira: Griezmann, Bravo, Seferovic... Onena opa diet, baina ea uda lasaia izaten dugun. Uste dut Griezmannek Realean jarraituko duela.

Zurera itzulita, garai txarrak igaro al dituzu? Bi asteburuz segidan deialdietatik at geratu zinen.

Buruari buelta asko eman nizkion. Inori ez zaio gustatzen kanpoan geratzea, eta niretzat kolpe gogorra izan zen. Zuritik beltzera igaro nintzen astebeteren buruan. Ez nuen espero, baina orain jokalari gogorragoa naiz. Gainera, zure postu berean lehiakideak edukitzea ona da, eta Zaldua ondo jokatzen ari da.

Zein azalpen eman zizun Jagoba Arrasatek?

Ez zidan azalpenik eman. Eskas jokatzen ari nintzela pentsatuko zuen, eta kito. Ez dago azalpen beharrik. Realaren partidak telebistaz ikusten nituen, etxean, neska-lagunarekin, eta asko sufritzen nuen, baina ez dago besterik. Futbolak halako kontuak ditu.

Neska-laguna esan duzu, baina laster emazte izango duzu.

Datorren larunbatean ezkonduko gara, bai. Denboraldia noiz amaituko zain geunden ezkondu eta ospakizunetan murgiltzeko. Ilusioz nago.

Erabat gipuzkoartuta zaude, beraz.

Bai. Hamahiru urterekin hasi nintzen Realean, eta bizitza erdia Donostian daramat. Hasierako garaiak gogorrak izan ziren, astean hiru aldiz egiten bainuen Lodosatik Donostiarako eta alderantzizko bidea, aitarekin. Pentsa, bi orduko bidea dago batetik bestera. Baina merezi izan du. Oso pozik bizi naiz Gipuzkoan.

Halere, odol nafarra duzu. Osasunak eutsiko al dio mailari?

Horixe nahi nuke. Realean hasi aurretik Osasunan pare bat proba egin nituen, eta bihotzean daramat Iruñeko taldea. Haren partida gehienak ikusten ditut telebistaz. Begira, bitxikeria bat kontatuko dizut: Osasunak mailari Anoetan eutsi zionean, ni zelaian nengoen, baloiak biltzeko zereginean. Intentsitate handiarekin ikusi nuen lehia, eta sufritu nuen, baina lortu zuten helburua. Orain ere lortuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.