Bero egiten du, 16:00ak dira, eta Mutrikuko (Gipuzkoa) kaleetan jende gutxi dabil; itzaletan edo hondartzan egongo dira asko, baina bestelako zereginetan dabil Eneritz Lizardi (Mutriku, 2004). Bihar kantxaratuko da berriro, urte eta erdiren ostean, bere jaioterrian jokatuko den emakumeen Jai Alai Ligako Master Seriesean. 2024ko urtarrilaren 12an eskuin belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen, eta, geroztik, geldirik egon da. Herriko kale estuen artean, hor dago Miruaitz pilotalekua, eta han pilotaren hotsa aditzen da; saskia eskuan dutela, herriko gaztetxoak entrenatzen eta prestatzen ari dira. Nabari da herri zestazalea dela, eta etorkizuna dagoela.
Urte eta erdiren ostean, zuriz jantziko zara berriz. Zer moduz?
Ongi nago, pozik. Urte eta erdiko epea luzea izan da, baina iritsi da eguna.
Bi ebakuntza egin dizkizute. Nolakoa izan da osatze prozesua?
Luzea eta gogorra. Lehenik eta behin, lotailu gurutzatua hautsi nuela barneratu behar izan nuen. Lehenengo ebakuntza ez zen espero moduan atera, belaunak ez baitzuen behar zuen dinamika hartu, eta, hanka tolestu ezin nuenez, bigarren ebakuntza egin behar izan zidaten. Horren ostean, garapena erritmo onean joan zen, eta, azkenean, itzultzeko moduan naiz.
Aurretik 22 urtez azpiko Europako Txapelketa, 23 urtez azpiko Munduko Txapelketa eta Euskal Herriko zein Munduko Txapelketa Nagusiak irabazi zenituen. Gero, bat-batean, lesioa etorri zen. Nola hartu zenuen?
Horrela izan zen, bai; gogorra izan zen. Txikitatik ohitura batzuk hartuak nituen, eta une batetik bestera horiek aldatzea tokatu zen. Azkenean, espero ez duzun egoera batean zaude, baina halakoak ere egokitzen dira. Askotan esaten da kirolaren alderik ilunena lesioak direla, baina jada igaro da, eta ea berriz gozatzeko aukera dudan.
Zer pentsatu zenuen lotailu gurutzatua hautsi zenuela esan zizutenean?
Kirol munduan askotan entzuten den lesio bat da, eta oso larritzat jotzen da. Nahiz eta unean bertan sekulako mina sentitu nuen, shockegoeran geratu nintzen hasieran, ez bainekien zer espero. Esan zidatenean zer lesio zen, berehala ohartu nintzen ebakuntza egin beharko zidatela; Interneten informazioa bilatu, eta konturatu nintzen hilabete batzuk geldirik egon beharko nuela. Gainera, espero baino denbora gehiago egon naiz geldirik, eta hori ere barneratze prozesu bat izan da nahi nuen horretara iristeko.
Babestua sentitu zara?
Beti sentitu izan naiz babestuta. Markinan [Bizkaia] jokatzen ari nintzela hartu nuen min, eta, Mendaroko [Gipuzkoa] erietxera iristerako, dei eta mezu ugari nituen sakelako telefonoan. Hurrengo egunetan ere jende asko izan nuen lesioaren inguruan galdezka, eta hori asko eskertzen da. Beti izan dut nori eskatu laguntza; badakit prozesu luzea izan dela, baina ez zait iruditzen inor laguntza emateaz aspertu denik. Horrez gain, badakit lana nik egin behar dudan arren norbait beti izango dudala laguntzeko prest.
«Badakit lana nik egin behar dudan arren norbait beti izango dudala laguntzeko prest»
Zer iruditu zitzaizun Mutrikun berriro hastea jokatzen?
Orain bi hilabete Eraman taldekoekin [Zesta Punta profesionala kudeatzen duen enpresa] hizketan aritu ginen. Orain Emakumeen Jai Alai Liga sortu da, eta datak gutxi gorabehera ipini zituztenean, Iñaki Osa Goikoetxearekin hitz egin nuen. Maiatzean Bilboko Iron Cup Txapelketa jokatu ostean, uztailean Mutrikun Master Seriesa jokatzea zen asmoa. Fisioterapeutak agindutakoari jarraikiz, esaten zuten maiatz inguruan jokatzeko moduan izango nintzela. Baina, azkenean, belauna ongi zegoela ikusten bazuten ere, esan zuten goiz zela txapelketa garrantzitsu bat jokatzeko, oraindik ere mentalki ez nuelako nahikoa konfiantzarik. Horregatik pentsatu genuen onena zera zela: berriz jokatzen hastea uda hasierarako uztea. Goikorekin hitz egin, eta kasualitatea ere izan da garai honetan Mutrikuko Master Seriesa egokitzea. Horrela tokatu da, eta oso pozik nago, etxean jokatzea beti baita plazera; eta urte eta erdiren ostean berriro zuriz janztea, are handiagoa.
Nolakoak izan ziren itzulerako entrenamenduak?
Martxoan, saskia hartzeko ongi ikusten nuen neure burua. Gimnasioko lana apur bat albora utzita, ni bakarrik hasi nintzen kantxan entrenatzen. Ordu asko pasatu nituen saskiarekin buruz buru, erritmoa hartzeko eta gorputza bere onera ekartzeko. Pixkanaka, beste kide batekin hasi nintzen entrenatzen, eta gerora ekin nien binakako lan saioei. Azken finean, bete behar den prozesu bat da, denbora asko geldirik egon ostean, gorputza ez dago lehengo moduan, eta gehiago kostatzen da erritmoa hartzen. Orain askoz hobeto nago, entrenamenduetan ondo sentitu naiz, eta, ondorioz, berriro lehiara itzultzeko pausoa eman dut.
Prozesu horretan zer ikasi duzu?
Pazientzia edukitzen eta garai txarretan aurrera egiteko zerbaiti heltzen ikasi dut. Ez naiz sekula pazientzia handikoa izan, eta, zerbait lortzeko lan handia egin behar dela dakidan arren, beti gauzak azken unean egitekoa izan naiz. Lesio luzea izango zela ohartu nintzen, baina inork ez zuen espero prozesua hain luzea izango zenik. Halere, bidean pazientzia handia edukiz, eskertu beharrekoei eskertuz eta negar eginez, uste dut sufritzen ikasi dudala. Kanpotik bizi izana gogorra izan da; nahi eta ezin bat. Gimnasiora joaten nintzen; batzuetan, egun hobeak nituen, eta beste batzuetan, okerragoak. Hori ere barneratu behar da. Eguneroko ahalegina baloratzen ere ikasi behar da.
«Lesio luzea izango zela ohartu nintzen, baina inork ez zuen espero prozesua hain luzea izango zenik»
Orain hiru urte jokatu zenuten Munduko Txapelketa Nagusia estreinakoz. Orduko hartan egunkari honetan egindako elkarrizketa batean zera esan zenuen: «Tinko eutsi behar diogu aukera honi, segi dezan». Zer iruditu zaizu ordutik hona egindako bidea?
Zestak berak ere garrantzi handia hartu du ordutik hona. Ikusten da gaur egun modan-edo dagoen kirol bat dela, bai telebistak eman dion indarragatik, bai euskal selekzioak ofizialki lehen aldiz Nazioen Liga jokatzeagatik. Nire ustez, atzetik lan ona egiten ari dira; orain hamar urte inork ez zuen pentsatuko halako bilakaera bat izango zenik. Egia da lehen bere oihartzuna bazuela, baina ez zen hainbestekoa, eta emakumezkoena are gutxiago. Orain hiru urte eduki genuen aukera inoiz jokatu ez genituen txapelketetan lehiatzeko, eta ikusi besterik ez dago Gernikan [Bizkaia] jokatu den Nazioen Ligan emakumeen lehiak ere zer-nolako ikusmina sortu duen eta jendeak nola bizi izan duen.
Euskal selekzioa aurten lehiatu da estreinakoz ofizialki nazioarteko lehiaketa batean. Puntista moduan zer izan zen hori zuretzat?
Guretzat hau sekulakoa izan da. Ahal izan nuen guztietan joan nintzen, eta, gainontzean, telebistan ere ikusi nituen norgehiagokak. Kanpotik ikustea ere handia izan zen, eta, euskal selekzioak ofizialki jokatu ahal izango zuela jakin zenean, telefono deiak ugaritu egin ziren. Harro sentitu nintzen kolore berdea eta ikurrina halako lehiaketa batean ikusita, eta esango nuke euskaldun guztiok oso une ederrak bizi izan genituela bertan. Nire ustez, oraindik ere garai oso ederrak daude bizitzeko.