Garaiak aldatu direlako

Lau t'erdian egiten duten jokoak azken urteetan izan duen «beharturiko» bilakaeraz aritu dira Irujo eta Olaizola II.aIrujo: «Duela sei urte esango genuen Aimarrek orain hartzen dituen pilotak biziak direla»

Juan Martinez de Irujo pilota bat probatzen, Juan Mari Juaristi eta Aimar Olaizolaren begiradapean, atzo, Bilboko pilotalekuan. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2012ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Ia sei urte eta erdi igaro dira Juan Martinez de Irujok eta Aimar Olaizolak elkarren aurkako lau t'erdiko lehen partida jokatu zutenetik. San Fermin egunez izan zen, Iruñean, eta Irujok irabazi zuen. Egun hartan bazekiten ez zela azken aldia izango. Zuzen zebiltzan, gero beste zazpi partida egon direlako, eta bakoitzak launa garaipen pilatu ditu. Emaitzetan oreka egon da. Jokoan, ordea, bilakaera: gero eta biziago. «Urte hauetan asko aldatu da Aimarren jokoa», esan zuen atzo irmo Irujok. «Lehen askoz gehiago jokatzen zuen botera, kontserbadoreagoa zen. Orain, aldiz, airea bilatzen du. Oldarkorragoa da».

Igandean berriz neurtuko dituzte indarrak, Bilbon, eta atzo eginiko pilota aukeraketak gelakide ohien bilera kutsua izan zuen. Biak atzera begira jarri ziren, bestea aztertuz. «Aimarren jokoa aldatu da, dena aldatu den bezala. Bizitza bera da, orain askoz erritmo biziagoan jokatzen da. Aukeratzen dituen pilotetan ere alde handia dago, baina modalitate guztietan. Duela sei urte esango genuen orain hartzen dituen pilotak biziak direla», adierazi zuen Aspeko aurrelariak.

Olaizola II.ak ere bere egin zuen analisia. «Nire jokoa aldatu egin da. Pilota bizietara egokitu behar izan dut. Orain airez gehiago sartzen naiz, eta min handiago egiten dudala ikusi dut». Iazko lau t'erdiko txapeldunak ez zuen bere gain bakarrik hartu nahi izan aldatu izanaren estigma, eta etziko aurkariari ere begiratu zion. «Irujoren jokoa ere aldatu da. Ez da orduko bera. Titinek aldatu zuen lau t'erdian jokatzeko modua, eta gero Irujo hasi zen. Gehiago jokatzen du airez, baina behartuta».

Goizuetakoak, sakontzen jarrita, argi du zein izan den bilakaeraren arrazoia. «Aspaldi ari naiz esaten pilota biziegiekin gabiltzala. Egokitu beste erremediorik ez dut izan. Irujok esanikoak erakusten du nik duela urte batzuk hartzen nituen pilotak onak zirela jokatzeko, behetik gehiago zebiltzanak. Garai haietan, batek baino gehiagok kritikatzen zituen». Atzo, dena den, ez zen arazorik egon. Biek denbora asko behar izan zuten aukeraketa egiteko, eta, kontrakantxatik ikusita, pilota desberdinak ziruditen. Irujorenak, 106,6 eta 106,9 gramokoak, biziagoak; eta Olaizola II.arenak, 105,3 eta 106,1 gramokoak, bote gutxiagokoak.

Final kutsua duen partida da etzikoa. «Baina ez da final bat», zehaztu zuen Irujok. «Erabat desberdina da, alde handia dago final bat eta partida honen artean. Igandean irabazten duenak ez du txapelik. Dena den, ilusionatuta nago, final batetik 22 tantora bakarrik nagoelako». Apustuek Olaizola II.a joko dute faborito garbitzat: 100-70i. Txapelketa bikaina egiten ari da, baina haren aurkariak ez daki inoizko onena den. «Egia esan, Olaizola II.ak lau t'erdiko txapelketa txar gutxi jokatu ditu. Inoiz baino hobeto dagoen? Oso ondo dago, hori da kontua».

Bizkaia pilotalekua betetzea espero da, atzo kantxako sarrerak bakarrik gelditzen baitziren. Harmailetan bi mila eserleku daude, guztien bi herenak. Finala ez izan arren, Olaizola II.a eta Irujoren artekoek ikusmin berezia sortzen dute pilotazaleengan. Eurentzat, ordea, ia ohiko bihurtu dira. «Aimarrek eta biok askotan jokatu dugu elkarren aurka, baina horrek ez du berezi bihurtzen. Finalerdi bat delako nago irrikan, baina beste edozeinen aurka balitz, berdin nengoke». Olaizola II.a antzera mintzatu zen aurkariaz. «Nireak arduratzen nau, nire maila emateak, aurkaria edozein dela. Irujoren aurka izateak ez nau bereziki motibatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.