Ilargiaren antza du Mont Ventoux mendatearen gailurrak. Harkaitza besterik ez dago han; haizearen indarrak galarazi egiten du landaredia haztea. Igoeraren lehen zatia zuhaizpean egiten da, baina Chalet Reynardetik igaro ostean, ingurua zeharo desberdina da. Bada, txirrindulariek norgehiagoka handia izan dute ilargi itxurako tontorrera bidean, Gerra Hotzeko espazioko lasterketan baleude bezala. Hainbeste, ezen esprintean jokatu baita garaipena, igoera luze eta gogorreko azken metroetan. Hiru iheslari izan dira buruz buru, Ben Healy (Education First), Valentin Paret-Peintre (Soudal) eta Santiago Buitrago (Bahrain). Healy indarrez abiatu da helmugaren bila, baina azken momentuan aurreratu egin du Paret-Peintrek. Hura izan da ilargira iristen lehena, suziriaren pareko abiaduran.
Hortik gutxira helmugaratu dira bi faborito handiak, Tadej Pogacar (UAE) eta Jonas Vingegaard (Visma). Bosgarren eta seigarren izan dira, hurrenez hurren. Danimarkarrak begietara begiratu dio gaur Tourreko liderrari, eta, atzean utzi ez duen arren, azken astera gogotsu eta sasoiko iritsi dela erakutsi du. Oso zaila izango da harentzat lasterketa iraultzea, Pogacar lau minutura baitu oraindik ere. Saiatu, behintzat, saiatuko da. Eraso gogorrak kateatu ditu gaur, eta, era berean, ondo erantzun die maillot horiaren erritmo aldaketei. Hautacamen kale egin eta gero, hobera egin zuen Pirinioetan, eta gaurko emaitzak konfiantza emango dio Alpeetako etapei begira.
Florian Lipowitzek (Red Bull), berriz, minutu bat galdu du bi faborito onenekin. Alemaniarrak Parisko podiumeko hirugarren koskara igo nahi du, eta bide onean da. Izan ere, gaur 36 segundoren aldea atera dio laugarren sailkatuari, Oscar Onleyri (Picnic), eta, hartara, bi minutuko arrakala zabaldu du; Pogacarrekiko 9.03ko atzerapena du Lipowitzek, eta 11.04koa Onleyk. Primoz Roglic Lipowitz taldekidearekin batera iritsi da Mont Ventouxeko tontor haizetsura, eta hark aurrea hartu dio nagusian Kevin Vauquelini (Arkea); bosgarren da orain, 11.42ra. Onley aurreratzeko eta gutxienez podiumaren atarira iristeko aukera du oraindik.
Montpellierretik abiatu, eta ordekan lehiatu dira txirrindulariak egun osoan, harik eta bukaeran horma garai bat topatu duten arte. Proventzako erraldoia deitzen diote Mont Ventouxi, eta zerbaitegatik da hori: 15,7 kilometro luze da, eta, gogortasunari dagokionez, %8,8ko batez besteko pendiza du. Txirrindulari askoren ametsa da mendate beldurgarri hori konkistatzea, eta abenturazalez jositako multzoa sortu da tropeletik ihes eginda. Alex Aranburu (Cofidis) izan da horietako bat. Aurtengo Tourreko lehen saiakera izan du. Healyrentzat, berriz, hamaikagarrena izan da.
UAE lasterketa kontrolpean izaten saiatu da hasieran, baina iheslariak urrundu egin dira kilometroen joanean. Sei minutuko errentarekin iritsi dira azken 40 kilometroetara, eta Mont Ventoux igotzeari antzeko aldearekin ekin diote. Ordurako, hori bai, zatiturik zegoen lasterketa buruko multzo jendetsua. Mendateen aurretik ziklista astunek egin ohi dute eraso, baina gaur, bi igotzaile fin aldez aurretik nabarmendu dira: Mas eta Thymen Arensman (Ineos). Haiek Julian Alaphilipperekin batera iritsi dira igoerako lehen maldetara.
Akabo Mayoren marka
Mas ziztu bizian abiatu da garaipenaren bila. Mont Ventouxen irabaztea gauza handia da, eta balentria hori lortuta, bere inguruko kritikak apaldu zitzakeen Masek. Hasieran, tarte ederra lortu du: 45 segundo zituen hamar kilometro gelditzen zirela, eta errenta handiagoa izan du apur bat aurrerago. Haatik, Healyk egindako erasoak zeharo aldatu du egoera. Gosez ekin diote jazarpenari hark eta Paret-Peintrek, eta helmugatik lau kilometrora harrapatu dute Mas. Elkarri eraso egin, eta elkarri begira geratu dira gero. Masek eta Buitragok harrapatu egin dituzte. Baita Ilan Van Wilderrek (Soudal) ere. Hark bideratzaile lana egin dio Paret-Peintre taldekideari, eta, esprinta abiatzen lehena Healy izan den arren, frantziarra izan da helmuga zeharkatzen aurrena.
Faboritoen lehiari dagokionez, Vingegaardek Chalet Reynardera heldu aurretik egin du lehen ahalegina, eta beste zenbait egin ditu geroago, ihesean ibilitako taldekideen erreleboei jarraipena emanda. Pogacarrek eserita ihardetsi dio, baina, era berean, neke apur bat islatu du haren aurpegiak. Gutxienez, ahoa zabaldu behar izan du. Esloveniarra gurpiletik ateratzea ia ezinezkoa denez, hura arnasestuka jartze hutsa garaipen txiki bat da. Liderrak azken bi kilometroetarako gorde ditu indarrak: eraso kamuts bat egin du lehenik, eta esprinta irabazi du gero. Mont Ventoux inoiz baino azkarrago igo dute, eta, hala, Iban Mayok 2004an ezarritako marka apurtu.
Ostegunetik aurrera Alpeetan barneratuko dira ziklistak, baina, lehenik, nahiko etapa samurra jokatuko dute bihar, Bollene eta Valence artean. Bidean bi igoera gaindituko dituzte bakarrik, eta laugarren mailakoak dira biak. Teorian, esprinterrentzako egun aproposa da. Indar kontua izango da. Izan ere, Tourreko azken astean tropelaren ahalmena ez da hasierako berbera izaten. Esprinterren taldeek kale egiteko zain egongo dira alde egiteko asmoa duten txirrindulariak.