Futbola

Garaipen egarria ase nahi dute

Realak lehen aldiz irabazteko xedez ekingo dio Granadaren aurkako partidari. Alavesek Valentzia hartuko du etxean, eta joan zen asteleheneko kolpea ahaztea du helburu

Umar Sadiq, Gironaren aurkako partidan, baloiaren lehian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Jon Ander De la Hoz - Pettan Uralde
2023ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Edozein lehia baloratzeko garaian, nahia asetzea da aldagairik garrantzitsuena. Horren araberakoak izango dira hausnarketak eta ondorioak. Realak sailkapenaren goialdean abiatu nahi izan du Espainiako Lehen Mailan, baina lehen hiru jardunaldietan ez du partidarik irabazi. Batak dakar bestea, ordea, eta puntuak hirunaka biltzen hasteko garaia du, xedea gehiegi aldendu baino lehen.

Txuri-urdinek hiru puntu batu dituzte beste horrenbeste neurketatan, hirurak berdindu egin dituztenez gero. Urrats bat gehiago egin nahi dute gaur, Granada mendean hartuta (14:00, Dazn). Donostiako taldeak etxean jokatuko du beste behin, eta etekina atera nahi dio horri, sasoi honetan estreinako aldiz.

Izan ere, Imanol Alguacilek sekula baino puntu gutxiago bildu ditu aurtengo denboraldi hasieran, beste urteetakoarekin alderatuz gero. Teknikari oriotarraren esanetara aritu den bost denboraldietan, inoiz ez du lehen hiru jardunaldien langa gainditu irabazi gabe. Aurtengo aldiaren berritasun nagusietako bat da hori, eta, gainera, etxeko errendimenduak eragina izan du horretan.

Ez alferrik, Reala kamuts aritu baita Anoetan jokatu dituen bi norgehiagoketan. Horrek sailkapenaren bigarren erdian kokatu du: hamabigarren postuan dago. Granada, aldiz, hamabosgarrenean da, baina bi taldeek oso hasiera ezberdina izan dute ligan. Txuri-urdinek ez dute irabazi, baina ezta galdu ere; espainiarrak, aldiz, gorabeheratsuago aritu dira. Lehen bi partidak galdu ondotik, hirugarrenean lortu zuten gailentzea.

Realak gaur nahi du lehen garaipena, eta Imanol teknikariak aho bizarrik gabe onartu du hori: «Irabazteko beharra beti dago. Biharko partidari hiru puntuak lortzeko helburuarekin ekingo diogu». Horrekin batera, «90 minutu on» egitearen beharra azpimarratu zuen.

Realak tarte zabala izan du norgehiagoka prestatzeko; joan zen ostiralean jokatu zuen orain hurrena. Tarte horretan, gainera, Kieran Tierney batu da txuri-urdinen multzora. Man uhartean jaiotako jokalaria joan zen astelehenetik ari da taldearekin lanean, eta arazorik gabe jokatzeko moduan dagoela adierazi zuen entrenatzaileak. Imanolen esanetan, «fisiko aldetik oso ondo etorri da, eta joko aldetik ez dago desberdintasun handirik Arsenalek edo Realak egiten duenarekin».

Bestalde, zalantzak ziren Takefusa Kubo deialdian egongo ote zen; izan ere, arazo fisikoak izan ditu aste osoan. Jokalari japoniarra aritu da bizien liga hasieran, eta, azkenean, deialdi barruan sartu da. Harekin batera, Aritz Elustondo batu da. Imanolek argi utzi zuenez, barruan badaude, «ondo» daudelako da.

Granada talde igo berria da, eta maila berreskuratu ondotik, hari eustea du lehendabiziko helburua. Gorabehera asko izan ditu taldea osatzeko garaian; hamar jokalarik utzi dute multzoa, eta, trukean, beste horrenbeste fitxatu ditu. Paco Lopez du teknikari. Iazko sasoia abiatuta zegoela hartu zuen taldearen gidaritza, eta Bigarren Mailako txapeldun izan zen. Hasieran Reala baino talde apalagoa izanagatik, Imanol ez da kontrarioaz fio: «Granadak oso jokalari trebeak ditu, kalitate handikoak, eta entrenatzaile ona dute. Paco ezagututa, gauzak zail jarriko dizkigute».

Mendizorrotzaren abaroan

Realak nola, Alavesek ere gaur jokatuko du ligako laugarren jardunaldia. Gasteizko taldeak ez hotz, ez bero abiatu du aurtengo sasoia. Emaitza berdinarekin galdu du etxetik kanpora aritu den bi aldietan (1-0), Cadizen eta Getaferen aurka, hurrenez hurren. Kontrara, erakustaldia eman zuen etxean aritu zen lehen partidan, Sevilla menderatuta (4-3).

Mendizorrotzako gol festaren tankeran aritu nahi du gaur, zaleen abaroan. Arabarrek Valentzia hartuko dute (18:00, Dazn), denboraldiko bigarren garaipenaren esperoan.

Luis Garcia Plazaren taldeak hezur gogorra izango du aurrean. Valentzia izan da txapelketa hasierako ezusteko atseginetako bat. Kirol arlotik at, arazo sorta izan du udan, baina taldeak ondo ekin dio lehiari, bederatzitk sei puntu bilduta. Alaveseko entrenatzaileari galdetu zioten ea Valentzia sailkapeneko aurkari zuzena iruditzen zaion, eta argi utzi zuen bere iritzia. «Benetako aurkari zuzenak lau edo bost izango dira. Agian, ez da Txapeldunen Ligan sartzeko borrokatzen duen Valentzia handia, baina ez dut ikusten mantentzeko borrokatuko den hautagai bat balitz bezala».

Teknikariak gaur emango du deialdiaren berri, eta, atzo esan zuenez, bi jokalari zalantzan daude. Hala ere, deialdian espero da Ianis Hagi iritsi berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.