Jokatutako hiru partidetatik bi irabazita, final laurdenetara igarotzeko aukera ia ziurtatua du Alberto Munarriz waterpolo jokalari iruindarrak. Bart gauean Kroazia 2012ko jokoetako txapeldunari irabazi dio Espainiako selekzioarekin (9-4), eta sei taldek osatutako multzoan hirugarrena da. Aurreneko laurak igarotzen dira hurrengo fasera.
Munarrizen taldea lehen laurdenetik izan da nagusi markagailuan, eta lehen bi laurdenak amaitzerako bideratua zuen partida (4-1). Erreakzionatzen saiatu da Kroazia, baina 6-4ra gerturatu eta gero, segidan hiru gol lortu ditu Espainiako selekzioak, partida erabakita utziz.
Larunbat goizaldean (01:50) jokatuko du Munarrizek ligaxkako laugarren partida, Frantziako selekzioaren aurka, eta igandean azkena, Montenegroren aurrean.