FUTBOLA

Garaipen grisa lortu du euskal selekzioak

6-1 irabazi dio Boliviari, orekarik gabeko partida batean. Zaleek botariko suziri ugariek eta harmailetan izandako liskarrek partida itsustu dute. 

2012ko abenduaren 29a
23:03
Entzun

Euskal selekzioak garaipen grisa lortu du gaur Donostian, Gabonetako lagunarteko partidan. Zelai gainean ez da egon orekarik, eta harmailetan liskarrak egon dira. Estadioa ere ez da bete, antolatzaileek ia 26.000 ikusleko datu ofiziala eman dute, baina harmailetan kopurua askoz txikiagoa zela zirudien.

Liskarrak lehen zatian egon dira. Hegoaldeko ate atzeko harmailetatik suzi eta petardo andana jaurtiki dute, eta lehen zati osoan ke laino itxia egon da zelaiaren gainean. Ikusle horien jarrerak norgehiagokaren lehen ordu erdia baldintzatu du, jokoa bera bigarren maila batean gelditzeraino. Aulkiak ere bota dituzte, eta Ertzaintza bortizki oldartu zaie borrakadaka. Harmaila hori indarrez hustu dute atsedenaldiaren aurretik.

Partidari dagokionez, Bolivia ez da aurkari izan. Atzeko lerroak erraztasun asko eman ditu eta euskal selekzioak bi gol sartu ditu lehen ordu laurdenean, eta ordurako agerikoa zen zein taldek irabaziko zuen. Atsedenaldira 4-0 irabazten iritsi da eta gol gehiago izan zitezkeen, Bolivia oso biguna izan delako.

Bigarren zatian harmailetako giroa baretu egin da, eta partidako erritmoak nabarmen egin du behera. Toquerok sartu du bosgarren gola (57. min), eta oso gertu izan du seigarrena —bere hirugarrena— bost minutu geroago.  Azken minutuetan partidak festa kutsua hartu du eta ikusleak olatua egiten hasi dira. Boliviak 79. minutuan sartu du gola, etxekoen defentsak lo hartu duenean.

Golak: 1-0: Adurizek (9. min); 2-0: Adurizek (16. min); 3-0: Toquerok (22. min); 4-0: Ibai Gomezek (27. min); 5-0: Toquerok (57. min); 5-1: Pontonsek (78. min); 6-1: Agirretxek (90. min).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.