Ander Vilariño. Europako Nascar txapelduna

«Garaipen honi esker, hurrengo urtean nire benetako ametsa beteko dut»

Europako Nascar Txapelketako lehen txapelduna da Ander Vilariño. Garaipen horrekin, hurrengo denboraldian AEBetako Nascar Txapelketan parte hartzeko aukera izango du.

VILARIÑO MOTORSPORT.
Donostia
2012ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Ander Vilariñok (Hondarribia, Gipuzkoa, 1979) historia egin du automobilismoan. Igandean lorturiko garaipenaren ostean, Europako Nascar Txapelketako lehen garailea bilakatu da, eta interesa piztu du AEBetako taldeetan. Hamabi lasterketetan emaitza paregabeak lortu ditu: zazpi garaipen eta bi bigarren postu.

Etxean ez duzu lekurik izango Nascar Txapelketa hau gordetzeko...

[Barrez] Normalean, lasterketetako kopak taldekideei ematen dizkiet. Beraiei eskerrak emateko modu bat da. Txapelketetakoak,berriz, nik gordetzen ditut. Lekutxoren bat egingo diot, ziur.

Hiru egun igaro dira txapeldun bihurtu zinenetik. Orain, hotzean, nola ikusten duzu lortutako garaipena?

Nire ibilbideko emaitzarik garrantzitsuena da. Europan zein AEBetan izan duen oihartzuna ikusita, garaipenak duen garrantziaz ohartzen naiz. Urte osoan lan gogorra egin dugu helburu hau lortzeko.

Zer moduzko harrera egin dizute herrian?

Etxean ez dut ezer berezirik egin [barrez]. Ospakizun nagusia zirkuituan bertan egin genuen. Festak gauera arte iraun zuen, eta taldea hain pozik ikustea oso hunkigarria izan zen niretzat. Hondarribiko Udalak plazaratutako hitzak ere irakurri ditut, eta benetan eskertzekoa da norberaren herriak horrelako babesa ematea.

Nascar Txapelketan lehen aldiz, eta garaile. Zer desberdintasun dago auto horietatik besteetara?

Desberdintasun handiena autoaren kontrolean dago. Formulako autoak askoz arinagoak dira, metro oso gutxian frena daiteke. Aldiz, Nascar autoak askoz pisutsuagoak dira eta frenatzeko orduan arazo handiagoak izan ohi ditugu pilotuek. Gainera, autoaren atzeko aldeak errazago egiten du irrist.

Urte osoan erregulartasunari eutsidiozu, eta amaierara arte sailkapeneko buruan egon zara. Denboraldia hasi aurretik, espero zenuen amaiera hau?

Egia esan, hori zen nire helburua. Denboraldi hasieran garaipena helburu gisa ezartzen duzunean, irabazteko esperantza beti egoten da. Hala ere, egia da oso ondo aritu garela hasieratik. Lehen lasterketatik txapelketa kontrolpean izan dugu, eta horrek lasaitasun handia eman digu. Erregulartasun horri esker, azken bi lasterketetan dena kontrolpean izan dugu, eta lasaitasun handiarekin ibili gara.

Txapelketako azken proban pole-a lortu zenuen. Gertuago ikusten zenuen titulua?

Oso urduri nengoen. Izan ere, Nascarrean, azken lau lasterketetako puntuek bikoitza balio dute, eta hori zen nire urduritasunaren arrazoia: lasterketa amaitzen ez banuen, txapelketarik gabe geratzeko arriskua nuen. Aldiz, pole-a lortu eta lasterketa hasi zenean, lasaituz joan nintzen. «Ander, lasai joan zaitez, eta buka ezazu lasterketa, nola edo ahala», esan nion neure buruari. Le Manseko gure helburua lasterketa amaitzea zen, eta horri esker lortu dugu titulua.

Txapelduna izateagatik lorturiko saria ez da edonolakoa... AEBetako Nascar Txapelketan parte hartzeko aukera lortu duzu.

Izugarria da. Horrez gainera, otsailean Daytonen egingo den speedweek-ean parte hartzeko aukera lortu dut. AEBetanmotorrak duen egungarrantzitsuena da, etaniretzat benetako ohorea da han egotea; nire ametsa beteko dut.

Abenduan Charlottera joango zara, han egiten den sari banaketara. Bisita aprobetxatuz, AEBetako taldeekin hitz egiteko intentziorik bai?

Bai, helburua hori da. Jada bi taldek deitu didate, eta eurekin hitz egiten hasi naiz. Hurrengo urteari begira, ahalik eta lasterketa gehienetan korritu nahiko nuke AEBetan. Hiru talderen egoitzak ere bisitatuko ditugu Charlotten, nola lan egiten duten ikusi ahal izateko. Horiekin akordioa lortzea benetan zaila ikusten dut, baina asko esan nahi du beste bi talderen deia jaso izanak .

Ekonomia aldetik, krisialdia nabaritu duzue?

Bai, asko. Adibidez, aukera hau beste garai batean agertu izan balitzait, askoz errazagoa izango zitzaidakeen denboraldi osorako AEBetara joatea. Aldiz, gaur egungo egoerarekin, oso zaila da AEBetara denboraldi osorako joatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.