Mikel Laboa zenaren kantuak dioen bezala, hegoak ebakiz gero ez dago gehiago txoria izaterik. Bada, Reala ere ez da bera izaten ari denboraldi hasiera honetan, ezta gutxiagorik ere. Besteak beste, ohiko joko eta nortasunetik urrun agertu da, hegoak ebaki baitizkio, nork eta Las Palmasek. Partida kezkagarria jokatu dute txuri-urdinek, lehen zatian batez ere, eta emaitza bera izan dute albisterik onena. Las Palmasek hiru bider bidali du baloia langara, eta horrez gain, Remirok bertsiorik onena plazaratu behar izan du. Aparteko geldiketak eginda, hura izan da txuri-urdinetan onena. Hots, azken minutuetan garaipena lortzeko aukera on batzuk izan ditu Imanolen taldeak, baina ezin ezkuta daiteke sasoi onetik urrun direla donostiarrak, jokoz zein fisikoki. Zenbakiek ez diote gezurrik, eta jokoan izandako bederatzi puntuetatik soilik hiru batu dituzte. Horrez gain, sentsazioak txarrak izan dira.
Sasoiko lehen garaipena lortzeko baikor zen Imanol neurketaren atarian, eta hasierako hamaikakoari erreparatuta bazen horretarako motiborik. Izan ere, Mikel Merino, taldearen gidaria, prest zegoen denboraldiko lehen minutuak jokatzeko. Ordea, nafarraren presentziak ez dio mesederik egin taldeari. Las Palmas nahi erara aritu da: baloia ezker eskuin mugitzeko ez du arazorik izan, eta presioan ere baloi asko eskuratu ditu. Hortik iritsi zaizkio gol aukerak. Sandrok, esaterako, langara bidali du baloia bosgarren minutuan. Eta gauza bera egin du Loiodicelek hortik hamar minutura. Areaz kanpotik egindako jaurtiketa bortitzak langa jo du, Remirok baloia hatzekin ukitu ondoren. Suarekin jolasten zebiltzan txuri-urdinak, eta mirariz ez dira kiskali. Ezin izan dute jokorik kontrolatu, ez baitira gai baloia oinetan izateko, eta estrategia jokaldietan ere sufritu egin dute. Korner batean gola gertu izan dute etxekoek.
Esanguratsua izan da, adibidez, Zubimendiren eta Remiroren arteko jokaldia, atsedenaldiaren atarian. Erdilariak atezainari eman behar dio baloia, beste askotan bezala, baina biek ez dute elkar ulertu, eta baloia kornerrera joan da azkenean. Bistakoa zen konfiantza erabat galduta zegoela Imanolen taldea, eta, horregatik, atsedenaldian aldaketa bikoitza egin du entrenatzaileak. Sadiq eta Oiartzabal zelairatu zituen Carlos Fernandez eta Barrenetxearen ordez. Gutxienez, bigarren zatiaren hasieran ez du hainbeste sufritu Realak. Jokoaren kontrol handiagoa izan du, jokalariak hobeto kokatuta baitzeuden zelaian. Gainera, erasoan Oiartzabalek pare bat agerpen on izan ditu, baina abiadura eta inspirazioa falta izan zaizkio min egiteko.
Azken txanpan hautsi egin da lehia, eta bi areatan izan da arrisku sentsazioa. Zubimendik oso gertu izan du gola buruz, baina beste aldean ere hirugarren aldiz langara bidali du baloia Las Palmasek. Zakharian errusiarrak debuta egin du txuri-urdinekin, baina ezer gutxi egin ahal izan du bere taldearen jokoa hobetzeko. Berdinketa ontzat jo du Imanolek amaieran, baina, ezbairik gabe, taldeak badu zer hobetua. Larunbatean izango du lehen garaipena lortzeko aukera. Granada hartuko du etxean.