Golak. 1-0: Orellanak (28. min.). 2-0: Larriveyk (48. min.). 2-1: Agirretxek (69. min.). 2-2: Jonnyk bere atean (92. min.). Epailea. Hernandez Hernandez. Txartel horiak: Celtako Nolitori, eta Realeko Canalesi, Granerori, Markeli, Agirretxeri eta Zalduari. Bestelakoak. 18.000 ikusle inguru Balaidosen.
Zer diren gauzak. Zer den futbola. Orain bi aste dena zen iluna Realaren inguruan. Real Madrilen aurkako partida bukatuta, ordea, azkar argitu ziren kontuak. Berriz ere, atzo, guztia ilun bilakatuko zela zirudien. Edo, hobeto esanda, ilun zegoen guztia. Zale txuri-urdinek sare sozialetan izan zituzten erreakzioei erreparatu besterik ez zegoen horretaz jabetzeko. Ezustean, baina, adorea, grina eta jarrera ona erakutsi, eta Celtaren bi goleko aldea ezerezean utzi zuen Realak. Nola utzi ere. Agirretxek lehenik eta Jonnyk bere atean eginiko golei esker, berdinketa baliotsua lortu zuten donostiarrek Balaidosen. Egiari zor, ez zuten itxura bikaina eman, baina gauza positibo asko utzi zituzten.
Neurketari ongi ekin zion Realak. Oso ongi. Hamaikakoan berritasun batzuk izanagatik, adoretsu agertu ziren Jagoba Arrasaterenak. Lehen minututik presioa oso aurrean egin zuten, kosk egitera zelairatu ziren, eta lehia kontrolpean izan ez arren, gol aukerak izan zituzten. 11. minutuan, esatera, Graneroren pase eder bat ez zuen baliatu Prietok. Velak 15. minutuan eta 19.ean ere izan zuten Reala aurretik jartzeko aukerarik.
Babak eltzetik ateratzen jakin zuena, baina, Orellana izan zen. Etxeko taldea okerren ari zenean egin zuen 1-0ekoa. Realak korner bat atera zuen, gaizki, eta kontraerasoa baliatuta aurretik jarri zen Celta. Gol horrek min egin zien txuri-urdinei, eta ez zuten erreakzionatzeko gairik erakutsi.
Aldaketek, fruitua
Hori gutxi ez, eta bigarren zati hasieran Larriveyik bigarren gola egin zuen. Hori ikusita, Arrasatek Agirretxe eta Chory Castro zelairatu zituen. Bete-betean asmatu zuen. Taldea gora etorri zen, eta 69. minutuan gola egin zuen usurbildarrak. Bigarrena Jonnyk egin zuen bere atean. Partidaren bilakaera ikusita, emaitza ona eskuratu zuen Realak.
2. CELTA. 2. REALA
Garaiz heldu da erreakzioa
Partida bukaeran indar zein jarrera bikaina azaldu, eta 2-0eko emaitza berdintzea lortu du Realak, Balaidosen, Celtaren kontra

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu