Frantziako Tourra

Garatek irabazi du Mont Ventouxen

Irungo txirrindulariak garaipen handia lortu du Frantziako Tourrean. Hiru itzuli handietan eskuratu ditu jadanik etapak. Andy Schleckek eta Armstrongek lagunduko diote Contadorri podiumean. Bihar bukatuko da Tourra, Parisen. Bigarrenez irabaziko du Contadorrek. Astarlozak 11. amaituko du.

2009ko uztailaren 25a
18:42
Entzun
Euskal txirrindularitzak aurtengo Frantziako Tourrean bigarren etapa irabazi du gaur: Juanma Garate (Irun, Gipuzkoa; 33 urte) Rabobank taldeko txirrindulariak. Mont Ventoux mendi mitikoan lortu du, gainera. Mikel Astarloza Euskaltel-Euskadiko ziklistak asteartean erdietsi zuen etapa.

Ihesaldi handi bateko parte izan da Garate, eta bukaeran Tony Martinekin geratu da. Esprintean nagusitu zaio -hiru segundo atera dizkio-. 21 kilometroko igoera da Mont Ventoux, %7,6ko batez bestekoarekin, haizetsua eta lehorra.

Faboritoen tropela 38 segundora heldu da. Astarloza 18. sartu da, 2.44ra.

Gaurkoarekin, hiru itzuli handietan ditu etapa garaipenak Garatek, 2001ean Espainiako Vueltan bat irabazi zuelako eta 2006ko Italiako Giroan beste bat. 2004an Giroan laugarren izan zen eta 2006an mendiko maillota lortu zuen. Duela lau urte Espainiako errepide Txapelketan garaile izan zen.

2000tik da profesionala; Lampre taldearekin aritu zen. 2000tik 2004ra artean Lampre-Daikin taldean aritu zen, 2005ean Saunier Duvalen, ondoren Quick Stepen.

Podiuma erabakita

Gaur jokoan ez zegoen Tourra zeinek irabaziko duen, Alberto Contadorrek erabakita utzi baitzuen aurreko egunetan, baizik eta bigarren eta, batik bat, hirugarren zein izango diren zen jokoan zegoena, eta erabaki da: Andy Schleck izango da bihar Parisko podiumean bigarren eta Lance Armstrong hirugarren.

Handia lortu du Armstrongek, 37 urte dituelako eta aurten itzuli baita profesionaletara, hiru urtean erretiratuta egon ondotik. Aurretik, zazpi Tour irabazi zituen segidan. Andy Schleckek lehen podiuma du -iaz hamabigarren izan zen-. Contadorrek, berriz, bere bigarren Tourra -2007an lortu zuen aurrenekoa-.

Gaur Andy eta Franck Schleck saiatu dira erasoak jo eta ihes egiten, baina Contadorrek eta Armstrongek ondo erantzun diete.

Sailkapen nagusian, Contadorrek Andy Schleck bigarrenari 4.11 kentzen dio, Armstrong hirugarrenari 5.24, Bradley Wiggins laugarrenari 6.01, Frank Schleck bosgarrenari 6.04.

Astarloza izango da lehen euskal txirrindularia: 11. bukatuko du, 14.44ra. Duela bi urte lortu zuen Tourreko orain arteko bere posturik onena -bederatzigarren izan zen-. Roman Kreuziger dago bederatzigarren orain, 14.16ra. Hamargarren, Christophe Le Mevel, 14.25era.



Bihar korrituko dute Tourreko 21. eta azken etapa: Montereau Fault Yonne-Paris (164 kilometro). Mendaterik ez dute izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.