Ander Capa. Eibarreko jokalaria

«Garitanok esan zidan atzelari izango nintzela»

Leku berri batean ari da denboraldi honetan, eskuin hegaleko atzealdean, eta partida guztiak jokatzen dabil. «Lehen ez nuen nahi atzean jokatu, baina gustura ari naiz».

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Eibar
2015eko urriaren 31
00:00
Entzun
Atzoko entrenamendua goiz bukatu zuen Eibarrek, eta, taldean ohitura denez, Ander Capa (Portugalete, Bizkaia, 1992) bazkaltzen ari zen 12:00ak inguruan Ipuruako jantokian. Txoko-tik zelaira jaitsi, eta bertan erantzun zien galderei.

Nork esango zizun Eibar Bn ari zinenean, Hirugarren Mailan, une hauek biziko zenituela.

Oso azkarra izan da hau guztia, eta futbola horrelakoa da, aukerak sortu egiten dira, eta baliatu egin behar.

Zenbat urte da Eibarren ari zarenetik?

Laugarren denboraldia dut lehen taldean. Gaizka Garitanok eman zidan aukera gora igotzeko, bera bigarren taldetik aurrenekora igo zenean.

Eibarrek Danok Bat taldetik ekarri zintuen, eta eskaintzari baiezkoa eman zenionean zein ziren zure asmoak?

Lehen taldera igotzea zen asmoa, Bigarren B mailara, eta Garitanok eman zidan aukera. Berarekin igo ditut koska guztiak harrezkero.

Asko zor diozu Garitanori.

Hala da, bai. Oraindik ere badugu harremana, eta pena hartu dut Valladolidetik bota dutelako.

Zer ikasi zenuen Garitanorekin?

Gauza asko. Gehien berarekin ikasi dut. Futbola berak bizitzen duen bezala bizitzen erakutsi zidan.

Orain atzelari postuan ari zara, eskuin hegalean. Nola gauzatu zuen aldaketa hori Jose Luis Mendilibarrek?

Aurreko sasoian, Getafen, Kopan, atzean jokatu nuen, eta Garitanok esana zidan hiru bat urteren buruan hegalean jokatu nuela, atzean. Mendi [Mendilibar] etorri zenean ere horrekin hasi zitzaidan, gauza bera esan zidan. Lillo min hartuta egon zen denboraldiaren hasieran, eta besterik ez zegoenez, niri eman zidan aukera. Konfiantza eman zidan, eta balio dudala ari naiz erakusten.

Bi entrenatzaile horiek atzean jokatzeko aukera aipatu zizutenean zerbait esan zenien?

Esan ez, baina ez zitzaidan asko gustatu hasiera batean, atzean jokatzea ez nuelako nahi. Athleticen egon nintzenean 11 urtetik 14 urtera bitartean, atzean jokatzen nuen, eta ez nuen esperientzia onik izan. Aurrean nahi nuen jokatu, golak sartzeko-eta. Baina eroso nabil orain.

Batean edo bestean, baina jokatzea omen da garrantzitsuena.

Hala da. Berdin dio non.

Atzelari bihurtzeko bidean, zer da gehien kosta izan zaizuna?

Defentsako berezko lanak ikastea. Gorputzaren norabidea aldatu egiten da baloiaren kokapenaren arabera, adibidez; atzeko lerroak erabat koordinatuta ibili behar du, eta hori ere kosta egin zait pixka bat. Erasoan, aldiz, zelai-erdian aritzearen antzekoa da, metro gehiago egin behar izatea da ezberdintasuna.

Zelai-erdian jokatzean askatasun handiagoa izaten da?

Bai, baina beste alde batetik begiratzen bazaio, bizkarrez asko jokatu behar izaten da, eta ez da dena ikusten. Atzelari bezala, aldiz, dena ikusteko aukera daukat, joko guztia.

Azkenean, gustura eta guzti bukatuko duzu aldaketarekin.

Bai, eta ez nuen berehalakoan uste izango hala izango zenik.

Ezagunak dira hegalean egiten dituzun joan-etorriak. Joan erraz egingo da gora, baina behera itzultzea nekezagoa al da?

Askoz zailagoa da. Aldapa gora bezala ikusten da zelaia behera jaitsi behar denean, baina tira, horretarako ari gara lantzen arlo fisikoa ere.

Taldeaz hitz egin dezagun orain. Dotore ari zarete.

Ondo ari gara. Partidaz partida gero eta hobeto gabiltza, eta ez daukagu mugarik. Neurketa guztietan ari gara aurpegia ematen, hortzak erakusten, eta lehiakorrak garela erakusten. Balio dugu Lehen Mailan jokatzeko.

Ez du ematen aurreko sasoian izandako gainbehera izango duzuenik.

Ez dut pentsatu ere egin nahi horretan.

Zer ikasi zenuen aurreko denboraldiko bigarren itzuli txar hartatik?

Ez nuen taldea behea jota ikusten, ez genuen nabarmen galtzen. Inoiz ez da amore eman behar, lanean jarraitu beharra dago, hobetzen segitu, eta horixe ikasi nuen.

Atentzioa ematen du zeinen azkar osatu duzuen taldeko jokoa, hainbeste jokalari eta entrenatzaile berria egon arren.

Ez da erraza hori egitea, baina denboraldi-aurrea horretarako dago, taldea egiteko eta elkar ezagutzen joateko. Eta lortu dugula ematen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.