Puri-purian, emozioz borborka da C multzoa. Duela astebete eskas, gutxi ausartuko litzateke halakorik esatera. Aspergarritzat jotzen zuten batzuek, selekzioak apalegiak zirelakoan; gatz pixka bat falta zitzaiola zeritzoten besteek. Baziren AEBetako izar distiratsuen bisitarekin erabat konforme zeudenak, haiek ikustearekin aski zela uste zutenak: «Nahikoa eta sobera». Ez zitzaien arrazoirik falta, ziurrenik. Baina zer diren gauzak: irits zitekeen egoera interesgarrienean heldu da azken jardunaldia. Multzoa ia-ia bat eginda, dena erabakitzeko, dena airean.
AEBetako selekzioak izan ezik, gainerakoek gogotik jardun beharko dute gaur jokatuko diren partidetan, final-zortzirenetara pasatu ahal izateko. Lehenbiziko postua ziurtatuta, bost talde ariko dira lehian. Hiruk, baina, errazago dute, bina garaipen baitituzte: Ukraina, Turkia eta Dominikar Errepublika dira selekzio horiek.
Finlandiak eta Zeelanda Berriak garaipen bana lortu dute lau partidetan, eta zail daukate txapelketan aurrera egitea. Hil edo biziko norgehiagokak izango dira guztiak, hiru sailkatu eta beste bi at geratuko baitira.
Turkia, luzapenean garaile
Finlandiak atzoko lehian galdu zuen besteen menpe ez egoteko abantaila preziatu hori. Turkiak 77-73 menderatu zuen luzapenean, partida guztia markagailuan atzetik egin eta gero.
Finlandiarrek partida txukuna jokatu zuten, hasieratik bukaerara. 8.000 zale inguruk jarritako giro beroaz kutsatuta ziruditen jokalariak. Hamalau punturen aldearekin iritsi ziren atsedenaldira, eta arriskurik hartu gabe ari ziren, samur. Kontrolpean zeukaten, baina errematea ematea falta izan zitzaien. Harmailetan turkiarrez fio ez zen finlandiar bat baino gehiago zegoen. Eta asmatu zuten.
Azken laurdena iristearekin bat, partidaren joana erabat aldatu zuten Ergin Atamanen jokalariek. Hiruko festari esker, estu eta larri hartu zuten Finlandia. Henrik Dettmannen jokalariak, oro har, huts etengabeak egiten eta nekea igartzen hasi ziren. Zaleen babesa besterik ez zitzaien geratzen. Partida bukatzear zela, tentsioak gainezka egin zuen: lau segundo falta zirenean, Turkiak hiruko bat saskiratu eta 68na berdindu zuen lehia. Luzapenean turkiarrak nagusi izan ziren, eta markagailua irauli zuten.
Zeelanda Berriak, halaber, ez du bere esku final-zortzirenetarako sailkatzea. Lehen garaipena erdietsi zuen atzo, Ukrainaren kontra (73-61). Galduak ziruditen aukerak berreskuratu dituzte zeelandaberritarrek, eta, bide batez, burumakur laga dute arerio zuzen bat, ukrainarrek ia-ia bideratuta baitzeukaten hurrengo fasera igarotzea. Baina baliteke beranduegi izatea...
Saskibaloia. Munduko Txapelketa
Gatz faltan, pipermina
Zeelanda Berriaren eta Turkiaren garaipenek hankaz gora jarri dute C multzoa.Erabakitzeko dago AEBekin batera zein talde igaroko diren final-zortzirenetara.Gaur jokatuko dira azken lehiak, Barakaldon

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu