Atseden hartuko dute gaur txirrindulariek Espainiako Vueltan, eta bihartik aurrera Pirinioak izango dituzte. Andorran amaituko da biharko etapa, itzuliko zazpigarrena (Barbastro-Andorra, 223 kilometro). Bigarren mailako Montllobat eta hirugarren mailako Faidella mendateak igo ostean iritsiko dira Rabassako gainera, maila berezikora. Gain hori bi aldiz igo beharko dute: lehenik helmugatik 30 kilometrora (lehen mailakoa) eta bigarrenik Naturlandiara (maila berezikoa).
Etzikoa ere mendiko etapa izango da (Andorra-Salardu, 151 kilometro). 41. kilometroan Canto lehen mailako mendatea edukiko dute, 132.ean Bonaigua maila berekoa, 148.ean ere lehen mailako Pla de Beret.
Sailkapen nagusian Sylvain Chavanel dago lider. Levi Leipheimer dago bigarren, hamar segundora. Alejandro Valverde hirugarren, 26ra. Alberto Contador laugarren, 57ra. Carlos Sastre bosgarren -Cervelo taldearekin fitxatu duela jakinarazi du gaur; CSC dago egun-, 1.37ra. Igor Anton hamaikagarren dago, 2.27ra. "Gauzak ez dizkidate erraz jarriko, baina etapa bat irabazi nahi dut. Taldearen babesa daukat, eta horrek morala ematen dit", esan du Antonek.
Atzo Paolo Bettini izan zen irabazle, Toledon.
Txirrindularitza
Gaur atseden eguna Vueltan, bihar eta etzi mendia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu