Osasuna-Futbola

Gaur eguerdian aurkeztu du Osasunak Juan Jose Lorenzo kirol zuzendaria eta Martin Gonzalezek idazkari tekniko lanetan jarraituko du

Gaur eguerdian aurkeztu du Patxi Izko presidenteak eta bere zuzendariek 2007ko ekaina bitartean Osasunaren kirol sailaren arduradun nagusia izango den gizona: Juan Jose Lorenzo Molpeceres. Iragan asteko asteartean Osasunak Lorenzoren fitxaketa baieztatu zuenetik zalaparta ugari izan da Iruñean. Kirol zuzendari berriaren fitxaketak azken sei denboraldietan idazkari tekniko lanak egin dituen Angel Martin Gonzalezen etorkizuna kolokan jartzen zuen, eta lehen taldeko jokalari zein entrenatzaileek argi utzi zuten Martin Gonzalez klubetik at uztea akats larria eta luxu handiegia litzatekeela Osasunarentzat.

2003ko urriaren 10a
14:52
Entzun
Izkok erabakia hartuta zuen, Lorenzo aukeratu zuen kluba handiago bilakatzeko egitasmoa gauzatzeko gizon egokiena zelakoan. Halere, iragan ostiralean bertan Martin Gonzalezek kirol arduradun nagusi posturako soslaia betetzen ez zuela esan arren, atzera egin eta Martin Gonzalezen egoera aldatu gabe (2006ko ekaina arteko kontratua du idazkari tekniko lana burutzeko, eta ardura beraiekin bezala soldata berarekin jarraituko du) Juan Jose Lorenzo gainetik jartzea erabaki dute. Zuzendarien asmoa gauzatzerik ez da izan. Jokalariek, komunikabide ezberdinek eta Javier Aguirrek berak Martin Gonzalezi erakutsi babesak presioa egin du, eta erdi bitarteko erabakia izan da azkenean.

Nola edo hala, Lorenzok eta Martin Gonzalezek elkarrizketa izan zuten aste hasieran, eta azken sei denboralditako idazkari teknikoaren eskarmentua baliagarria dela erabaki zuen Lorenzok. “Osasunarekin akordioa sinatu nuenetik jaso lehendabiziko poza Martin Gonzalezek jarraitzea erabaki duela jakitea izan da”, esan du aurkezpenean Lorenzok. Bere esanetan “Lehen Mailako klub gehienetan arrunta da zuzendaritza teknikoan bi lanpostu horiek izatea, idazkari tekniko eta kirol zuzendariarena alegia, eta guztien lana beharrezkoa da”.

Lorenzo apal mintzatu da, Osasunan berria bera dela gogoratu du, eta lehendabiziko helburua kluba ezagutu eta ingurura egokitzea izango duela adierazi du. Iragan asteko polemika urrutitik jarraitu duela onartu du, eta Martin Gonzalez defendatzerakoan jokalariek erakutsi jarrera logikotzat eta normaltzat jo du: “Argi dago Angelek lan handia egin duela eta klubeko pertsona guztien babesa duela”, esan du. Bere ustez, “gauza batzuk aztertzerakoan bat etorriko gara, beste batzuetan ez, baina azkenean adostuko gara”.

Martin Gonzalezek babesa eskertu du

Gaur Taxoaren egin aurkezpen ekitaldiko protagonista bilakatu zen Angel Martin Gonzalez. Bere inguruan sortu zalaparta eta polemikaz hitzegiterik ez du nahi izan aurreko egunetan, eta gaurko prentsaurrekoa baliatu du azalpenak emateko. Azkenean orain artean bezala jarraitzeko erabakia hartu badu, iragan astean jaso babesagatik dela argitu du Martin Gonzalezek: “Ustekabea izan zen niretzat albistea, Osasunatik at ikusi nuen neure burua, gutxiestua edo behar bezala baloratu gabea, baina azkenean indarberritua atera naizela uste dut eta nire eskerrik beroenak eman beharrean naiz bai kazetariei, bai jokalariei eta bai entrenatzaileari ere. Jarraitzeko erabakia hartu badut jasotako babesarengatik izan da batik bat, baina familiak ere izan du zerikusirik eta Lorenzorekin izan solasaldiak ere bai, noski”, esan du.

Hori bai, uda honetan fitxaketengatik kritikak jaso ostean, bapatean alde guztietatik babesa jaso eta ezinbestekotzat jotzen zutela ikusteak harridura sortu diola ere aitortu du Martin Gonzalezek, eta bi mutur horien artean jarri du bere burua madrildarrak: “Udan kritikak jaso nituen, orain ezinbestekoa naizela dirudi, eta ez bata ez bestea, ez naiz ezinbestekoa Osasunan, ezinbestekorik ez da, baina era berean ez dut uste klubetik irtetea merezi nuenik”, adierazi du.

Patxi Izkok, aldiz, berak Martin Gonzalez inoiz ez zuela klubetik at imajinatu adierazi du, eta akatsak akats, afera honek azkenean amaiera zoriontsua izan duela nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.