Paul de la Cuesta. Eskiatzailea

«Gaur egun daukadan herrena albo batera uztea da lehen urratsa»

2015eko eroriko batek erretirarazi du. Lesio larria zen, baina osatzeko modukoa. De la Cuestak, ordea, ezin du eskiatu, ez nazioarteko lehiaketetan, ez gertukoekin ondo pasatzeko. Eguneroko bizimodurako ondo osatzea du helburu.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Unai Ugartemendia.
Donostia
2016ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Herrenka iritsi da hitzordura. Ibileran nabari du min hartuta dagoela. Bere begiek ere ez dute orain bi urte zuten distirarik. Elurretan behar zuen garai honetarako Paul De la Cuestak (Donostia, 1988), baina erretiroa hartu behar izan du, orain ia bi urte izandako lesio batengatik. Hala ere, ez da etxean geratuko. Oraindik baditu egin beharreko hainbat gauza. Lehena, eguneroko bizimodurako osatzea. Odontologia ikasten ari da, eta eski probetako esataria da Eurosporten. Bere kirol bizitzaren errepasoa egiteko tartea hartu du BERRIArekin.

Bueno, aditzera eman duzu zure kirol ibilbidea amaitzera doala.

Bai, bai. Ezin izan naiz lesiotik osatu, eta amaitutzat eman dut kirol ibilbidea. Aurrera egitea eta gauza berrietan pentsatzea tokatzen zait.

Berna hezurra eta peronea hautsi zenituen iazko urtarrilean, Wengenen, Suitzan, Munduko Kopan. Urte eta erdian bost ebakuntza egin dizkizute. Hasieran lesioak ez zirudien hain larria.

Halaxe da. Lesioa gogorra zen arren, gaur egun ez da hain larria. Hasieratik gauzak okertu egin ziren, eta, azkenean, ezin izan naiz osatu. Horrelako lesio batekin beti izaten da osatzeko esperantza. Nik, hasieran, gainera, nahiago nuen belauna haustea baino. Belaunak beti askoz ere arazo gehiago eragiten ditu, lotailuengatik gehienbat. Alde horretatik, lasaiago nengoen, baina…

Esan bezala, lesioa gogorra da, baina ez erretiratzera bultzatzeko bezainbestekoa.

Ez, horregatik. Hasieratik gauzak ez ziren nahi bezala joan, eta azken ebakuntzak aurretik egindako hutsegiteak konpontzeko izan dira.

24 urte pasatu dituzu eskien gainean, baina nola hasi zinen?

Gurasoengandik datorkit zaletasuna. Orduan, ondo pasatzeko eramaten ninduten; heziketaren zati baten moduan ikusten zuten: hezitzailea zen gurasoentzat. Hasieran, Frantziako estazio batean hasi ginen, eta, gerora, Arango ibarrean [Lleida, Herrialde Katalanak]. Han bihurtu nintzen kirolari. Ikasketak ere bertan egin nituen. Bi gauzak uztartzen nituen, ikasketak eta kirola.

Junior mailan zeundenean, senior mailako Espainiako Txapelketa irabazi zenuen. Nola da posible?

Urte ikaragarria egin nuen. Seniorrak oso nekatuta iritsi ziren txapelketara, izandako urte gogorraren ondorioz. Nire momentua baliatu nuen: Vaquèira-Bereten [Herrialde Katalanak] jokatu zen, ibilbidea asko ezagutzen nuen, eta oso ondo atera zitzaidan.

Orduan konturatu al zinen eskiatzeko balio zenuela? Nork entrenatzen zintuen?

Espainiako selekzioarekin ibiltzen hasi nintzen oso gaztetatik. Hala ere, esan dezaket ibilbide normala egin dudala. Geroz eta gehiago entrenatzen hasi nintzen; ostiraletan alde egiten nuen asteburuan lasterketa nuelako... Espainiako Federazioko presidenteak, May Peus kataluniarrak, entrenatu ninduen urte askotan. Espainiako selekzioan ere entrenatu ninduen. Harekin pasatu nituen urterik gehienak.

Zein oroitzapen duzu garai haietaz?

Oso goiz hartu ninduten selekzioan. Oso talde handia zuten garai haietarako. Hamar lagun inguru ibiltzen ginen; oso talde indartsua zen. Norbait nabarmentzeko aukera handiak zeuden, eta, azkenean, kataluniar batek eta nik iraun genuen gehien.

Zer esaten dizu 2009ko urriaren 25eko datak?

Nire lehen Munduko Kopa izan zen, Soldenen [Austria]. Oso esperientzia polita izan zen. Erraldoi kategorian egin nuen debuta. Denboraldi-aurre bikaina egiten ari nintzen, eta, lehen esan bezala, nire kirol bizitzako beste etapa bat izan zen. Lehenik, kanpora lehiatzera irten nintzen; gero, emaitza onak iritsi ziren; hurrena, Europako Kopan lehiatzea eta, azkenik, Munduko Kopara. Oso gazte harrapatu ninduen; ez zen oso ohikoa. Onenekin lehiatzeak ez ninduen izutu, askotan inguruko zurrunbiloak kikildu egin zaitzakeen arren.

Ordura arte telebistan ikusten zenituen izar haiekin lehiatzekoa zinen. Zein oroitzapen duzu egun hartaz?

Ikusten ari zen jendetzak harritu ninduen gehien. Inoiz bizi gabeko ikuskizuna bizitzen ari nintzela pentsatzen nuen. Helmugara iritsi eta harmailak jendez lepo egotea, animoak, burrunba... Lehenengo esperientziak zirrara eragiten du.

Hiru urte geroago, inoiz Munduko Kopan lortu zenuen posturik onena lortu zenuen: 40. Zure bizimodua aldatu al zuen horrek?

Ez zegoen helburuen barruan, hobeto ibiltzea espero nuen [barreak].

Inoiz ahaztuko ez duzun eguna, berriz, 2015eko urtarrilaren 13a izan zen, lesionatu zinena.

Bai, gainera, asteartea eta 13 zen. Oso sasoiko nengoen, emaitza on bat lortzeko ahalmenarekin. Munduko Kopako lehen proba zen Wengenen. Munduko Txapelketa baino lehen, eski batzuk probatu behar nituen, eta haiekin atera nintzen. Banekien behar baino lan handiagoa egin beharko nuela, bihurguneak emateko orduan gehienbat. Lehen bihurgunean konturatu nintzen jaitsiera oso luze egingo zitzaidala. Hain luze, non iritsi ere ez nintzen egin.

Arduragabekeria bat izan al zenMunduko Kopako entrenamendu batean eskiak probatzea?

Ez, ez, egun hartan gauza asko pilatu ziren. Beste aukerarik ez nuen izan. Bestela, Kitzbuhelekosarian [Austria] probatu beharko nituen. Ez zen inolako axolagabekeria izan. Oso jaitsiera luzea zen, bi minutu eta erdikoa. Gainera, ez zen aparteko erorketa izan, bihurgune batean atera eta sarearen kontra jo nuen. Ez dakit nola erantzungo nuen, agian, fisikoki hobeto egon izan banintz, beste material batekin... Zaila da hori orain jakitea.

Urte hauetan guztietan, zer eman dizu eskiak?

Jende asko ezagutu dut, leku ezberdin asko, kultura berriak, hizkuntza ezberdinak... Sakrifizioa zer den erakutsi dit eskiak. Gaur egun ez zait batere kostatzen gauzak egitea. Eskiak eman dit gaur egun daukadan borondatea.

Oso lehiakorra omen zara.

Bai, nork esan dizu? [barreak].

Zer ezabatuko zenuke zure kirol bizitzatik?

Ezabatu? Ia ezer ez. Hala ere, ez nuen horrela erretiratu nahi. Erabaki hura nire eskutan edukitzea gustatuko litzaidake. Beste gauza berri batzuk egin nahi nituelako uztea; bizitza aldatu nahi nukeelako uztea, alegia. Baina gauza guztietatik ikasten da, eta ez nuke ezer aldatuko.

Berriro jaioko bazina, bide berbera aukeratuko al zenuke?

Agian ez nuke eskiatuko [barreak]. Zaila da jakitea. Dakidana da bizitza lasaiago bat aukeratuko nukeela. Pentsatzen dut berriro ere eskiatzen ibiliko nintzela, baina gauzak hobeto egiten saiatuko nintzateke [barreak].

Urte hauetako guztietako sakrifizioak merezi izan du orduan.

Bai. Oso une gogorrak igarotakoa naiz; denbora asko bakardadean... Uste dut bertan ikasitako gauzek asko balioko didatela gaur egungo bizimodurako. Dena kirolean lortu dut. Orokorrean, merezi izan du. Ikustea eta baloratzea kostatuko zait.

Ia bi denboraldi lehiaketetatik at. Zeren falta nabaritzen zenuen lehiatzen zinenean?

Etxean egotea, udan lasai ibiltzea... Oso gogorra egiten zitzaidan udan Hego Amerikara joan behar izatea. Donostiakoa izanda, oso itsaso zalea naiz. Denboraldi-aurreetan, hemen nengoenean, beste gauza bat zen, neure kasa antolatzen nintzen. Oso astuna zen kanpoan hilabete eta erdi pasa behar izatea, oso.

Eta orain, berriz, zer sumatzen duzu faltan?

Lehiatzea. Ikaragarri gustatzen zait lehiatzea, eta dena har dezaket lehia moduan. Adrenalinaren falta ere sumatzen dut. Zer gertatuko ote zaidan sentsazio hori, edo bizitzen ari nintzen hori, ufa! Orain, gainera, nire egoeran, ezin dut kirol asko egin. Ezin ditut erreboluzioak igo.

Ez al da arraroa, hain gaztea izanik, lesio batek erretiratzea?

Bai, ez da gauza normala. Egin nuenean, ez nuen inoiz esperoko erretiratu behar izatea. Hala ere, lehen sei hilabeteak bete eta orkatila zer egoeratan zegoen ikustean, sumatu nuen zerbait gerta zitekeela.

Noiz hasi zinen konturatzen agian ez zinela berriro lehiatzera itzuliko?

Lehen sei hilabeteak pasatuta konturatu nintzen gauzak oso gaizki zihoazela, ezin ziren okerrago joan. Aukera berriak ikusten hasi nintzen. Hurrengo denboraldia hasi eta nik oraindik ebakuntzak egiten jarraitzen nuela ikusita, uztea erabaki nuen.

Azken ebakuntza egin eta gero, zein da zure asmoa? Eguneroko bizimodurako ondo geratzea?

Asmoa hori da. Errehabilitazioan buru-belarri murgilduta nabil. Gaur egun daukadan herrena albo batera uztea da lehen urratsa, eta denborarekin astiro-astiro korrika egiten hasi nahi dut.

Berriro ere eski batzuen gainean ikusiko al zaitugu denbora-pasa?

Aurten probatu nahiko nuke. Saiatuko naiz, baina ez dakit...

Nolakoa da zure egun arrunt bat?

Goiz jaikitzea tokatzen zait, egunero Leioara, unibertsitatera, joateko. Handik bueltan, bazkaldu eta errehabilitaziora joaten naiz. Gero, ikasteko aprobetxatzen dut; orain, gehiago, azterketa garaia delako. Askotan, aitaren kontsultara joaten naiz, eta handik etxera, afaltzera eta ohera.

Hala ere, odontologia ikasketak amaitzeko asmoa duzu. Hor ikusten al duzu zure etorkizuna?

Bai. Lehenik, ikasketak amaitu eta pentsatzen dut masterren bat egin beharko dudala eta lehenbailehen lanean hasi. Ezin dut denbora gehiago galdu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.