reala lehen mailara

Gaur ere festa Donostian, baina biharkoa bertan behera geratu da eguraldi txarragatik

Espainiako Lehen Mailarako igoera ospatzeko, 17:30ean Realekoen autobusa atera da Anoeta estadiotik, 19:00etan Udalak harrera egin die eta 20:00etan Foru Aldundiak. Bihar Gipuzkoako herrietan ibiltzekoak ziren, baina Eusko Jaurlaritzak alerta horia eman du euriagatik eta haizeagatik.

2010eko ekainaren 14a
19:48
Entzun
Realak lortu du Espainiako Lehen Mailara igotzea, Celtari 2-0 irabazita, eta gaur arratsaldetik berriz ere festan dira Donostian, 17:30ean autobusean atera da-eta Anoeta estadiotik.

Bihar Realeko kideak Arantzazura (OƱati) joatekoak ziren autobusean, eta Gipuzkoako hainbat herritik pasatzekoak, baina Eusko Jaurlaritzak euria eta haizetea iragarri ditu bihar eta etzirako eta alerta horia eman du. Hori dela-eta, astearteko ospakizunak ez ditu egingo Realak. Klubak ez du baztertzen ibilaldia ostegunean egitea, BERRIA.INFOk jakin duenez. Taldeak igandean izango du Ligako partida, Elxen.

Reala 2007an jaitsi zen Bigarren A Mailara, 40 urtean goiko kategorian egon ostean.

Asteleheneko egitaraua

- 17:30. Anoeta estadiotik Realaren autobusa atera da: jokalariekin, entrenatzaileekin... Ibilbidea: Madril etorbidea, Pio XII.a, Easo kalea, San Martin kalea, Foruen ibilbidea, bulebarrak, udaletxea.

- 19:00. Udaletxean harrera, eta jokalariak-eta balkoira irten dira.

- 20:00. Gipuzkoako Diputazioan harrera, eta jokalariak-eta 20:30ean balkoira aterako dira.

Prieto eta Buenoren golak

Realak atzo nahikoa zuen puntu bat Celtaren aurka, eta 2-0 irabazi zion. Xabi Prietok egin zuen lehen gola, 51. minutuan (bi aldiz bota behar izan zuen); Antoinne Griezmanni egin zioten penaltia. 2-0ekoa Carlos Buenok sartu zuen, buruz, 57. minutuan (denboraldiko hamabigarren gola du; bera da taldeko golegile nagusia).

Atzo giro ona Donostian goizean goizetik

Egun handia izan zen atzo Donostian, eta giro bikaina izan zen goizean goizetik Donostian. Parte Zaharra izan zen, batik bat, horren horren lekuko. Dena dela, goizetik Anoeta estadio inguruan puzgarriak jarri zituzten eta han ere bildu zen jendea. Eguerditik aurrera Anoetako atariko karpan musika, jatekoa eta edaria egon ziren jarraitzaileentzat.

Zaleak 15:30ean kalejiran abiatu ziren Bulebarretik estadiora. 16:30ean ehundaka lagunek Realeko jokalariei harrera egin zieten estadioko 29. ate parean. Partida 18:00etan hasi zen.

Klubak 20:00etan Anoetako zelaian bideo bat jarri zuen klubak, jokalariek eta entrenatzaileak hitzaldiak egingo zituzten, su-festak izango dira...

Donostiako tabernak atzo ohi baino bi ordu beranduago itxi zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.