Buruz buruko txapelketako bigarren finalerdia jokatuko den kolokan dago. Gaur goizean iganderako material aukeraketa egin dute Aimar Olaizolak eta Juan Martinez de Irujok Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Bertan jakitera eman du Martinez de Irujok astelehenean antzeman ziotela mikrohaustura eskuineko hankako soleoan. Atzo proba egin zuen Martinez de Irujok eta mina du.
Atzeratzea eskatu du Martinez de Irujok. Baina enpresek berriki hartutako erabakiaren arabera, jada ez da atzerapenik emango txapelketetan. Neurri horren alde dago pilotari nafarra, eta ez zaio inporta lege berria pairatuko duen lehen pelotaria izatea. “Nik urteak daramatzat eskatzen atzerapenekin bukatzeko. Hemendik aurrera horrela egiten bada, eta nik lehena izan behar badut, ados. Baina beste batzuetan atzerapenak eman dituzte nik ditudanak baino froga gutxiagorekin”. Larunbatean egingo du azken proba, eta bertan erabakiko du jokatu edo ez.
Pilota biziak
Irujoren lesioak ez ezik, piloten bizitasunak ere eman dute zeresana. Irujok Asegarceko pilotak probatu dituenean, botea zazpian eman eta errebotean jo dute pilotek behin baino gehiagotan. “Pilota biziak atera nahi badituzte atera ditzatela. Baina ez da normala nik horrelakoak atera ditudanean, kendu egin dizkidatela”.
Olaizola berriz, pozik gelditu da materialarekin. Horrez gain, fisikoki ondo ikusi du bere burua. “Ni orain ongi nago, baina igandean egon behar dut ongi”.