Europako Txapelketaren etenaldiaren ondoren, Bera Bera gaur itzuliko da ABF ligara (19:00). Donostiako taldea bigarren sailkatua da, eta Rocasa hartuko du, sailkapeneko liderra. Bi puntura dago, eta hura du liga irabazteko aurkari zuzena. Zuazok ere gaur jokatuko du 11. jardunaldiko partida, Leonen (17:00).
Nola zaude Europako Txapelketaren ondoren? Txapeldunorde izan zinen Espainiarekin.
Oso ondo, ligari ekiteko gogoz. Oroitzapen polita dut. Neguan hainbeste denbora lan egin ondoren emaitza ona lortzea bultzada handia da.
Gorputzak ordaintzen al du neguan jokatze hori?
Buruak gehiago, atsedenik ez duzulako hartzen. Gorputzak ematen dio buelta, astebeteko oporra izan genuen hor eta aski da. Baina, tira, nahiago dut ligaren geldialdietan zeregina edukitzea!
Neguko etenaldi luzeak egiten al dio mesederik ligari?
Nire ustez ez, ez taldeei ezta geldirik dauden jokalariei ere. Gure kasuan, gainera, lau joan gara, eta horrela ezin da lanik egin. Beste talde batzuek, agian, pausoa eman dezakete, baina gurean... Etenaldi luzea da, gainera; nire taldekideek denboraldi-aurre moduko bat egin behar izan dute.
Ligaren hasiera ez zen ona izan.
Tira, bi aldiz labaindu ginen, eta espero dut ez errepikatzea. Gure esku dagoela uste dut. Bi partida horietan mundu guztia gaizki aritu zen, gauzak ez zitzaizkigun irten... Ez gaude pozik galdu eta berdinduriko partidekin, haiek irabazteko gai ginelako, eta agian irabazi behar genituen, baina aurkariak ere jokatzen du. Inork ez du ezer oparitzen.
Bera Berak galtzea albistea da.
Ez da hala; inoiz ez dugu liga erraz irabazi. Ez dugu sei punturen aldearekin irabazi, eroso... Beti izan dira estuak, eta hau hala izango da. Oreka handia dago goian. Galtzea ez da drama bat, baina egia da galduriko puntuak nonbait berreskuratu behar ditugula.
Ez al da neurria pixka bat galdu? Alegia, Bera Beraren lorpenei meritua kendu zaiela?
Bai, ados nago. Ziurtzat jotzen da irabaziko dugula, eta badirudi erraz irabazi behar dugula. Eta hori ez da egia; ligak eta kopak estu irabazi ditugu. Atzean lan handia dago, eta oso zaila da txapeldun izatea. Beste edozein taldek bezala gal dezakegu.
Gaur liga erdia jokoan duzuela esatea gehiegi al da?
Liga erdia? Nik baietz uste dut. Ia-ia. Etxean jokatzen dugu, eta partida oso garrantzitsua da. Egia da Rocasak gero ere gal ditzakeela puntuak, baina etxeko partida nola edo hala irabazi behar dugu.
Nolakoa da Rocasa?
Erasoa da haren bertute nagusia,eta horrekin ez dut esan nahi defentsa ahula duenik. Gol asko sartzen dituen taldea da, kontraerasoa eta joko bizia bilatzen duena. Atezain oso ona du, gainera: Silvia Navarro. Jokalarien eskarmentua ere nabarmenduko nuke.
Zer moduz zaude Bera Beran? Beste lanik edo baduzu?
Oso ondo, hirugarren urtea dut. Bloke ona dugu. Beste lanik ez, eskubaloia da lan bakarra.
Bera Berak askotan aldarrikatu du jokalarien lan baldintza duinak. Hainbesteko aldea al dago, bada, beste taldeekin?
Guardesek eta Rocasak agian izan dezake jokalariren bat eskubaloitik bizi dena, baina beste taldeetan jokalari askok ez dute kobratzen. Eskubaloia nire ogibidea da, modu ekonomiko batean saritua eta Gizarte Segurantzan kotizatua. Egun pribilegioa da, baina, nire ustez, obligazioa beharko luke horrek. Guk jokatu eta lan egiten dugu, beste talde askotan jokatu baino ez dute egiten.
Patricia Elorza. Bera Berako jokalaria
«Gaur, ia-ia, liga erdia dugu jokoan»
Bera Berak gaur ekingo dio berriz ABF ligari eta Rocasa hartuko du, aurretik duen talde bakarra. Elorza han izango da, Espainiarekin Europako txapeldunorde izan ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu