Reala

Luka Sucic kroaziarra gaur iritsiko da Donostiara

Realak 21 urteko erdilaria fitxatu du, Austriako Salzburgo taldetik. Mikel Merinoren balizko irteera ordezkatzera dator.

Luka Sucic azken Eurokopan, Italiaren aurkako norgehiagokan. ROBERT GHEMENT / EFE
Luka Sucic azken Eurokopan, Italiaren aurkako norgehiagokan. ROBERT GHEMENT / EFE
pettan uralde
2024ko abuztuaren 1a
12:51
Entzun 00:00:0000:00:00

Luka Sucic Salzburgoko erdilaria izango da Realak erdigunea osatzeko fitxatuko duen jokalaria. 21 urteko gaztea Kroaziako harribitxitzat jotzen dute, eta dagoeneko bere selekzioarekin jokatzen du. Alemanian jokatu den Eurokopan, Kroaziak jokatutako hiru partidetan hartu zuen parte, eta hasierako hamaikakoan aritu zen Italiaren aurka. Europako txapelketetan ere esperientzia du, oso gaztea izanik. Txapeldunen Ligan 22 partida jokatu ditu, eta aurten Realak jokatuko duen Europa liga ere jokatu du.

Jokalari kroaziarrak 2025era arte zuen kontratua Austriako taldearekin, baina, kontratua berritzeko asmorik ez zuenez, aurten irteera bat bilatzeko erabakia hartua zuen bere taldearekin. Reala ondo moldatzen da maila txikiko ligetatik jokalariak ateratzen, eta, dirudienez, jokalariak duen merkatu balioaren azpitik dagoen diru kopuru bat ordainduko dio Salzburgori. Erdilariak hamabost milioi inguruko tasazioa dauka, eta Donostiako taldea hamar milioi inguruan kontratatzeko ari da lanean. Atzetik Europako hainbat talde izan ditu kroaziarrak, hainbat hedabideren arabera; besteak beste, Inter Milan eta Liverpool.

Kroaziarrak ez du lehen aldia izango Anoetan. Aurtengo Txapeldunen Ligan Salzburgorekin jokatu zuen bertan, eta hutsean berdindu zuten Realaren aurka. Realzaleek gogoan izango dute Sucic; 10 zenbakiarekin jokatu zuen, eskuin hegalera gerturatuta. Hala ere, barrualdeko postuetan jokatzen du normalean, aurrelariaren atzetik edota euskarriaren aurretik. Zelaiko azken laurdenean abila da, eta bikain jotzen dio baloiari ezker oinarekin.

Merinoren ordezkapena

Jokin Aperribai presidenteak asteleheneko prentsaurrekoan baieztatu zuenez, oraindik ez zekiten Mikel Merinok Reala uzteko erabakia hartuko zuen, baina, azken orduko informazioaren arabera, erdilari nafarrak oin bat eta erdi dauka Londresko Arsenal taldean. Ez da harritzekoa Realak Sucic fitxatu izana orain, eta laster Merinoren agurra baieztatzea. 30 milioi euro ingururen truke joango da Mikel Artetak zuzentzen duen taldera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.