Gaur izango da San Miguel ligako bosgarren estropada, Pedreñan

Izatez, oso irregularra da eremu hori; gaur, gainera, eguraldiak eta itsasaldiak baldintza dezakete emaitza

Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
San Miguel ligako beste estropada bat jokatuko da gaur (18:15), Pedreñan (Espainia). Bosgarrena izango da, eta aurreko guztietan bezala, eguraldiari eta itsasaldiari begira daude arraunlariak eta entrenatzaileak. Iragarrita dago eguraldi aldaketa handia, eta estropadan zehar ez gertatzea nahi dute denek. Arrisku hori gutxi ez, eta eremuaren berezko ezaugarri irregularra ere kontuan hartzeko modukoa da. Kale batetik bestera aldea egoten da, eta zenbait lekutan ur gutxiago ere biltzen da; arraunlariek esaten dute «ez aurrera ez atzera» geratu izan direla Pedreñako eremuko leku batzuetan.

Lehen txandan ariko dira Camargo, Orio, Castro eta San Pedro, atzealdetik ihes egiteko asmoz. Bigarrenean, indarrak neurtuko dituzte Zumaiak, Pedreñak, Tiranek eta Hondarribiak. Hirugarrenean, sailkapeneko lehen laurak lehiatuko dira: San Juan, Kaiku, Urdaibai eta Astillero liderra.

Gizonezkoak lehian hasi aurretik, emakumezkoen txanda jokatuko da, Euskotren ligaren barnean(18:00). B multzoa ariko da: Getaria-Tolosa, San Juan, Bizkaia eta Hondarribia. Orain arte, estropada bat jokatu dute, eta Getaria-Tolosak irabazi zuen.

KAE 1 eta 2-ko probak, gaur

Beste bi estropada ere izango dira gaur. KAE 1 ligan, Orion lehiatuko dira, laugarren jardunaldian (17:00). Ibaian egin beharko dute arraun, erlojuaren aurka. Kuadrilla indartsuenentzat aparteko aukera da, eta horien artean Portugalete dabil punta-puntan. Hiru estropadak irabazi ditu, eta lider sendoa da. Asteon izan da aldaketarik sailkapenean, bulegoetan hala erabaki duelako ligako epaileak: Santurtziri eman egin dizkiote Portugaleten kendutako puntuak —kaleratu egin zutelako egun hartan—. Horrenbestez, hirugarren da sailkapenean; Portugaletek sei puntu ateratzen dizkio, eta Zierbenak, bi.

Beste estropada KAE 2 ligakoa da, eta Donostian jokatuko da (17:00). Ondarroa da lider, eta bi puntura du Busturialdea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.