Urtero legez BBK-k Bilboko kale nagusian duen egoitzan izan zen aurkezpena, bertan, txapelketan parte hartuko duten ia pilotari guztietaz gain, bi enpresetako zuzendariak eta EPELeko presidente Julian Arruabarrena batu ziren. Azken honek hartu zuen hitza lehenbizi, pilota enpresen ligak «aurtengo lau t'erdikoaren antolakuntzarekin txapelketa sistema eta araudia finkatzeko asmoa» duela azpimarratu zuen. Honekin batera, aurtengo eredua hurrengo urteetan errepikatu egingo dela aurreratu zuen.
Aurkezpenaren eta txapelketaren antolakuntza ereduaren azalpenarean ostean, final-hamaseirenak zehaztu zituen zozketari ekin zioten. Zozketak, Aspeko eta Asegarceko pilotarien izenak banatu eta lehen kanporaketako partidak erabaki zituen. Lehen pilotatxoak txapelketan sartzen azkena sartu den Kokaren izena erakutsi zuen, Abel Barriolarekin neurtuko ditu indarrak. Altzakoak ezin izan zien eutsi sentimenduei: «niri tokatu beharra ere!». Zozketa ez zen edozein modukoa izan eta final-hamaseirenetan punta-puntako partidak ikusiko dira: Xalak Patxi Ruzien aurka jokatuko du. Gazteenak, Oinatz Bengoetxeak alegia, buruz buruko txapeldun Martinez Irujorekin neurtuko ditu indarrak eta azken bi txapelketetan bezala, Imanol Agirrek eta Enrike Galarzak elkar ikusiko dute.
Sailkatze fasea eta finalerdietako ligaxka
Txapelketa bost zatitan banatuko da. Lehen fasean final-hamaseirenak izango dira. Enpresa bakoitzeko zortzi pilotarik hartuko dute parte. Enpresa bakoitzak lau pilotari hautatu ditu lehen faseko zerrendaburu bezala. Beste zortzi pilotariak nortzuk izan, aldiz, zozketa bidez erabaki dute.
Final-hamaseirenak heldu den asteburuan eta hurrengoan jokatuko dira. Enpresek oraindik ez dute zehaztu noiz jokatuko den partida bakoitza, ezta ere non jokatuko diren. Izan ere Aspek zein Asegarcek izen handiko pilotariak dauzkate min hartuta, Olaizola anaiak edo Irujo kasu, eta begi onez ikusten dute azken horien partidak hurrengo asteburura arte atzeratzea. Lehen kanporaketako irabazleek final-zortzirenetan ikusiko dute elkar. Zortzirenetako garaileek,berriz, iazko finalerdietako partaide eta aurtengo multzoburu Nagore, Titin III.a, Beloki eta Capellanen aurka jokatuko dute. Irabazleek finalerdietako ligaxka jokatuko dute.
Lesioek iazko manomanistako finalerdiak larri kaltetu zituztenez, aurtengo lau t'erdiko txapelketarako araudi berria finkatu dute. Hortaz, finalerdietako ligaxka jokatzen hasi den pilotariren batek, lesioa dela eta, txapelketa utzi behar badu, bere aurka lorturiko emaitzak ezeztatu egingo dira eta beste hiru partiden arteko emaitzak baino ez dira kontuan hartuko. Ligaxkako lehen biak kantxaratuko diraabuztuaren 19ko finalean.
Aurpegi berriak eta kalamukien kontsumoa
Joko sistema ez da izango aurtengo berrikuntza bakarra, partaideen artean ere, iazko txapelketan aritu ez ziren hainbat aurpegi berri ageri baitira. Besteak beste, aurten jokatuko duten Chafee, Galarza VI.a, Agirre, Xala eta Leitza ez ziren 2003ko lau t'erdikoan kantxaratu. Aldiz, iaz jokatu zuten Tirapuk, Goñi II.ak, Unanuek, Armendarizek eta Berasaluzek ez dute aurten jokatzerik izango. Asegarcek antolaturiko bigarren mailako lau t'erdikoaren txapeldun Medinak ere ez du parte hartuko.
Beste berritasunak dopinaren aurkako kontrolaren ingurukoak izango dira, izan ere, EPELek hainbat substantziaren kontsumoa galarazitako produktuen zerrendatik kentzea erabaki du. Hortaz, asmaren aurkako harnasgailuen, glukoesterokortikoideen eta kalamukien erabilerak ez du zigorrik izango. Azken hauek kirolarien errendimendua ez hobetzeaz gain, pilotarien «gizarte ohituretan» errotuta egon daitezketelako.
-
Ezaugarriak
Finalerdietako ligaxka: Final-laurdenetako irabazleek lortuko dute finalerdietarako txartela. Finalerdiak jokatu aurretik partaideren bat lesionatuko balitz, ordezkatu egin daiteke. Ligaxka hasi duen jokalariren bat lesionatzen bada, aldiz, ezin da ordezkatu eta jokalari horren aurka lorturiko emaitzak balio gabe utziko dira. Beraz, beste hiru partaideen arteko emaitzak baino ez lirateke kontuan hartuko.
Aurpegi berriak: Iaz lau t'erdiko txapelketaren koadroan sartu ez ziren bost aurpegi berri ageri dira aurten. Agirrek, Leitzak, eta Xalak iaz aurre-kanporaketak jokatu bazituzten ere, ez zuten txapelketarako txartelik lortu. Inoiz lau t'erdikoan aritu ez etaaurten lehen aldiz parte hartuko dutenak, aldiz, Ismael Chafee eta Xabier Galarza izango dira.
Dopina: Berriro ere, dopinaren aurkako kontrolak egingo dituzte; halere, aurten hiru substantzia motaren kontsumoagatik emaniko positiboek ez dute zigorrik izango. Horiek, glukoesterokortikoideak, asmaren aurkako arnasgailuak eta kalamukiak izango dira. Kalamukien despenalizazioa, kirolarien errendimedua ez hobetzeaz gain, kirolarien «gizarte ohituretan» sar daitezkeelako erabaki dute.
Aurre-kanporaketa: Iaz hainbat aurre-kanporaketa partida jokatu baziren ere, aurten bi pilotari baino ez dira kantxaratu txapelketaren aurretik. Kokak eta Berasaluzek Atarrabian jokaturiko partida baten bidez erabaki behar izan zuten nor sailkatuko zen. Altzakoak irabazi zuen(22-9).
-
Protagonisten adierazpenak
AIMAR OLAIZOLA
«Garrantzitsuena, partida prestatu ahal izateko sendatzea da»
«Lesioa sendatu berritan, garrantzitsuena partida jokatu ahal izateko prestatzea da. Gero, partidara iritsiz gero oso aurkari gogorra daukadala badakit, Gonzalez azkenaldi honetan oso ondo ari baita jokatzen. Halere, partidari baino, nik garrantzia gehiago ematen diot fisikoki ondo iristeari. Egunero masajea hartzen dut eta hondartzara joaten naiz ibiltzera. Iganderako edo larunbaterako korrika egiten hasi ahal izango naizela uste dut, dena den, oraindik oso gaizki nago entrenatzen hasteko. Helburua?, lesiotik ondo errekuperatzea eta ahal bada lehen partida pasatzea. Faboritoak, lau zerrendaburuak».
IÑIGO LEITZA
«Lau t'erdiko txapelketan sartzerik ez nuen espero»
«Lau t'erdiko txapelketan sartzerik ez nuen espero, iaz aurre-kanporaketa jokatu nuelako. Aurten, berriz, zuzenean txapelketan sartzea erabaki dute eta ni oso gustura nago. Eugi oso aurkari gogorra da, aurretik ere lau t'erdiko txapelketa irabazitakoa.Zalantzarik gabe bera izango da faboritoa, ni, bitartean, lasai jokatzera irtengo naiz, ahalik eta partida hoberena egiteko asmoz. Eskuek hobera egin didate eta nahiko pozik nago, jokoz ere oso ondo iritsiko naiz. Ez dut entrenatzeko aukerarik izan, partida asko izan baititut eta eskuz justu ibili naizelako. Lau t'erdian gustura ibiltzen banaiz ere, aste batean ezer gutxi egin daiteke.
IMANOL AGIRRE
«Enrike eta nire arteko partida lau t'erdikoaren klasiko bat da»
«Azken bi aldietan partida berdina egokitu zait eta bietan galdu dut. Gure arteko lau t'erdiko partida urteroko ohitura bat da. Enrikek oso ondo jokatzen du buruz buru eta aurreko urteetan, berak nik baino askoz hobeto jokatu du. Aurtengo helburua lehen partida pasatzea da. Lau t'erdikoak beti harrapatzen gaitu presaka, halere, aurten, entrenamendu batzuk egiteko aukera izan dut, nahiko saio onak izan dira gainera. Gustura ibili naiz entrenatzen, ea jokatzea tokatzen zaidan egunean ere maila ona emateko aukera dudan. Ez dutfaborito garbirik ikusten, aurtengo lau t'erdikoan edozein edozeini nagusitzeko gai baita»
XABIER GALARZA
«Leitza eta Agirrerekin entrenatu eta ondo ikusi dut neure burua»
«Ilusio handia egin dit ni hautatu izana, Etxanizek esan zidan lau t'erdikoa jokatu behar nuela eta oso kontent nago. Atzelaria izanda ere afizonatu mailan oso ondo aritu naiz lau t'erdian, egia esan gustuko dudan distantzia da. Egun oso ondo nago, bai jokoz, bai fisikoki. Lau t'erdikoa jokatuko nuela esan zidatenez geroztik Lemoako pilotalekuan egon naiz entrenatzen. Bertan, lau t'erdiko espezialistak diren Leitza eta Agirrerekin aritu naiz eta oso ondo ikusi dute nire burua. Esainek primerako maila eman du beti lau t'erdian,irabaztea oso zaila izango da niretzat, halere Iñakiri gerra ematen saiatuko naiz.
ISMAEL CHAFEE
«Sekulako ezustea izan da lau t'erdikoa jokatuko nuela jakitea»
«Sekulako ezustea izan da, inoiz ez baitut bigarren mailako txapelketarik jokatu eta duela aste pare bat enpresak jakinarazi zidanean benetako ezustea izan zen. Ezin izan dut ezer prestatu, uda oso luzea izan baita eta lan fisiko pixka bat egin badut ere, gutxi aritu naiz pilotalekuan. Olaizola, esperientzia handiko pilotaria da, kolpe bortitza dauka eta primeran sakatzen du.Nirekin parekatuz, bestelako joko mota egiten du, halere nola edo hala aurre egiten saiatuko naiz. Hasiera batean, lehen partidara iristearekin konformatzen naiz, gero gerokorik balego, gauzak nola irteten diren ikusi eta ahalik eta urrunen iristen saiatuko naiz».
ABEL BARRIOLA
«Bakoitzaren sasoia txapelketan eta zuriz jantzita ikusten da»
«Partida zaila egokitu zait txapelketa hasteko, Kokak buruz buru eta lau t'erdikoan ematenduelako bere onena. Pilotari oso arriskutsua da, bote jokoan primeran moldatzeaz gain,tantoa bukatzeko garaian artista delako. Abuztuko eta iraileko partida zamarengatik ez dut entrenatzeko aukera handirik izan; halere, entrenamendu gutxi batzuk egin ditut eta nahiko gustura nago nire errendimenduarekin. Gero bakoitza nolako sasoian dagoen txapelketan eta zuriz jantzita ikusten da. Ni ahalik eta partida onena egiten saiatuko naiz. Aurrera begira? Datorrena datorrela zerrendaburu zaila tokatu zaigu.
AUGUSTO IBAÑEZ, TITIN III.A
«Partaiden maila ikusita, edozein iritsi daiteke finalerdietara»
«Lau t'erdikoa bezalako txapelketa ireki batean ez dago faborito garbirik. Aurtengo partaideen maila ikusita edonor iritsi daiteke finalerdietara, gero han oso garesti egongo da finalerako txartela lortzea. Udako partidekin ez dut txapelketa prestatzeko betarik izan. Dena denoraindik 20 bat egun falta zaizkit lau t'erdiko entrenamendu zehatzak egin ahal izateko. Nik aspirazio handienekin ekingo diot txapelketari, baina lehen helburua lehen partida irabaztea da, gainera aurkaria edozein dela bi partida jokatuak izango ditu eta hori abantaila handia da. Aurtengoa ez da nire azken aukera izango, lau t'erdiko gehiago jokatuko baititut»
JORGE NAGORE
«Laugarrena? Neure helburua ez da errekorrak lortzea»
«Niretzat txapelketa garrantzitsua da, ilusio handia egiten baitit hemen jokatu ahal izateak. Sasoi momentu onean iritsiko naiz, urtero txapela lortzea zailagoa dela jakin badakit ere. Iazko eta aurtengo uda antzerakoak izan dira, partida gutxi jokatu ditut eta gehienak bigarren mailakoak. Zentzu horretan nahiko fresko iritsiko naiz. Oraindik ez dut gehiegi prestatu, zerrendaburuei hogei egun geratzen zaizkigulako. Laugarrena lortzea errekorra bada ere, ez diot garrantzirik ematen, errekorrak lortzea ez baita nire helburua. Lau t'erdian aritzeko bertute egokiak dauzkat eta ahalik eta urrunen iristen saiatuko naiz»