Egin beharrekoa ondo eginda daukala korrituko du Joane Somarribak gaur arratsaldean emakumeen iraupen proba. Ezer lortzeko derrigortasunik ez bazuen ere, lasaitasuna emango dio erlojupekoko urreak. Sopelakoa ezagututa, hala ere, asteazkenean erakutsitako sasoi ona baliatu nahiko du iraupenekoan ere dominen bat lortzeko.
Sasoi onaz gain beste egoera batzuk ere aintzat hartu behar dira. Probako bilakaera da garrantzitsuena. Ihesaldiak kontrolatzeko talde ona edukitzea ere funtsezkoa da, une erabakigarrian ondo kokatua egotea ere bai, eta zorteak eta erorketak saihestea ere funtsezkoa da. Horiek denak txirrindulari indartsuena makurrarazi dezakete.
123 kilometro ditu probak, eta ibilbidea ezaguna dute erlojupekoa korritu zuten denek. 12,3 kilometroko zirkuituari 10 itzuki emango dizkiote. Erlojupekoan igo zituzten mendate txiki biak igoko dituzte iraupenekoan ere. Somarribak iritzi argia eman zuen ibilbideaz. Ez da esan edo uste zena bezain gogorra, eta hori indartsuenen kaltean da.
Faboritoen zerrenda, mugagabea
Gizonen errepideko proban hautagaien zerrenda zehatza egitea zaila bada, are zailagoa da emakumeena egitea, ez baitira asko egun bateko probak emakumeen urteroko egutegian. Tourrak eta Giroak erakartzen dute ia arreta guztia eta ezin jakin zehaztasunez klasikozaleak diren edo ez hautagai sendoenak.
Somarribak iaz Zolderren lortu zuen emaitza da horren isla ezinhobea. Euskalduna txirrindulari erregularra da, itzuli handietan ematen du bere neurri onena, baina egun bateko probetan funtsezkoa den gabezia dauka: Somarribak ez du etapa garaile izaera, esprinta, abiadura, ez da bere dohainetako bat. Horregatik lortu zuen brontzea izaz, urrea lortzeko aukera edukita, eta horregatik hartu behar da aintzat Somarribak bakarrik edo bidailagun gutxirekin heldu behar dela helmugara, Hamiltongo Munduko Txapelketan beste dominaren bat leporatzeko.
Somarriba ez da probako euskaldun bakarra izango. Eneritz Iturriagaetxebarria alboan izango du. Abadiñokoak oso gustuko ditu egun bakarreko probak, klasikoak, oraino itzuli handietan eskarmentu gehiago badauka ere. Gaztea da Iturriagaetxebarria, baina bere nahierara moldatzeko askatasuna badu, emaitza ona lor dezake, Tourraren ostean atsedena hartu eta ondo prestatu baita gaurko probarako.
Beste hautagaietaz mintzatzea loteria jokatzearen parekoa da. Azken hiru urtetako podiumeak ezberdinak izan dira. Litekeena da txirrindulari onenak, Jeannie Longo, Nicole Brandli, Rasa Polikeviciute, Edita Pucinskaite, Susanne Ljunskog eta beste, garaipena lortzeko lehian egotea, baina litekeena da baita ere zerrenda horretan agertzen ez den norbaitek zintzilikatzea urrezko domina.
MUNDUKO TXIRRINDULARITZA TXAPELKETA
Gaurkoa zailagoa da
Somarriba eta Iturriagaetxebarria bizkaitarrek korrituko dute iraupen proba (18,45); 123 kilometro ditu ibilbideak, eta ez dago hautagai garbirik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu