Sei posizio, hainbat jaurtiketa. Kale egin arte, posizio bera. Marko Banicek (Zadar, Kroazia, 1984) lan saio guztietako liturgia bete du, kazetariarengana joan arte. Ohi baino tentsio apur bat handiagoa sumatzen zaio, urduritasuna, taldeak asko duelako jokoan. Azkar askatu da, baina. Partida lehenbailehen iristea nahi du, urte luzeetan lortu nahi izan duena lortzeko: Euroligako zortzi onenetako bat izatea.
Zer sentitzen du taldeko kapitainak klubaren historia laburreko partida garrantzitsuenaren atarian?
Sekulako ilusioa. Nire ustez, klub honek egun izan dezakeen ametsik politena da Europako zortzi talde onenen artean sartzeko aukera edukitzea. Zazpi urte daramatzat dagoeneko Bilbon, Euskal Herrian, eta iritsi nintzenean une honekin egiten nuen amets. Eta iritsi da. Oso egun polita izango da taldeko familia guztiarentzat. Helburu xumearekin ekin geniolako Euroligari: Top16an sartzen saiatzea. Behin sartuta, inork espero ez zuena lortzeko moduan gaude: final-laurdenak jokatzea.
Urduri al zaude?
Bai, apur bat bai, zergatik ukatu. Europako zortzi onenen artean sartzeak sari ikaragarria emango liguke: Moskuko CSKA. Jokalarioi aurrena, baina klubari eta zaleei ere bai. Bartzelonarekin batera Europako talde onena da, talentu gehien duena, baina Bartzelona ligan ikusteko aukera badago. CSKA ez, eta sekulako taldea da. Euroligakoa ez, NBAkoa. Itzela izango litzateke haien aurka jokatzeko aukera edukitzea, eta hori baino motibazio handiagorik ezin da eduki.
Gauza handia egin du taldeak, eta sailkatuz gero, zer esanik ez.
Hala da, bai. Ez dakit Euroligan lehen aldiz aritu eta final-laurdenak jokatu duen beste talderen bat egongo den. Taldekideekin txantxetan ari nintzen, eta esan diet sekretua Balkanetako talentua eta Euskal Herriko jendearen kemena, izaera indartsua dela. Ni erdi euskalduna naiz dagoeneko, eta hemen barneratu dudan nortasun horri esker naiz naizena, taldea bezala. Balkanetan geratu izan banintz, jokalari bigunagoa izango nintzateke.
Eta zer esaten dizu buruak? Nola ikusten duzu gaurko jardunaldia?
Esperientziak esaten dit ezin zarela sobera fidatu. Laster, Unicaja gaizki dagoela, hurrengo fasera pasatzeko aukerarik ez duela, faboritoak garela eta beste galdetuko didazu, baina tentuz jokatu behar da. Denok dugu gure estimua, gure harrotasun sanoa, eta haiek krisi bete-betean sartuta badaude ere, guk bestela pentsatu behar dugu. Gu garaitzeko gai direla, alegia, izaera handiko taldea delako eta zulotik irteteko gogoa izango duelako. Zer hobe Euroliga garaipen batekin agurtzea baino, ligan goranzko bideari ekiteko. Gauza bat garbi dugu. Pausoan jokatuta irabaziko dugula pentsatzen badugu, galdu egingo dugu. Beraz, tentsioa eta egurra, hasiera-hasieratik.
Unicaja nola dagoen esan duzu. Indartsu hastea, markagailuan alde polita lortzea pauso erabakigarria izan liteke haiek hondoratzeko.
Bai, gaizki zaudenean eta hasi eta berehala asmatzen ez duzula ikustean gehiago hondoratzen zarelako. Hitz egin dugu horretaz, eta egurrean kantxaratzea da gure asmoa, haiei garaipena ezinezkoa zaiela ikusaraztea lehenbailehen.
Jende askok esaten du Real Madrilek Malaga diruz sarituko duela, zuek garaitu eta haiek txartela jokatzeko, zuek baino presio handiagoa dutelako. Zer diozu?
Ez dakit, zaila da. Sienak ere asko dauka jokoan. Puntu gutxigatik galduta ere, multzoko lehena izango da, baina final-laurdenetan izango duen aurkariari bere etxean irabaztea zaila dela erakutsi nahiko dio, eta Real Madrilek menderatzen badu, ez du mezu hori helaraziko. Sienak gal dezake, hau kirola da; baina, orain dela astebete Miribillan nola jokatu zuten ikusita, ez dut uste haiek euren etxean garaitzea erraza izango denik. Hemen eman zuten egurra ematen badute…
Zenbateko garrantzia du Sienaren aurkako garaipenak eta jarrerak gaur Malagan jokatzeko orduan?
Handia, partida erabakigarria zela bagenekielako. Euren mailara jarri ginen gogortasunean, eta ematen zutena bueltatu genien, hemen irabazi nahi bazuten sufritu egin beharko zutela esateko. Talde lan bikaina egin genuen, eta Malagan ere antzera jarduteko prest gaude.
Kanpoan geratuz gero, zer?
Ufa! [isiltasuna]. Nola irabazi pentsatzen ari naiz orain, ez kanpoan geratuko garen edo ez. Kolpe handia litzateke. Behin hona iritsi garen moduan iritsita, kolpe mingarria. Oso urrun ikusten dut egoera hori.
Kapitain gisa, zer esan diezu taldekideei?
Urte asko daramatzadala hemen eta aurrez aurre daukagun aukera berriro izateko urte asko pasako direla agian. Agian ez, baina agian bai. Joan den sasoiko ligako finalarekin gogoratzeko esan diet. Final hark erakutsi behar digu bidea orain, eta aukera baliatzen asmatu.
Askok galdetzen dute zergatik izan den hain oparoa Marko Banicek Bilbon egindako bidea, zergatik geratu zaren hainbeste urte hirian eta taldean, baina taldearen bilakaera onak arrazoia eman dizu.
Bai, nik gaurkoaren moduko partidak jokatzeko erronkarekin hautatu nuelako Bilbo. Ez orain, orain dela zazpi urte. Proiektua azaldu zidaten, ze asmo zegoen, eta pausoz pauso bete dira orduko asmoak. Ni neu eta taldea batera hazi gara. Etorri nintzenean ume moko bat nintzen; bizarrik ere ez neukan. Orain ezkonduta nago, 3 urteko alaba bat daukat [Noelia], eta nire kirol ibilbidea Bilbon bukatzeko asmo sendoa dut.
D'Or Fischer gaur ez da ariko, min hartuta baitago. Jokalari garrantzitsua da.
Bai, taldeko onenetakoa izaten ari zelako eta asko baldintzatzen duelako aurkariaren jokoa. Ezustekoa hartu dugu, Murtziatik bueltan ez zeukalako arazorik, baina astelehenean antzeman zioten zuntz haustura. Nik neuk, Mavrok [Dimitrios Mavroeidis] eta Axelek [Axel Hervelle] bete beharko dugu haren hutsunea.
Murtzian galduta zoazte Malagara, sei garaipeneko bolada etenda. Eraginik izango al du porrot horrek zuen gaurko jardunean?
Ez dut uste, kontu bat delako liga eta beste bat, oso ezberdina, Euroliga. Halako zerbait gerta zitekeela sumatzen nuen, genuen, Siena menderatu ostean lasaitu egin ginelako apur bat. Oso partida gogorra izan zen italiarren aurkakoa, eta nekatu samar joan ginen Murtziara. Haiek, berriz, asko zuten jokoan, eta bazekiten gu nekatu samar egongo ginela. Talde apalek garai hauetan nahi izaten dute ustez hobeak garen taldeon aurka jokatu, badakitelako Euroligak asko eskatzen duela. Dena den, Murtzian irabaztea ez da erraza. Talde ona du, sailkapenaren zuloan egonda ere. Liga bukatu bitartean talde gutxik irabaziko dute han.
Marko Banic. Gescrap Bizkaia taldeko jokalaria
«Gaurkoaren moduko partidak jokatzeko hautatu nuen Bilbo»
Handia egiteko gertu direla, pentsatu ere ez du egin nahi Euroligatik at geratzeko arriskuan. Ziur da Unicajak garaipena garesti salduko duela eta Sienak ez diola oparituko sailkatzeko aukera Real Madrili.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu